Gutxiago gehiago al da? Disko honetan abestietan harira zoazte…
Abesti zuzenek eta sinpleek indar handia hartzen dute. Une honetan behar izan duguna zen. Akustikoki funtzionatzen duten abestiak egin ditugu eta gero instrumentu guztiekin handitzen direnak.
“Negua atzean uztea” gogorra izan al da? Hitzetan erreparatuta, badirudi atsekabetasuna bizi duzuela, baina hortik indartuta irten zaretela.
Negua bera testualki gogorra izan da, baina diskoa egitea eta bizi izan duguna ere oso polita izan da. Estudioan ia hilabete eta erdi eman eta nekatuta bukatu genuen, lanarekin tartekatu genuelako. Denbora piloa pasatu dugu moldaketak sartzen, ahotsak, gitarrak, teklatuak…
Aurkezpen kontzertuan, Kukutzan, 1.000 lagunen aurrean aritu zineten. Profetak zarete zuen herrian? Denbora luzeko lanaren emaitza da?
Ez dakigu profetak garen, baina oso gustura egon ginen eta gau ederra izan zen. Hamahiru urtean jo eta fuego jotzen eta lan egiten, askok lortu dezakete herrian profeta izatea. Egiten duzuna barne-barnetik ateratzen baduzu, setatia bazara, ematen du gauzak bere lekuan jartzen direla. Beste hainbeste egiteko prest gaude, oso gustura gaude egindako bidearekin eta orain ere asko disfrutatzen gabiltza.
Lan honetan teklatuak are eta nabarmenagoak dira. Zer giro eta sentsazio lortu nahi izan dituzue?
Morphina disko nahiko zikina zen, gordina. Disko honekin borobiltasuna nahi genuen, geruza ezberdinak, gozotasuna. Horretarako, teklatuak, gitarrak eta ahots ezberdinak sartu ditugu borobiltasun hori lortzeko.
Topikoa da esatea Zea Maysek melodia, indarra eta emozioa batzen dituela, baina egia borobila ere bada. Zein gailentzen da horietatik?
Uste dugu denak
Era berdinean konbinatzen ditugula, zuzeneko indartsu eta emozioz beterikoak egiten, barruan ditugun gauza guztiak ateratzen eta hori guztia melodiarekin.