Enpresa asko krisia baliatzen ari dira, langile kopurua gogor murrizteko edo Euskal Herrian dituzten plantak ixteko, bereziki multinazionalak. Ondorio garbi eta larriak ditu: ehunka lanpostu deuseztaturik eta ehunka familia langabezian. Are larriagoa dena, lanpostu horietako asko langile gazteei dagokie, eta ia ezinezko izango dute lan merkatuan sartzea. Joan den astean hiru kasu gehiago egon dira: Alonsotegiko ThyseenKrupp, Bergarako Tavex eta Gasteizko Bialsa (lehengo BH). Lehenengoan 120 lanpostu kenduko dira, bigarrengoan 64 eta hirugarrenean 38.
Egoera horien atzean zer dagoen aztertu behar da. Enpresok benetan al dira egungo krisi ekonomikoaren biktima? Ala deslokalizazio prozesua da, kostu gutxiagorekin etekin handiagoak lortzeko? ThyseenKruppek egoera ekonomikoa aipatzen du eta dio murrizketak Alemaniako beste planta batzuei ere eragiten diela. Tavexek ere baditu beste planta batzuk munduan, hala nola Marokon eta Hego Amerikan, eta haietan ere “doikuntzak” egin dituela dio. Bialsak Txinan eta Portugalen ditu plantak, baina azkeneko emaitza eta fakturazioek ez dute hain neurri gogorrik aurreikusten. Dena den, beste enpresa batzuetan errepikatuko diren egoera horien aurrean, Administrazio publikoak desegite espedientea onartu edo atzera bota behar du, eta oso kontuan eduki beharko luke Euskal Herriko planta horien itxieraren atzean enpresa-deslokalizaziorik ezkutatzen ote den. Ez litzateke lehenengo aldia izango hemengo enpresak itxi eta beste latitude batzuetan, kostu gutxiagorekin, beste batzuk irekitzen dituztena.