Burua altxa berritan dator estualdia

  • Ipar Euskal Herriko ikastolek 40 urteko ibilbidea daukate. Lehenengo 25 urtetan ilegaltzat hartu zituen Frantziako Gobernuak. Seaskaren azkenaldiko filosofia ondokoa da: borroka legalak Iparraldean irabazi, eta gero izango dute eragina Parisen.
Junkal Amores
1969an abiatu zen Seaska. 25 urtez ilegala izanda gero, 1994an legalizatu zituen Frantziako Gobernuak tokiko hizkuntzetan aritzen ziren eskolak; hala nola, Seaska, Diwan (bretoieraz), Bressola (katalanez) eta Calandreta (okzitanieraz). Hezkuntza ministroa hizkuntza gutxituetan hunkitua izateak balio izan zuen lege hori sortzeko, izan ere François Bayrou ministroa okzitandarra zen eta hari esker lortu zuten ikastolek lege babesa. Ikastolek eskola pribatuen kategoria hartu zuten. Urrats handia izan zen, baina are handiagoa eman zen 2009ko ekainean. Euskararen Erakunde Publikoak eta Frantziako Hezkunde Ministeritzak akordioa sinatu zuten hiru urteko egitekoak zehazteko. Akordio horretako hitzaurrea da ordea, Seaskarentzat berebizikoa. Lehenengo aldiz eremu juridikoan jaso zen ikastolen bereizgarria. 1994an eskola pribatu gisa ageri dira Seaskako ikastolak, alegia, beste edozein eskola pribatu arrunt gisa. 2009koan berriz, ‘murgiltze’ hitza ageri da, hau da, akordioak jasotzen du ikastolak D ereduan irakasten duten eskolak direla. Lehen aldiz onartu zitzaion Seaskari euskaraz aritzen zen eskola zela.

Abokatua herriko etxeen diru-laguntzak jasotzeko

2009ko aurrerapausoa ondo gogoan du Seaskak, aldiz, legeak interpretatzeko modu anitz dago eta sarri Gobernuak eta Seaskak ez dute bat egiten interpretazio horietan. Testuinguru horri atxikita Seaskarentzat borrokarako gakoak diren bi gai aipatuko ditugu: eskolen funtzionamendua eta inbertsioak. Ateak adina maratila dituzte biek, ea korapiloak askatzea lortzen dugun.

Funtzionamenduari helduko diogu lehenik. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ezer baino lehen gauza bat utzi digu argi: Seaska legeztatzea ondo dagoela, baina eskola pribatuaren ezaugarripean jartzea eztabaidatzekoa dela, izan ere, Seaskak egiteko publikoa du: euskara salbatzea.

Funtzionamenduaren tripak azaltzeko kontuan izan behar da eskolak nork kudeatzen dituen. Herriko etxeek 12 urtera arteko haurren ardura dute, kolegioak (12-16) Kontseilu Orokorraren menpe daude eta lizeoak (16-18) Akitaniaren esku. Seaska duela gutxi hasia da herriko etxeen atzetik, beraien ustez dagozkien diru-laguntzak jasotzen ez dituztelako. Adibide batekin esplikatuko dugu ondoen: Baigorrin (Nafarroa Beherea) bada eskola publikoa, eskola kristaua edo giristinoa eta ikastola. Haur baigorriar bakoitzak erabaki dezake non ikasi nahi duen eta gero herriko etxeak haur bakoitzeko hainbat diru jarriko du eskola horrek urtean zehar dituen gastuak betetzeko. Eman dezagun gurasoek nahi dutela haurrak euskaraz D ereduan ikastea, eta eskola publikoak eta kristauak hori bermatzen ez dutenez, ikastolara eraman dutela. Haurrak 6 urte bete ditu eta ezin du Baigorriko ikastolan jarraitu, adin horretatik gorako mailarik ez dagoelako. Beraz, gurasoek Ortzaizera eraman dute umea hango ikastolan jarrai dezan.

