Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria kexu agertu da Berrian, Jaurlaritzak diru-laguntzak murriztu dizkielako: "Krisiak justifika dezakeena baino gehiago murriztu dizkigute diru laguntzak. Gainera, badakigu beste leku batzuetan, krisia egon arren, nahiko erraz eta nahiko arin mugitu dela dirua. Frogatzeko datu gehiago behar genituzke, baina uste dut euskal kulturak gobernu honen partetik jasaten duen gutxiespenaren ondorio ere badirela, neurri handi batean, murrizketa horiek. Guri laguntzak murriztearekin batera, erdal kultura bultzatzen ari da Jaurlaritza, eta erdal kultura esaten dudanean lehen ez zegoen erdal kultura esan nahi dut".
Gustav Henningsen folklorista eta historialari daniarrak sorginkeriaz hitz egin du Euskonews & Media agerkari digitalean: "Iruñeko apezpikuak, Antonio Venegas de Figueroasek, adierazi zuen bezala, sorgin-elkarte sekretuak erabat ezezagunak ziren euskaldunen artean, jazarpena hedatu zen arte. Apezpikuaren hitzetan, 1609an iritsi zitzaien sorgin-elkarteei buruzko lehen berria, Pierre de Lancre epaileak Lapurdiko laurogei azti eta sorgin baino gehiagori heriotza-zigorra ezarri zienean. Han, izan ere, sorgin-erokeria bi urte lehenago hasi zen errotzen. 1609an, beraz, gaiak muga zeharkatu eta Inkisizioaren arreta piztu zuen".