Mallinaltzin-CC By Sa
Ohio-ko Unibertsitateko (AEB) Laura Fonken eta Randy Nelson ikerlariek behatu dute gauez argiaren pean dauden saguak gauez ilunpean daudenak baino %50 gehiago gizentzen direla, itxura batean guztiek antzeko janari kantitateak jan arren.
Gaueko argitasunak desordutan jatea eragiten bide die saguei, eta horrek gizentasuna eragin, ohiko orduetan jateak ez bezala. Beste proba batean, ikerlariek argiaren pean eduki zituzten sagu batzuk, baina janaria ohiko orduetan baizik ez zieten eman. Haiek ez ziren loditu gauez ilunpean zeudenak baino gehiago. Hala, ikerlariek uste dute gorputzak era desberdinean metabolizatzen duela une batean edo bestean jandakoa. Zehatzago esateko, gaueko argitasunak metabolismoan parte hartzen duen hormona bati eragin diezaiokeela pentsatzen dute.
Proba hauek gizakiarekin egin nahi dira; bitartean, saguekin gertatutakoa estrapolatuz ondorioztatu daiteke berandu afaltzeak edota gauez lan egiteak metabolizazio desberdinetara eraman gaitzakeela, gizentasuna eraginez.