Seaskaren ustez, haur guztiak berdin tratatu behar dira, eta beraz, eskola batean edo bestean ikasi, herriko etxeak haur bakoitzeko kopuru bera eman beharko luke. Kontua da, adibide honetan, baigorriar haurra Ortzaizera eraman dutela gurasoek eta herriko etxeak haur horri zegokion diru-laguntza ez duela emango. Gainera, gurasoei esango die ez zeudela derrigortuta haurra herritik ateratzera, eskola publikoan tokia baitzuen. Ortzaizeko ikastolara inguruko hamaika herritako haurrak joaten dira. Ehun ume inguru dira eta horietatik hogei bertakoak. Donibane Garazikora hamaika-hamabost herritakoak doaz, Maulekoan hogei herritako ikasleak daude. Ikasle horientzako egon beharko lukeen dirua ez doa inora. Indok bi arazo ikusten ditu hor: batetik, ikastolak galtzen ateratzen dira nabarmen, azpiegitura ezagatik herrian bertan eskolatu ezin dituzten haurren dirua galtzen dutelako, eta bestetik, berdintasunaren kontzeptua ez du betetzen Frantziako Gobernuak; Ortzaizeko, Donibane Garaziko eta Mauleko ikastolek, esate baterako, beste batzuek baino baliabide dezente gutxiago dituzte, herrikoak ez diren umeentzako diru-laguntzarik jasotzen ez dutelako. Herriko etxeek ordaindu gabe uzten duten diru kopurua bi edo hiru Herri Urratsetan jasotakoa adina da. Diru-galera itzela ikusita erabaki sendoa hartu dute: “Hemendik goiti biziki zorrotzak izango gara, Seaskak lehen aldiz esparru juridikoan lan egingo du, abokatuarekin hasi gara lanean. Bi-hiru urtez oso pedagogikoak izan gara eta aurten erabaki dugu beste maila batera joatea, gure abokatuak izango dira pedagogikoak”. Herriko etxe guztiek ez dute bestaldera begiratzen. BABen adibidez, Biarritzek, Angeluk eta Baionak hitzarmena dute eta horri esker hiru herriko etxeek bertako haur guztien diru-laguntzak ordaintzen dituzte, non ikasten ari diren kontuan hartu gabe.
Prefetak dio adreiluetarako dirurik ezetz

Aipatu dugu Seaskaren erronka handietako bat, urteroko diru-laguntzak nola atxiki. Bigarren erronkak adreiluekin dauka zerikusia, formalago esanda, inbertsioekin. Eskola pribatuen legeak hala dio, herriko etxeek, Kontseilu Orokorrak eta Akitaniak ezin die inbertsioetarako, eraikin berriak egiteko, dirurik eman eskola pribatuei, edo oso gutxi. Seaska bete-betean harrapatzen du legearen agindu horrek, hain justu, eraikin berriak etengabe egiten ari delako. Ikasle kopurua urtez urte gora doa; esate baterako, aurten 180-200 haur gehiago aterpetu behar izan dituzte. Duela bost urte, Kanboko (Lapurdi) eskola berria ireki zuten 120 ikaslerentzat, pentsatuz nahikoa izango zela, bada, aurten handitu egin behar izan dute 150 haur hartzeko. Ikasle kopuruaren emendatzea esponentziala da. Datozen urteetan, hamabi milioi euro kostako den lizeoa eraiki nahi dute, Xalbador kolegioa berritzeko bost-sei milioi euro beharko dituzte eta beti bezala hainbat ikastola berri egingo dituzte. Alabaina, legeak argi dio eskola pribatuei ezin zaiela dirurik eman eraikinak egiteko. Paxkal Indok honela esan du: “Gobernuak dio lege gehiagorik ez dela behar tokiko hizkuntzak sustatzeko, konstituzioak jasotzen duenarekin aski dela, bada konstituzioa aplikatuz eskola pribatu gisa lagundu beharrean ordain ditzatela ikastolak ondarearen izenean, hizkuntzaren alde lanean ari garelako. Nik apustu hori egingo nuke, baina badakit ez dela pasatuko”.

