argia.eus
INPRIMATU
Artxandako tunelaren iruzurra
Juan Mari Arregi 2010ko azaroaren 23a
Azkeneko egunetan jakin da Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako tunelaren kontzesioa erreskatatu behar izan duela. Ikusirik, zortzi urteko esplotazioaren ondoren, emakidadunak hondoa jo behar zuela, 66 milioi euro jarri ditu Aldundiak bizkaitar guztien poltsikoetatik. Emakidaduna Tuneles de Artxanda SA da. Hari esleitu zitzaion, bere garaian, Bilbo eta Txoriherri lotzen dituzten tunel horien eraikuntza, kontserbazioa eta esplotazioa, 2048. urtera arte. Aldundiko azterketa teknikoek aurreikusitako erabilera kopurua puztuta zegoen, tunelaren eraikuntza justifikatzeko, eta hortik sortu da egoera larria. Errepublika garaitik zegoen tunela egiteko asmoa. Egunean 36.000 auto igaroko zirela esan bazen ere, 15.000 baino ez dira tunela erabiltzen dutenak, 2007tik aurrera tarifetan deskontuak egin diren arren.

Ez da harritzekoa hainbat sektorek, bereziki ezker abertzaleak, benetako “iruzurra” eta “eskandalu”tzat jotzea azpiegitura honen eraikuntza eta kudeaketa kaskarra. Serioski eta zorrotz ikertu behar da zer gertatu den inbertsio horrekin. Zein dira hain errentagarritasun ekonomiko baxua duen inbertsioaren arduradun? Nork egin zituen errealitatetik hain urrun dauden erabiltzaileen aurreikuspenak, zarrastelkeria ekonomiko hori ekartzeko? Zer du esateko Bizkaiko Foru Aldundiak? Zer esan eta egin behar du BBK-k, emakidadunaren bazkide nagusienetako gisa? Eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak? Zeinek dimititu behar du kudeaketa negargarri eta “iruzur” horrengatik?

Eta zer jazoko da Supersur-aren aurreikuspen eta kudeaketarekin? Artxandako tunelekin gertatutakoa abisua da Supersurrarentzat! Denborak esango du!