Nor da X?

  • Iragan da azaroaren 13a, iragan da Xilabako (XIberoa, LApurdi eta BAxenabarreko) xapelketa. Ekhi Erremundegi, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Joanes Etxebarria, Xumai Murua, Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta eta Odei Barrosoren finalak, ordea, segitzen du izaten orainean, oroitzapenak utziko baititu nik uste. Giroaren begiratzea aski izango da. Beharbada, tokiak nahiko zuen, ibiagoitzekoa jai alaia izan baitzen, beti xapelketak eskaintzen duen giro serioan segituz.
Amets Arzallus txapela jasotzenGaizka Iroz/Betsularien Lagunak Elkartea
Denak adi, denak gozamenean hartuak, denak X ezagutzeko zain. Xapelketa XXX lelopean jarria, X bakoitzak erranahi anitz izan ditzakeela erakutsi digu Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkarteak. Lehenik, Xiberua, Baxe Nafarroako eta Lapurdiko probintzien izatea markatzen dute, nahiz finalean, bi X baizik ez izan, Baxe Nafarroa ez delako oraindik finalera ailegatu. Baina, hau izan daiteke aurtengo urrats berria, bigarren Xren agerpena finaleko oholtzan. Urte bakoitzak bere berezitasuna du. X, baita Xapelketaren “X” da ere, Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Xiberuan errotutako Xapelketa, bertako nortasun bat, hemendik gaindi Txapelketa delako. X ezezagunarena izan daiteke baina ez matematiketako ekuazioetan bilatzen den x perfektuarena, ekuazioaren emaitza bertsularitza delako, hau emaitza zehatz bat izan gabe, baina, zabala eta pertsona bakoitzak bere x desberdina duelako. Beharbada Amets X xapelduna, beharbada lehen aldikotz finalean agertzen den probintziako Joanes X, beharbada buruz-burukoan Ametsekin agertu den Odei X...

X batean X bikoitza

 


Entzuleak, X berri bat nabarmendu zuen euskalkian, zein euskalki honen jabe den pertsonak ideien eramateko duen indarkerian. Xiberuako irudi bezala agertu zen Joanes Etxebarria. Hau berrikuntza bat da eta berri on bat, erakusten baitu, Lapurdi ez ezik, bertsularitzak garrantzia hartu duela, Maule inguruan batik bat. Haatik, honek ez du ahantzi xiberutarra izateaz gain, Bizkaiko odola ere baduela oroitaraztea bere bakarkakoan, hitzari erantzunez. Baina, bi elementu hauek itxurak baizik ez direla adierazi du, euskalduna delako oroz gainetik. “Izatez euskalduna niz eta/ bestia itxura baizik”.

Publikoak gustura hartu zituen Joanesen bertsuak, hauek berezitasuna ez baitzuten falta. Kanporaketa eta finalerdietan jadanik, ideia berrien ekartzeko duen ahal honen erakustea ez zitzaion ahantzi bertsulari berriari. Hastapenetik bere aztarnak utzi zituen, zortziko handian Amets Arzallusekin ukan zuen ofizioan: “Biak, igandero, mezara zoazte. Gaur, betiko apezaren ordez, apez gazte bat agertu zaizue”. Ametsek apez berria maite zuela komentatu bazuen ere, Joanesek apeza aldatuz ere, meza berdina egoten zela ohartarazi zuen, erlijioaren prediku monotonoei erreferentzia eginez, agian. Odei Barrosorekin eginiko seiko motzeko ofizioan, bikote bat osatzen zutela, XX gomita bat jaso zuten.  Odei joatekotan zen, baina, Joanes ez. Lehenak, konbentzitzen zuela “eta ezartzen ahalko diozu hirugarren X”-rekin bukatuz, besteak zuzendu zuen “ez dük bertsuen gomita bat, hau dük erotikua” ihardetsiz. Bere publikoa egin zuen. Baina, batzuetan, entzuleak bertsularitzako Xiberu berriaren irudia gehiegi jartzen ziola zirudien. Bakarkakoan, gaia emanda, azken lerroa bukatu gabe jendea txaloka hasi zitzaion, aitzinekoa umorezkoa izan baitzen. Dena den, goresmenak hari eta Xiberuari!

Erantzukizunezko erantzunak

Bertsulari batentzat, bertsu bat egitea gaiari erantzunez zerbait da, aldiz, ofizioko kideari erantzutea, beste zerbait. Ez dezagun ahantz, ofizioak ekarrarazten duen bidea elkarrizketa dela funtsean eta, usu, entzule batek bertsu bat ontzat hartzen duela aintzinekoari erantzuten diolako. Gisa guziz, finaleko bertsulariek, orokorrean, ez zuten ahantzi ezaugarri hori, elkar entzutezko saioa izan baitzen. Adibidetzat hartzeko, zortziko nagusiko hirugarren bikotean, Odeiek Eneritzen kezkei erantzuten zien, biak presondegiko pasabidean elkarri atzeman ziotela. Eneritz: “Nola (eg)iten da gauean ziegan/ ez bakarrik sentitzeko?”. Odei: “Hamaika aldiz irakurrita/ igorritako gutunak”. Hau erantzun irringarria izan zen, bere aitzineko bertsuan, Odeiek, presondegian hamar urrats egiten zituela aurrera eta atzera erran eta gero, hamar zenbakiaren hurrengoa zein zen ez zekiela aitortu zuelako.