Gobernuak ez ditu eraikin berriak finantzatzen eta Seaskak perretxikoak bezala altxatzen ditu hormak. Nola moldatu dira gaur arte? Funtsean, Eusko Jaurlaritzari esker eta Herri Urratsetako diruarekin. Hamar urtean eraikin berrietarako hamabost milioi euro behar izan dituzte eta doi-doi iritsi dira. Datozen bost urteotan 15-18 milioi euro beharko ditu Seaskak. Azkeneko Herri Urrats ez da ona izan eta Jaurlaritzak azken hamarkadan urtero milioi bat euro pasatxo eman badu, datozen hiru urteotan 450.000 euro emango ditu urteko. Dena dela, Seaskak argi du Frantziako Gobernuak dituela betebeharrak, hari ordaintzen baitizkiote zergak. Indok ondoko hausnarketa egin du: “2.700 ikasle ditugu, bihar ixten baldin badugu non aterpetuko dituzte haur horiek? Egoitzak egin beharko dituzte. Egun batetik bestera atzeman beharko lukete dirutza, gaur egun atzematen ez dutena. Argi dago batzuek ez dutela gurekin lan egin nahi, ez dute euskararen alde egin nahi. Guk debate zozo horretatik atera behar dugu eta legeetara eraman: guk legeak betetzen ditugu, zuek zarete betetzen ez dituzuenak”.

Elkarrizketa egin genion egunean Paxkal Indo Izpurara (Nafarroa Beherea) joatekoa zen bertako auzapezarekin hitz egitera. Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak irailean bidalitako gutuna izango zuten hizpide. Bazterrak astindu ditu prefetak herriko etxeetan. Aurreko prefetak ere gauza bera egin zuen, baina oraingoak bi aldiz egin du. Kontua da herriko etxe guztietara gutuna bidali duela, gogoraraziz herriko etxeek ezin dietela eskola pribatuei diruz lagundu eraikinak egiteko. Letra larrian jarri du prefetak ondoko mezua nolabait: “Kontuz, hori ez da egin behar”, eta letra txikian utzi du egin daitekeena, hainbat baldintza betez gero, herriko etxeek bai baitaukate eskola pribatuei eraikinak altxatzen laguntzeko modua. Prefeten mehatxuak mehatxu, hainbat herriko etxe moldatu dira orain arte Seaskari diru-laguntzak emateko, baina Philippe Rey bere lana fin betetzen ari da. Indok esan digunez, “prefetak segiko du poliziarena egiten eta guk pedagogia askorekin esplikatuko diegu auzapezei prefetaren gutuneko letra larria eta letra txikia”.

Kanpaina erraldoia buruan

Ez da segurua, baina Seaskak buruan darabil kanpaina zabala egiteko ideia. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak behera egin dutela eta prefeta ematen ari den astinaldia kontuan hartuta, ikastolen beharrak herriak bere gain hartzea litzateke asmoa. Bi bideak indar berberaz landu beharra azpimarratu du Paxkal Indok: batetik, botere publikoa sakatu, eta bestetik, herri mugimenduaren indarra baliatu, Seaskak herri mugimendu gisa segitu behar duela zalantzarik ez baitute.
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak argi dio: “Biziki momentu txarrean moztu zaigu Hegoaldeko dirua. Duela hamar urte itoak ginen, Hegoaldeko diruarekin lortu dugu burua ateratzea, eta justu-justu burua ateratzen genuela, eta Frantziako Estatuarekin haien partea bete dezaten negoziatzen hasiko ginelarik, laguntza erori da”. Euskal Autonomia Erkidegoan gobernu aldaketa izan zen 2009an, EAJren tokia PSEk hartu zuen. Bide horretan, dirudienez, arazo teknikoak izan ziren eta akordatzerako Seaskarentzat gordetzen zen dirua xahutua zen. PSEk agindu dio Seaskari 2009rako EAJk esandako dirua hiru urtetan banatuko duela, urtero 450.000 euro izango dira. Seaskak duen erantzun ofizialaren arabera ez dute diru gehiago jasoko krisiaren erruz. EAJren Gobernuak hamar urtez urtero milioi bat pasatxo euro eman die eta eraikin berriak egin eta konpontzeko ezinbestekoa izan da kopuru hori. Dena dela, Indok, diru gutxi ala asko jaso, esker onak baino ez ditu Hegoaldeko oraingo gobernuarekiko eta aurrekoekiko, ez baitaude derrigortuta diruz laguntzera. Aldiz, zorrotz jokatuko dute Frantziako Estatuarekin, hura bai baitago zorretan.
Lizeoa, Seaskaren erakusleiho
Irakaskuntzan, estrategia aldatu nahi du Seaskak. Orain arte 2 urteko haurrengan izan du begirada, txikienak baitira ia osoki Seaskan matrikulatzen direnak. Nekez gerta daiteke 10 urterekin murgiltze ereduan hastea haurra, ohikoena adin horretakoak euskara ez jakitea baita. Irakaskuntzako lehen urteetan begia jarrita, kolegio eta lizeo mailak antolatzerakoan beti sua itzaltzen ibili direla esan digu Paxkal Indok. Bada, orain, 16 urtetik 18 urte bitarteko ikasleen maila horiek indartu nahi dituzte. Haien buruan profesional arloa hastea dago, alegia, zerbitzuen esparruan lan egingo duten ikasleak prestatzea, beti ere euskaraz arituko direnak. Konparazio batera, Euskararen Erakunde Publikoa euskarazko haur eskolak diruz laguntzen hasia da eta langile euskaldunak behar direnez, lanbide horretakoen artean bilatu beste erremediorik ez dute, euskaldunik baldin badago ongi, eta bestela... Seaskak alderantzizko norabidea egin nahi du, haurrekin, zaharrekin, administrazioan... lan egingo duten gazteak prestatu nahi ditu euskaraz. Seaskaren bitrina izan daitezela lizeoko gazteak.
D eredua eskola publikoan eta giristinoan?
Eskola publikoan, oraingoz, B eredurako aukera baino ez dago, euskara eta frantsesa erdi eta erdi. Ikasleek ez dute lortzen eredu horretan euskara ondo ikastea. Orain eskola kristauak edo giristinoak (pribatuak) hamabost ama eskolatan D eredua (murgiltze eredua) eskaintzen ari dira. Ikasleak galtzen ari ziren, euskara ikasi nahi zuenak Seaskara jotzen baitzuen murgiltze ereduan aritzeko.

Unescoren parametroak segituz gero, Seaskak oraingo erritmoan 60 urte beharko lituzke euskararen salbazioa segurtatzeko. Indok garbi du, ongi etorria dela eta izango dela D eredua eskola publikoan eta eskola giristinoan, Seaskaren helburua Iparraldea berreuskalduntzea baita, eta zenbat eta haur gehiago aritu murgiltze ereduan hobeto. Noski, horrek eskolen arteko lehia ekarriko du. Alabaina, eskola guztiek izango lukete murgiltze eredua eta euskara ez bestelako ezaugarriengatik aukeratuko lukete gurasoek eskola bat ala bestea.
Herri Urratsek Hegoaldea behar du
Gero eta gutxiago dira Hegoaldeko herritarrak Senpereko lakuan. Haien ordez frantses gazteak ugaldu dira, jaia merke topatu baitute Herri Urratsen. Paxkal Indok berak dio: “Edaten dute asko eta ez dute giroa hobetzen, baina ez dugu kritikatu behar ‘etorkinak’ etortzen direla, euskaldunok etorri behar dugu, eta horretaz guk jabetu behar dugu. Iparraldea berreuskaldundu nahi bada Senperera etorri behar da eta gazte horiei euskara eskaini”.

Jende ugarik eskatu du Herri Urrats tokiz aldatzea. Indoren ustez Senperen jarraitu beste aukerarik ez dute; Hegoaldeko ikastolekin alderatuta txikiak dira Iparraldekoak –Seaskak guztira 2.700 ikasle ditu– eta ezinezkotzat dute urtero toki berria prestatzea. Gainera, haien helburua ez da turismoa egitea, baizik eta sosak biltzea. Esate baterako, Herri Urrats batean lortutako diruak balio dezake Ziburuko kolegioaren urtebeteko 250.000 euroko kreditua ordaintzeko.

Aurtengo Herri Urrats ez da ona izan eta ondoren, batik bat Hegoaldetik, jaso dituzte diru-laguntzak. Horri esker Herri Urratsen emaitza %20 emendatu du Seaskak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude