Oinezko izatea benetan eskubidea izan dadin

  • Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeak ia burututa dauka Bilborako peatonalizazio proposamena, hiriaren Plan Orokorrean txertatzeko esperantzarekin. Datu zaharretatik abiatuta, ondorio berriak atera dituzte; gaur egun indarrean dauden irizpideak albora utzi, eta oinez ibiltzea hiri barruan mugitzeko benetako garraio alternatiboa izan dadin nahi dute.
mugikortasuna
Iñigo Azkona
Bilbon mugikortasunak sortzen dituen ingurumen-arazoek eta desberdintasun sozialek arau berberei jarraitzen diete. Hori da Bizkaiko Ekologistak Martxaneko garraio sailak egindako proposamenaren –Mugikortasuna, desberdintasun sozialak eta ingurumena– oinarri teorikoa. Horren arabera, hiritarrek beren mugikortasun beharrak nola asetzen dituzten ulertzeko hiru aldagai hartu behar dira kontuan: errenta ekonomikoa, generoa eta adina. Peatonalizazio politika berriei ekitea ez da mentalitate edo heziketa arazoa; mugikortasuna beste era batera antolatzea da gakoa.

“Tradizionalki, egin izan diren garraioaren gaineko azterketetan gauza bi analizatu dira: zertarako mugitzen garen (lanerako, aisiarako, erosketetarako...), eta zer garraiobide erabiltzen dugun mugitzeko behar hori asetzeko”, azaltzen dute txostenaren egileek. Ikuspuntu horrek gabezia bi dauzka haien ustetan: batetik, ez ditu kontuan hartzen “ofizialki” produktiboak ez diren baina behar espezifikoak dauzkaten sektoreak (edadeko jendea, etxeko andreak, langabetuak...), eta bestetik, kanpoan uzten ditu batere mugitzen ez direnak edo oso lekualdatze laburrak egiten dituztenak. Azken horiek biztanleriaren zati esanguratsua dira: Bilbon, %19. Gehienak 55 urtetik gorako emakumeak dira, ordaindutako lanposturik gabekoak eta, kasu askotan, mugikortasun arazo handiak dauzkatenak euren auzoen egitura dela eta. Garraioari dagokionez, “ikusezinen kolektiboa” osatzen dute.

Zelan mugitzen dira bilbotarrak?
Bilbon, hiri barruan egiten diren lekualdatzeen %58 inguru oinez egiten dira. Erraz igartzen da zein den oinezkoaren perfila: emakumea, gaztea edo zaharra, errenta txikikoa. Autoaren erabilera, berriz, “bazterrekoa da”, Ekologistak Martxaneko Enrique Antolinen ustez. Besterik da, noski, hiritik irteteko edo bertara sartzeko kotxez egiten diren bidaiak.
Nolanahi ere, eta lanegun batean Abando edo Indautxu auzoetan ibili den edonork kontrakoa pentsatuko duen arren, Antolinen iritziz ezin daiteke esan Bilbo autoen menpeko hiria denik. Izan ere, hirira sartzen den auto kopurua gutxitu egin da azken urteotan, baina ez garraio politika egoki bati esker, guztiz aurkakoa baizik: biztanleriaren zati handi bat hiriburutik inguruko herrietara joan da, kasu askotan garraio publiko eskasa duten dentsitate baxuko auzuneetara, eta aisialdi-gune nagusiak ere periferian kokatu dira. Merkataritza zentro erraldoiek auto pribatuen joan-etorri kopuru eskerga eragiten dute, baina Bilbora sartu beharrean, hura inguratzen dute autook.

Peatonalizazioa merkataritzaren mesederako

Horrek ez du esan nahi Bilbo pagotxa denik oinezkoentzat. Sortu dira haientzat espazioak, egia, baina ikuspegi jakin baten arabera, Antolinek esplikatu digunez: “Arazo nagusia da, gezurra badirudi ere, oraindik finkatzeke dagoela garraioari buruzko teorizazioa. Ez daukagu oso argi zer ote den ‘garraiatze’ delako hori. Beraz, zer oinarri teoriko eman behar diogu peatonalizazioari? 70eko hamarkadan, Italian eta Alemanian batik bat, peatonalizazio prozesuak hasi zirenean, kontzeptuak oso ezaugarri zehatzak zituen: espazio atseginak sortzea zen helburua, merkataritzari eta aisiari lotuta gehienbat. Hori da guri iritsi zaiguna”.

Sarea behar du oinezkoak

Bilbon dezente peatonalizatu da, baina aipatu berri ditugun irizpide horien arabera. Sekula ez da pentsatu, dio Antolinek, peatonalizazioa tresna bat izan behar dela hiri barruan mugitzea errazteko. Eta hori da Ekologistak Martxanen proposamenaren xedea. “Oinez ibiltzea bada mugitzeko gehien erabiltzen den bitartekoa, antola dezagun Bilbo horren arabera. Hala, ‘oinezkoentzako espazioa’ kontzeptutik salto egin dugu ‘oinezkoentzako sarea’ kontzeptura”.

Antolinek aipatutako saltoak hiria ulertzeko beste modu bat dakar. “Bestelako ibilbideak behar dira, ezaugarri jakinak dauzkatenak: igogailuak, aldapak arintzeko bestelako gailuak, garraiobide osagarriak, intermodalitatea, jesarlekuak...”. Elkarrekin topo egiteko gune hutsetik harago doan zerbait, azken batean. “Hortxe kokatu nahi dugu eztabaida”, dio Ekologistak Martxanekoak; “bada datu esanguratsu bat: Bilbon peatonalizatu diren espazioen %41 Abandon dago”. Erdigune aberatsean, hortaz. Turistak erakarri nahi dituen Bilbo berri horretarako gune egokiak dira, ezbairik gabe. Dendak eta tabernak erruz daude Bilbok oinezkoentzat “gorde” dituen kale horietan.

Hala eta guztiz ere, Ekologistak Martxanek proposatzen duen oinezkoentzako sarea hiriko maparen gainean behatuta, berehala ikusten da dentsitate handieneko guneak erdialdean daudela, hain justu. Honela azaldu digu Enrique Antolinek: “Hirian egiten diren oinezko desplazamenduak aztertuta, ohartu ginen auzoetatik erdigunera –edo alderantziz– zihoazenak direla nagusi; periferiako auzoen arteko joan-etorri gutxi dago. Hala, honezkero existitzen diren egituretatik abiatuta hasi ginen proposamena gorpuzten”. Modu agian sinple samarrean esanda, aurrez sortutako “espazioak” elkarrekin lotu eta “sarea” sortu dute.

Plan Orokorrean txertatzea, helburuetako bat

Hori guztia, momentuz, teorian egin dute, maparen gainean. Urte bi daramate lanean eta laster argitaratuko dute proposamenaren bertsio berritua, osatuagoa. Bitartean, den-dena teoria hutsalean gera ez dadin saiatzen ari dira, hainbat eragilerekin bilduz.

EAEko Lurzoruaren Legeak dio biztanle kopuru jakin batetik gorako hirietan Plangintza Kontseilu bat egon behar dela. Horretan, alderdi politikoez gain, gizarte mugimenduak ere hartzen du parte, eta Ekologistak Martxan Bilbokoan dago. Organoak ez dauka erabakitzeko ahalmenik, aholkularitza-organo hutsa da, baina eragina izaten du Plan Orokorra xedatzen duen bulegoarekin. Alde horretatik, itxaropena daukate proposamena, edo zatiren bat behintzat, laster egitekoa den Plan Orokorraren Berrikuspenean txertatzeko.

Esku batekin hori egiten ari dira, eta bestearekin alderdi politikoekin biltzen, datozen udal hauteskundeei begira euren programetan jaso dezaten proposamena. Mugikortasunaz ari gara; ez diezaiela inork leporatu geldi egon izana.
A-8aren beste muturrean du Bilbok eredu bat
Harekin solasean ginela, Enrique Antolinek behin baino gehiagotan esan digu Donostia hiri eredugarria dela peatonalizazio kontuetan. Izan ere, Bizkaiko Ekologistak Martxanek Gipuzkoako hiriburuko adituengana jo du xehetasunen bila, beren proposamena guztiz burutze aldera.
Eredugarri bakarrik ez, Euskal Herrian aitzindaria izan zen Donostia oinezkoentzako guneak sortzen. 80ko hamarkadako amaieran hasi ziren lehenbiziko planak egiten, eta 90eko hamarkadaren erdian hirian hainbat aldaketa gauzatzen hasi ziren, motordun ibilgailu pribatuen presentzia mugatzeko helburuz. Aldi berean, bestelako garraiobideak sustatu nahi zituzten. Irakur bedi oinez ibiltzea eta txirrindua. “Hiri barruko garraioaren ardatza oinezkoa izatea zen helburua”, adierazi digu Manu Gonzalezek, Kristina Enea Fundazioko Jasangarritasunaren Behatokiko zuzendari teknikoak. Hain zuzen ere, une honetan oinezkoei buruzko jardunaldiak egiten ari dira Kristina Enean, zein eta Oinezkoa goiburupean. Abenduaren 9ra bitartean, oinezkoen eskubideak aldarrikatzeko egindako afixen erakusketa izango da ikusgai, eta nazioarteko hainbat adituk hitzaldiak emango dituzte peatonalizazioari buruz. Dagoeneko egin diren hitzaldietako batzuk webgunean dituzue entzungai.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude