Denbora galtzea, arrakastaren giltza

  • Nicholas Negroponte Internet munduko guruak El País egunkari espainiarrari:
    “Ez dut uste Twitterrek asko iraungo duenik”. Zeresana eman dute hitz horiek,
    iragarle fina dela erakutsi baitzuen Negropontek 1995ean argitaratutako Being digital liburuan –besteak beste, pantaila ukigarriak eta tinta elektronikoa aurreikusi zituen–.
    Oraingoan arrazoirik ote duen, hori beste errota bateko ura da.
Denbora asko galtzen dela esanda iragarri baitu Negropontek Twitterren gainbehera. Mezu laburrak erraz igorri ahal izatea interesgarria iruditzen zaio, baina Facebook “askoz erabilgarriagoa” da berarentzat. Irakurlea harritu egiten da horrelako baieztapenak leituta, sare sozialen erabiltzaile den edonor jabetu baita Facebook ere oso tresna aproposa dela orduak alfer-alferrik xahutzeko. Twitterren baino aukera gehiagorekin, gainera: argazkiak, bideoak, taldeak, bat-bateko mezularitza... Horren aldean testuketa pixka bat baino ez du eskaintzen Twitterrek.

Baina demagun baietz, Twitterren erabiltzaileek denbora gehiago galtzen dutela gainontzeko Interneteko erabiltzaileek baino. Hemen proposatuko duguna da, horrek ez duela ezer porrotera eramaten Interneten, juxtu kontrakora baizik. Jean Baudrillard soziologo frantziarrak Kontsumo gizartea saiakeran azaldu zuen egoki: zibilizazio guztiek gorde dute beti zarrastelkeria kuota bat. Gehiegizko gastua, luxua, kontsumoan oinarritutako kapitalismoaren berezko ezaugarria da. Eta denbora da, beharbada, gizarte-eredu horren ondasun preziatuenetakoa: minutuek dirua balio dute eta alferrik galtzen ibiltzea, luxua da. Twitter, beraz, bizi dugun garaiaren luxuzko produktua da. Denek lortu nahi duten gutizia. Horrek ziurtatzen dio arrakasta.

Kafetegi inkonformista baten alde

Baina argitalpen honen irakurleak espero du bestelako zerbait. “Ez ziren ba Argiako kazetariak hain konformistak bihurtuko!” dio bere baitarako. Ez ba. Baina torlojua estutzen hasi aurretik aldizkari honetan publikatutako artikulu bat leitzeko proposatuko dugu. Nagore Irazustabarrenak 2.155. zenbakian argitaratutako Iraultza kafeinatuak du izena eta esplikatzen du nola XVII. eta XVIII. mendeetako Europan kafetegiak hezkuntzarako, hausnarketarako, negoziotarako eta asaldura politikorako gune izan ziren. Tom Standage historialariak egin zuen konparazioa erabilgarria zaigu: “Kolektiboki, Europako kafetegiak Arrazoiaren Aroko Internet izan ziren”.

Baina Arrazoiaren Aroan hitz asperturako, denbora-pasarako eta nagikeriarako ere elkartuko ziren herritarrak kafetegietan. Kontua ez baita non. Norekin eta zertarako baizik. Eta –zalantzan gaude paralelismoa esplikatu behar ote dugun baina– berdin gertatzen da sare-sozialetan. Twitterreko ateak denbora galdu alde zabaltzen dituenak entretenimendu faltarik ez du izango: geroz eta gehiago dira, Negropontek esanak esan, sare horretan txioka ari direnak. Baina kafetegi guztietan bezala, elkarrizketak askotarikoak dira. Fribolitate handiena entzuten den mahaiaren alboan dago eztabaida sakonena. Horregatik, bestelako asmoak dituenak ere derrigorrez hartu behar du noizbait kafea barra horretan. Besterik da, behin zerbait antolatzen hasita, erdiguneko modako lokalean barik, ez ote den hobe leku ezkutuago batera joatea, zer gerta ere.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude