Txakurtzaindia


2010ko azaroaren 14an
Antton Olariaga
Txakurra zain diezaiodan eskatzeko deitu dit arrebak, lanez lepo dabilelako bulegoan eta, nik faborea egingo banio, eta argi dauka egingo diodala, egun osoan etxera jaitsi gabe egon nahiago lukeelako. Ez da zoratzen nauen eginkizuna, baina Arrosadia auzora abiatu naiz, txakurraren bila. Arrebarenean sartutakoan, modu pertsonalean hartzen dudan poz lokabe batez egiten dit animaliak harrera, nahiz eta, tarteka, nire atzera ere begiratzekoa egiten duen, ea Silvia, edo bestela bere mutikoa, heldu den nirekin batera.

Nire etxean dagoeneko, aspaldi handian ikusten ez dudan lagun bati deitu diot, ibai ondoan txakurdun paseo bukoliko bat, bakarka joanez gero asperraraziko nindukeena, proposatzeko –oso pertsona interesatua naiz.

Gero, haren ahotsa hariaz bestaldean aditzearekin bat, oroitu naiz norbaitek esan zidala oso eroria ikusi zuela aurreko batean. Niri telefonoz ez zait hala iruditu.

Ibai ondoan txakurrarekin jolas egiten dugu, deitzen diot, jaurtikitzen dizkiot harriak, gero –agindu zehatza da– ez dizkiot marraskatzen utzi behar, baina, ekarri, ez dituenez harriak ostera ekartzen, atzetik joan behar natzaio, korrika txikian, hortz artetik kentzeko, nahikoa irudi komikoa emanez, lagunak behintzat gogotik irri egiten dit, eta horrek, abailduta dagoela egia baldin bada, zertxobait kontsolatzen nau.

“Katea eten da”, esan dit halako batean lagunak. Ez diot ulertzen. Txakurraren uhalari begiratzen diot kezkaturik, apurtu ote den eta txakurra lotu gabe etxeratzearen beldurrez, balizko isunagatik ere bai, baina, batez ere, gutxi edo deus ez didanez obeditzen (zerekin lotuko dut?, besotan –30 bat kilo, kalkulatzen ditut iritzira– eraman beharko dut?), komeriagatik. Baina uhala osorik dago; hasi naiz susmatzen laguna bere senargaiarekikoaz ari zaidala zerbait esan nahian.

“Katea eten duzu”, errepikatu dit, kargua harturik, “harrigarria zait, zu euskalduna izanda eta, gainera, euskaraz (oso ongi, bide batez) idazten duzularik”, esan dit hitzez hitz, nire aldetik apaltasun (faltsu, bide batez) imintzioen aurrean, “txakurra euskaraz hezi ez izana”. Hizkuntza hori, nire golkoan gogoratzen dut topikoa, haurrekin eta maskotekin, batzuetan esklusiboki, mintzatzen dena. Milaka urteko biziraupenaren sekretua, akaso. “Zergatik hitz egiten diozu Zakurneri erdaraz?”

Hutsean harrapatuta, ez dakidanez zer erantzun, noizbait euskaltzain, urgazle bada ere, izendatua izateko nire merituak arriskuan ikusita, “euskal hiztunaren arautegi moral bat inprobisatu dut”, orain arte senez eta nahaspilan aplikatua, hemendik aurrera huts egin gabe begiratu beharko dudana:

Lehenengo araua: Beti erdaraz hitz egiten didaten (eta diedan) guraso euskaldunen seme-alabekin, edo gurasoekin seme-alaben aurrean, hitzik ez egin euskaraz.

Bigarren araua: Entzungor egin guraso horiek (orain!) beren ondorengoen –apika posteritatearen– aurrean hizkuntzaz aldatzeko egiten duten ahaleginei.

Hirugarren araua: Ez tartekatu erdal jardunean euskarazko hitz gutxi gorabehera teknikoak (les mandé unas ariketas) edo toponimiakoak (¿vais a subir a Iruña?).

Laugarren araua: Erdaraz aritzeko usadioa ezarri den lagunartean, militanteki ez erabili euskara “euskal giroan” sartzean, Nafarroa Oinez-ean, esate batera, modu automatikoan ohi den bezala. Gauza bera, kanpoko (hots, Gipuzkoako) euskaldun benetako bat koadrilan egokitzen denean.

Bosgarren araua...
“Alegia, euskaldun normalak egiten duenaren kontrakoa”, lagunak etsipenezko auhen batez.
Sí, más o menos”.

ASTEKARIA
2010ko azaroaren 14a
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude