"Oztopo fisikoak gure arazorik txikiena dira"

  • Siriako behar berezidunen elkarteko lehendakari Chavia Ali, emakumea, elbarria eta kurdua da; “hiru aldetatik minusbaliatua”, askoren ustez. Baina Zuzenbidean lizentziatua den 29 urteko emakume ausart hau Ekialde Hurbileko desgaituen erreferente bilakatu da.
Karlos Zurutuza

Emakumea Ekialde Hurbilean. Kokatu gaitzazu.


Ez da erraza emakumea izatea, are gutxiago Ekialde Hurbilean. Familia tradizioak esklabo bihurtu eta bigarren maila batean jartzen gaitu. Gizonezkoei zerbitzatzeko bizi gara, baita euren seme-alabak erditu eta hazteko ere. Horixe gure betekizuna bizitzan.

Emakume elbarria Ekialde Hurbilean…


Are gogorragoa bilakatzen da gure bizitza. Eta zorigaitza etxean bertan hasten da. Emakume elbarria babestuegi dago, bere nortasuna ia desagertzeraino. Bestalde, aitak eta anaiek “hobe etxetik ez ateratzea” tesiari gogor eusten diote, hala “ez zaio ezer gertatuko”. Ez da harritzekoa, beraz, emakume elbarria eskolatu gabe gelditzea, irakurtzen ere ez jakitea… Familiari ez zaio bururatu ere egiten alaba langile arrunta izan daitekeenik etorkizunean. Ezertarako balio ez duen pertsona da.

Etxeko giroa da errudun nagusia, hortaz?


Batetik Ekialde Hurbileko tradizio itogarria dago eta, bestetik, gobernuen jarrera pasiboa. Gaiaz hitz egiten da, baina nekez galdetzen zaie elbarriei legeak idazteko garaian. Horrela oso zaila da oztopo fisikoak desagerraraztea, edota baliabideak eskaintzea ikasle itsuei, edo gorrei… Oztopo fisikoak gure arazorik txikiena dira. Premia handiagokoa da gure eskubideak errespetatzea, eta gizartean integratzeko baliabideak eta neurriak jartzea.

Zeintzuk dira errespetatzen ez zaizkizuen eskubide horiek?


Oinarrizkoenak, hain juxtu. Esaterako, Ekialde Hurbileko elbarriok ez dugu ezkontzeko eskubiderik. Gogoan izan ezkontzatik kanpoko edozein sexu harremanek heriotza duela ordain hemen. Ez da harritzekoa, beraz, itsuak edo gurpilezko aulkian dauden emakumeak bortxatzaileen presa erraza izatea. Gero, biktimaren familiak berak hiltzen du “legez kanpoko sexu harremanak” izan dituen senidea. Bortxatzaileak eta hiltzaileak, ordea, lasai irten daitezke kalera. Inork ez ditu kartzelara eramango.

Ohikoak al dira halako ankerkeriak?


Gisa horretako milaka kasu gertatzen dira Ekialde Hurbilean hilero. Burura datorkit sabela puztu zitzaion neskatoarena. Bere familiak haurdun zegoelakoan hil zuen. Baina gero autopsiak baieztatu zuen haurdunaldia ez, minbizia zuela neska gaixoak. Duela gutxi 15 urteko emakume itsu bat etorri zen gure bulegora, laguntza eske. Negar batean, bere aitak maiz bortxatzen zuela kontatu zigun. Halako batean, gizona bera sartu eta eraman egin zuen gure aurrean. Poliziari deitu genion berehala baina, orain arte, ez dut neska horren berri gehiagorik izan.

Alepon, nire hirian, 11 urteko neska baten kasua dut gogoan. Elbarritasun psikikoa zuen. Bere eraikineko hainbat gizonek egunero jaisten zuten garajera, bertan bortxatzeko. Horrela hainbat hilabetez. Bere elbarritasun psikikoa zela-eta, neska ez zen jabetzen gertatzen ari zenaz. Azkenean, jakina, haurdun gelditu zen eta bere aitak hil egin zuen “familiaren ohorea garbitzearren”. Nik dakidala, ez zen bortxatzailerik espetxera joan, ezta epaitua izan ere. Areago, berriki jakin dut haietako batzuk ezkonduta daudela, seme-alabak dituztela… Funtsean, bizitza normalari eusten diotela, arazorik gabe.


Eta justiziak ez al du deus ere egiten?


Kontua da apenas hitz egiten dela horri buruz. Emakume elbarrien bortxaketak isilpean gordetzen dira, familiak errespetatzearren. Aipatu bezala, senideen ohorearen kontrako berebiziko kolpea da hau. Errudunak harrapatzea baino, biktima sekretupean hiltzea hobesten da. Ohorea hala garbitzen da gero. Kode penala gutxienez behin ezarriko balitz, kasu bakoitza aztertzeko aurrekari bikaina izango litzateke. Gainera, bortxatzaileak zigor bikoitza jasoko luke, bortxatutako emakumea elbarria izateagatik. Tamalez, oraindik ez da horrelakorik gertatu.


Gerra artean bizitzea ez da lagungarria izango...


Hala da. Gerrak utzitako anputatu eta zaurituen sorta itzelari gehitu behar diogu Iraken eta Palestinan bortxatutako emakume kopuru izugarria. Gauza jakina da, baina nekez aipatzen da horietako gehienak emakume elbarriak direla. Bestalde, elbarritasun psikikoa duten emakume asko bonbak eramateko eta leherrarazteko erabili ohi dituzte, elbarriek eurek ezer jakin gabe. Eta nazioartera zabaltzen den irudi hori, “terrorista suizidarena”, Ekialde Hurbileko emakume desgaituaz iritzi okerragoa izateko baino ez du balio.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude