Beste modu batean

Inma Errea
Film batzuek arrastoa uzten dute. Gogoan dut The Picture of Dorian Gray, Oscar Wilde-ren nobelan oinarrituta 1945ean egindako filma (bertsio berriagoak izanda ere, nire oroimenak bertsio zahar horri eusten dio). Azaroaren 7an, Anjel Lertxundik hartu zuen hizpide, Hitz besten, Berlusconiz ari zelarik. Agian horregatik etorri zait gogora orain.

Filmean, Dorian Grayk irudi perfektua gordetzen du, inongo estetika-etxetara jo beharrik gabe: haren ordez, bere etxeko gela ilun batean ongi gorderik duen erretratua zahartzen da. Erretratuarena, ordea, ez da zahartze arrunta, adinaren zantzuez gain, Grayk egiten dituen ankerkeria guztienak ere bereganatzen baititu. Hiltzen denean, haren eta erretratuaren irudiak alderantzikaturik ikusten ditugu. Grayren hilotzak denborak eta jabearen txarkeriak utzitako markak bereganatzen ditu, eta erretratua, berriz, Gray gazte eta eder baten isla da berriro.

Lertxundik Berlusconi aipatzen zuen, baina nago Gray asko daudela gure munduan, batez ere, boterearen agertokietan. Egunero-egunero hedabideetan ikusten ditugu, dotore jantzita, diskurtso biribilak egiten, eta guri, herritar arruntoi lezioak ematen. Haien sosak eta gureak ausarki gobernatzen dituztenek guri esaten digute kontuz ibiltzeko gastatzen dugunarekin, bestela paga jaitsi edo kendu beharko digutelako. Gu ume gaizki heziak gara haientzat, eta munduan gertatzen diren gabezia eta zorigaitz guztien errudun egin nahi gaituzte. Eta iradokitzen digute haiek meritu handiagoak egin dituztelako iritsi direla hor egotera, gure gainetik. Hori horrela, haiek bezala saiatzea edo konformatzea beste biderik ez dugula sinestarazi nahi digute.

Telebistan edo egunkarietan halakoak ikusi eta haien diskurtso zuriak entzuten ditudanean, sutan sentitzen dut odola, eta kontsolamendua hartzen dut pentsatuta horiek guztiek, Grayren antzera, erretratuak dituztela, zeinek berea, gela ilun batean ongi gorderik, non, amorruz, jende xeheari egindako aldrebeskeria guztien lekukotasun zehatza jasota ikusi beharko dute, noizean behin.

Kontsolamendu tentela da, hainbeste bidegabekeriaren aurrean ezin ezer egitearen suzedaneo hitsa. Zaila da, ordea, lotsagabekeriei aurre egiteko modu on bat asmatzea.

Zaila bezain beharrezkoa da, ordea, modu berriei ekitea. Egun baliatzen ditugun eta baliatzen gaituzten pentsamoldeei ihes egin eta beste modu batean pentsatzen eta egiten hastea. Badira adibideak historian, baina ez zaie muntarik ematen. Gandhi, adibidez, bakezale handia izan zen, baina bere manera sotilekin inperio oso bat urduritu zuen. Hori gutxitan azpimarratzen da. Noiz edo noiz, baten batek nagusikeriei aurre egiteko metodo leun bat asmatzen du, hankaz gora jarriz guztiek finko eta tinko jotzen zutena. Ohitu gara pentsatzen gauzek beti berdin segitu behar dutela. Hala izango da agian, baina hasi beharko genuke zirrikituren bat irekitzen beste aukera batzuei, gure pentsuek beti hartzen baitiete aurre gure ekintzei.

Hasteko, helarazten dizkiguten mezuak kolokan jar ditzakegu. Galdetu, adibidez, zer on dakarten auto handi distiratsuek, diseinuzko etxe dotoreek edota luxuzko jantzi eta osagarriek.

La guerre du feu filmean bezala suaren antzeko ondasun funtsezko batengatik gorriak ikusi edota besteei bereak eta bi emateak zentzuren bat izan dezake, baina, zer zentzu dauka besteak zapaltzen ibiltzeak, gero, Madoffen antzera, etxeko zapatilak urrean brodaturik izateko?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude