Zer “pasaporte” behar da hainbeste herritako problematika jasotzeko?
Bidaiatzea eta hizkuntza zapalduak dituztenen berri jakin nahi izatea. Batzuetan espresuki grabatzera jo dugu, beste batzuetan kontzertuak egitera… Diskoak ahots eta kolore ugari ditu. Ahalegindu gara kanpora jo dugunean hangoa ezagutzen eta hangoek gurea ezagut zezaten. Lortu dugulakoan nago eta hori guretzat truke-sortze esperientzia ikaragarria da. Baina pasaporte hori 2011rako behar dugu, apirilean hasita kanpora asko jo behar dugu-eta.
Udan zuzenean gehientsuen aritu den taldea zarete. Nola bizi izan duzue?
Aurten 70 kontzertu egin ditugu, eta jada ezetz esaten gabiltza. Esne Beltza martxan jarri genuenetik kristoren booma izan da, harrituta gaude. Lehenengo lanarekin jende gaztea etortzen hasi zen;
Esne Zopakekin jende edadetua ere batzen hasi zen; eta
Noarekin baita oso gaztetxoak ere. Egia esan, adin nahasketa hain handia ikusteak asko pozten gaitu.
Ez dut gogoan halako kutsu jamaikarrik izan duen Kilometroak-eko kantarik…
[Barre egin du]. Egia da. Oso argi genuen alaia eta mugiaraziko zuena izan behar zuela eta guk oso gustuko dugu ska-roots ildoa.
Kilometroak, Udalbiltza, Donostiako Piratak eta beste hainbat herri-ekimenetako kantak idatzi berri dituzue. Nekaezinak zarete?
Baita Gazteherriarena ere. Hala suertatu da. Gugana jo dute eta neka-neka eginda geunden, baina guk ezin dugu ezetz esan, ekimen horietan sinisten dugulako. Are gehiago, kanta horietako bakoitzarekin oso harro gaude.
Nafar erreinuaren bertsioa oso berezia da. Nola bururatu zitzaizun?
Esne Zopak lanerako egin nuen, baina DVDan dator, kredituetan, eta berreskuratzeko eskatu zidaten. Aitaren eta amaren etxea esne-saltzaileen lanbidearekin lotzen dut, galtzear daudelako. Beirut taldearen abesti baten tronpetaren melodian oinarritu nintzen.