argia.eus
INPRIMATU
Autokonpostatzea
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2010ko azaroaren 28a

Aditu, erakunde eta eragile guztiak ados dira autokonpostatzea dela hondakin organikoa tratatzeko modu burutsu eta garbiena. Materia ustelgarria norberak etxean konpostatzen du, eta ondorioz, energia eta dirua aurrezten dira, eta osasunarentzat nahiz klimarentzat arazoa izan litekeen materia organikoa, zirkuitutik kanpo geratzen da. Konpostaren kalitatea karbono/nitrogeno erlazioak baldintzatzen du eta nahikoa da konpostatze prozesuari karbono gehiago emango dion zerrauts, ezpal eta halakoak botatzea kalitate txukuneko produktua lortzeko.

Autokonposta betidanik egin izan da etxe eta baserrietan, baina urte batzuetatik hona, erakundeek prebentzio metodo hori bultzatu izan dute herritarren artean. Gipuzkoako Aldundiak 2005ean hasi zuen autokonpostadorak banatzeko kanpaina eta egun 8.000 baino gehiago banatu ditu mankomunitateen artean. Bizkaian, Uribe-Kosta, Txorierri eta Enkartazioetan egindako kanpaina eta ikastaroekin 3.000 kilo konpost bildu zen 2009an eta Nafarroan, etxeko konpost hoberena saritzeko ekimena antolatu berri dute Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak –2006tik egiten dituzte horrelako kanpainak–. Dena den, oraindik oso kopuru txikitan egiten da autokonposta. Nafarroan, esaterako, 2.037 familia ari dira ofizialki sistema hori erabiltzen, erkidegoak dituen 620.000 biztanleren artean.

Zenbait lekutan baina, anekdota hutsa izatetik hondakin kopurua murrizteko faktore garrantzitsu izatera pasa da autokonpostatzea. Oiartzunen, adibidez, 3.600 familiatik 600 inguruk egiten dute konposta etxean eta hilean 33.000 kilotik gora hondakin organiko ateratzen omen dute zirkuitutik. Hernanin eta Usurbilen ere zifra ikusgarriak lortu dira atez ateko bilketa hasi aurretik egindako kanpainetan. Besteak beste, zabor tasan %40ko hobariak dituzte herri horietan autokonposta egiten dutenek.