Ondotik, distantzien arazo erreala dela-eta presoen hurbilekoentzat, Eneritzek galde egiten zuen Pariseraino oso-osorik etorriko ziren. Odeiek ez zuen denborarik galdu ihardesteko: “Gure bihotzen artean ez da/ kilometrorik jartzen (ah)al”. Bestalde, Xumai eta Sustrai norgehiagoka ari izan ziren hastetik buru seiko motzean. Sustrai Xumai bere auzokidearengana zihoan, bere etxeko arbolak, Sustraik jarritako plaka fotoboltaikoei itzala egiten baitzien. Xumaik jarri baino lehen gehiago pentsatu behar zuela bota zion, bere aldian, Sustraik, bere teilatua ez baina bere arbola bota zitekeela ohartaraziz. Xumaik soluzio gisa eta umore handiarekin, ispiluak jarri behar zirela adarretan pentsatu zuen. Ispiluek argia hartu bazuten ere, bere auzokidea ere iluminatua zela kantatu zuen bigarrenak.

Ezin genuke baztertu ere, saioan zehar erakutsi den maila, bertan, ez bakarrik azken lerroari garrantzia emanez. Ideien loturek, arrazoi garbiak ekartzen zituzten, azkenean, bukaerako ondoriora heltzeko. Modu honetan agertu zen Xumai, aintzineko saioetan baino seguruago eta ideia ederrekin ere. Gainera, Joanesek ere teknikoki hobekuntzak egin zituen, kanporaketa eta finalerdiari konparatuz, betiko umorea atxikiz. Zailtasunekin agertu arren, Mirenek, bere abantailarako jokatzen dituen ideiak ongi konektatuak zituela nabarmendu zitzaion Sustraiekin eginiko ofizioan, hamarreko ttipian. Gauza da, egun guziak desberdinak direla bertsularitzan, izan dadila gaia, gogoa, prestakuntzaren arabera. Gaiak onak izan ziren, serioak eta umorezkoak tartekatuz. Batzuetan, gehiegi luzatzen ziren, bukaeran elementu gehiegi sartuz eta aitzineko saioetan bertsulariei emandako puntuak zabalegiak izanez. Bestalde, azpimarratu behar da gaietan saihesten ahal zen erdaldunkeri bat: “patioa”, Odei eta Eneritzen ofizioan. Ez dut pentsatzen bertako entzule guzien ulermenekoa izan zela hitza, gainera, espainoletik hartua den hitz batentzat. Jendeak “pasabidea” hitza ere biziki ongi ulertuko zuen. Nahiz gorabehera batzuk izan, saioa izugarria eta ederki apaindua izan zen.

Ametsei eutsi, Ametsi eutsi

Anitzen ezustekoa izan zen, buruz burukoan kantatuko zutenen izenak Joana Itzaina gai emaileak ahoskatzerakoan. Odei agertu zen Sustraien aurrean Ametsekin aritzeko. Hauek dira xapelketa bateko sorpresak, bainan, leku hori merezi zuen bertsolari gazteak eta bere lekua hor zeukala ere biziki ongi erakutsi zuen. Lehen ofizioa pasa eta, etorri zen kartzelako lana. Hitza, “korapiloa” izan zen. Biak neurri korapilatsua jorratzen jakin zuten eta ideia berdintsuarekin bukatuz, hau da, korapiloaren askatzea. Biek argi eta garbi azaldu zuten bederatzi puntuko motzean eginiko bertsua, jendeak gozatu zituen bi botzekin. Baina, gehienak hunki zituena Ametsena izan zen, bukaera ez ezik bere osaketa bete-betea zelako. Bi estatuetan preso den herri honen egoera metafora batean eman zuen, korapiloak egiten biziki ongi ginakiela adierazi ondotik. Bere kantatzeko erak bukaerako sei silabako lau lerroak erraztasun konparaezin batekin lerrarazi zituen pilotaleku osoan barna. (ikus koadroa)

Gaiari erantzutean, Odeik xapelketa honetarako prestakuntza handia erakutsi zuen. Gaia, iragarki bat ikusi zuela “etorkizuna zure eskuetan dago” idatzirik, hiru bertsu osorekin, ideia berriak ekarri zituen aldiro, azkenean, etorkizuna bere eskutan hartzen saiatuko zela aitortuz. Odei izugarria izan zen, saio osoa lasai eramanez, aipatzekoa den segurtasun batekin. Ametsi eusteko azkarrean agertu da, bainan azken finean, aurkari honek ezin eztabaidagarriak diren bere maila eta esperientzia ez ditu sakelean atxiki, bigarren aldikotz Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuako xapela janzteko. Amets izan da lehen, bertsolaritza izan da garaile! Denen buruan egon dadila egun hori!

Ea bi urte baino lehen, beste hitzordu batzuk finkatzen ditugun bertsoen gozatzeko plazan!

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude