"Esplizituki esan digute garen bezala ez dugula lekurik"

  • Kataluniako erakunde garrantzitsuenetakoa da Òmnium Cultural. 20.000 bazkidetik gora, erreferente da gizarte katalanaren egunerokoan, pisua dute bertatik esaten direnek.

    Muriel Casals du lehendakari berri, lehen emakumea, eta berak gidatu zuen uztailaren 10eko manifestazio handia.
Muriel Casals
Oriol Clavera

Hilabete mugituak azken hauek, ezta?


Bizi-biziak izan dira. Martxo amaieran hartu nuen Jordi Portaren erreleboa eta utzi zidan herentzietako bat, hauxe: Kataluniako Estatutuaren inguruan Auzitegi Konstituzionalaren sententzia negatiboren bat egotekotan, gure erakundeak bilgune gisa eskaintzea bere burua. Epaia ekain amaieran iritsi eta manifestazioa uztailaren 10ean egin zen, tentsio handiko prestaketa egun batzuen ondotik. Orain, perspektibarekin, gauza ederrak ikusi genituen egun horietan: askotariko entitate ugarik parte hartu zuen prestaketan, baina manifestazioak ez luke izango izan zuen arrakasta baldin eta jende asko-asko joan ez balitz bere kasa, ez bere elkargo profesionalak deitua, ez sindikatuak, ez alderdi politikoak, ez bere bizilagun elkarteak, indibidualki baizik.

Itzuliko gara egun horretara, baina, hitz gutxitan, zer da Òmnium Cultural?


Instituzio kultural, zibiko eta patriotikoa gara. Gure goiburuak dio: hizkuntza, kultura eta herria. Lanaren lehen partea da katalana ezagutzera ematea, maitaraztea, erabilaraztea; bigarrena, gure kultura babestea, zabaltzea; eta hirugarrena, herria errespetatzea, kontziente izatea zein den gure herria.

Bada, neurri batean, erreferente moral bat, botere faktiko bat, akaso, Kataluniako gizarte zibilarentzat?


Erreferentea, seguru, hiritar askorentzat eta baita administrazioarentzat ere, hori da gure asmoa behintzat. Pentsa, 1961ean sortu zen Òmnium, diktadura frankistaren aurreko erresistentzia garaian, administrazio katalan moduko bat izateko asmoz. Gauzak dezente aldatu dira gerora eta egungo administrazioarekin kolaborazio harremana dugu batzuetan, haren ordezkapena egiten dugu beste batzuetan. Administrazioak garbi du gauza batzuk egin behar direla eta ez du hain argi beste batzuk egin behar direnik, eta guk bai. Baina kritiko izatea dagokigu, administrazioa zirikatzea, bai baitaude gauza batzuk hark baino egin ez ditzakeenak.


Hori nola gauzatzen da egunerokoan?


Gaur egunean guretzat oso garrantzitsua da immigrazioaren fenomenoa kontuan izatea, urte gutxian jende kantitate handia etorri da kanpotik. Jende hori sar daiteke hemengo bizitzan bertako hizkuntza eta kultura ezagutu gabe, gaztelania hutsean. Guk pentsatzen dugu hori gertatzen bada Kataluniaren geroa galdua dela. Kataluniaren geroa komunitate diferentziatu gisa bederen. Identitate katalana mantendu nahi badugu ezinbestekoa da iristen direnak katalan gisa sartzea eta, beraz, katalana ezagutzeko aukera eman behar diegu, gustuz ikas dezatela. Administrazioak, neurri batean, egiten du, baina ez da mundu guztiarengana iristen, ez leku guztietara. Lan handia dago, eta baliabide mugatuak. Òmniumek bere lanaren parte bat egiten du eremu horretan, hizketa taldeak antolatzen, aktibitate ludiko-kulturalak, katalan berriak eta zaharrak elkartzen. Administrazioak gehiago egin dezakeela uste dut, gehiago egin behar duela konbentzituta nago eta zail zait pentsatzea gehiago ez badu egiten ezin duelako dela.


Hiru ardatz, beraz, lehena hizkuntza. Katalanaren osasuna ona da, Euskal Herritik uste duguna bezainbeste?


Nondik begiratzen zaion, edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik egon daiteke. Garrantzitsuena, hala ere, edalontzia husten edo betetzen ari den jakitea da. Gure hizkuntzaren edalontzia betetzen ari denik ez da segurua eta oso aktibo behar dugu izan betetzen joan dadin. Asko dugu irabazia hizkuntza erraza baita gaztelania hiztunentzat, baina era berean jendeak pentsa dezake ez duela behar. Aurrerapausoak eman arren gure bizitzetako zati garrantzitsuetan ahul dago katalana. Gero, jarrera snob xamarrak ditugu, kosmopolitismo faltsu baten izenean diogu garrantzitsuena elkar ulertzea dela. Mundu guztiak ulertzen badu gaztelania, zergatik erabili katalana? Bada, hizkuntza diferenteak egotea aberastasuna delako munduarentzat. Horrekin gu sendo mantendu behar gara eta ez dugu beti egiten. Immigrazioarena aipatu dugu eta oso maiz jarrera txatxuak ditugu, azal ilunagoa duen batek katalana ulertzen ez duela ondorioztatzen dugu eta gaztelaniaz egiten diogu, sarri hanka sartuz eta pertsona harenganako errespetu faltaz.


Zeintzuk dira, oraindik orain, katalanaren erronkak?


Immigrazioarena bat ziur. Hizkuntza komuna ezagutzea promozio sozialerako tresna dela argi gera dadila, tresna beharrezkoa batek lekua egin nahi badu gizartean, eta gizartean leku egiteak esan nahi du zoriontsu izatea. Prestigioaren erronka. Unibertsitatean dago eztabaida: irakasle bati eskatu behar zaio katalana jakitea? Noski baietz, kapaz behar du katalanez egiten dizkioten galderak edo azterketa ulertzeko. Hizkuntza prestigio intelektual eta profesionalarekin lotzea ez dugu oraino irabazi, erronka da. Zinema Legea onartu da orain gutxi, pelikulak gaztelaniaz bikoizten badira katalanera ere bai. Edo beren jatorrizko hizkuntzan edo gurean. Gaztelania gu eta munduaren arteko bitarteko hizkuntza gisa erabiltzeari utzi behar diogu, katalana izan dadila gai munduari aurre egiteko.


Eta norabide horretan pauso bat ematen den bakoitzean izaten diren kritikak?


Aldaketa beti kostatzen da, beti daude erresistentziak. Gero badago debaldeko gatazka maite duen jendea. Bai eta espainolizazio prozesu indartsua ere, aspaldi nazio espainiarrak ez zuen halako indarrik gurean, oso ausart daude orain. Penintsula zati hau menperatu nahi dute, gure balizko ihesak beldurtzen ditu. Proiektu espainol eta espainolizatzaile indartsua, erasokorra, bizi dugu hemen. Espainolista izatea Guadalajaran primerakoa iruditzen zait, baina bat espainolista denean Gironan, erasotzen ari da Gironako errealitatea. Hori oso gogorra da eta neurri berean erakargarria.


Bigarren ardatza, kultura. Sarri marka gisa erabiltzen diren izen handi horiez haraindi, kulturalki herri bizia da Katalunia?


Beti diogu txikiak garela, baina herrialde ertaina gara, Grezia, Portugal, Danimarka, Norvegia, Suediarekin konparagarria. Gisa horretako herri europarrei begira, eta musika, pintura, literatura, antzerki edo zinemari dagokionez, maila onean dugu sormena, uste baino hobeak garela esango nuke. Badugu hantuste puntu bat, lotsatiena, beldurtiaren erreakzioa kanpora begira. Eta barrura begira ez gara ausartzen balio dugula esatera. Jaume Cabré idazleak, esate batera, Les veus del Pamano eleberriaren 400.000 ale saldu ditu alemanez. Pentsa, alemanez gehiago irakurri da katalanez baino. Eta ez da hain salbuespen, editorialek liburuak argitaratzen badituzte saltzen direlako da. Eta gu bitartean hemen gabiltza katalanez idazteak merezi ote duen galdezka. Autoestimua falta dugu.

Kultura lagundu kanpoan, baina baita Katalunian bertan ere.


Kulturak baino gehiago hiritarrek behar dugu autolaguntza pixka bat, baikortasun eta sendotasun injekzio batzuk, ahal dugula pentsatzea, bai sortzen duenarentzat zein kontsumitzen duenarentzat, eta bi horiek elkartzeko laguntzak ere bai. Agian hori da falta dena, komunikazio bideak, gure organo publikoek ez dute behar dena egiten gure kultura promozionatzeko. Kultura diogunean kultura katalanaz ari gara, noski, baina ez bakarrik: kultura katalana maite dugu kultura maite dugulako, herri kultua izan nahi dugu eta herri kultua bere autoreak ezagutzen dituena da, baina baita kanpokoak ere.


Hirugarren ardatza, herria. Òmniumek protagonismo handia hartu du azkenaldian, Estatut-aren gaineko sententziaren aurkako manifestazioaz geroztik.


Protagonismoa izan dugu, bai, baina leuna. Garbi genuen ez genuela inoren eremurik zapaldu nahi, ez zen hori gure helburua. Politikariekin ezer jakin nahi ez duten gizarte zibileko instituzioak daude; alderdi politiko batek ez du ezer jakin nahi beste alderdi politiko hartaz; eta Òmnium agertzen zen elementu atsegin gisa, elkar ulertzeko lanak zituzten haiek izan zezaten gune bat. Egiteko zentrala izatea eragin zuen horrek. Eta sententziaren aurkako protesta manifestazioa esan duzu eta egia da hala zela hasieran, baina askoz gehiago izan zen gero, ez hainbeste sententzia baten kontrako manifestazioa, baizik eta Kataluniaren etorkizunaren aldekoa. Horrexegatik eslogana, Som una nació, nosaltres decidim (Nazioa gara, guk erabakitzen dugu). Han zegoen milioi eta erdi pertsonek esan zuten etorkizuna geurea dela, gure herriaren etorkizunaren arduradun egiten garela.


Mezu hori nola kudeatu da azken hilabeteetan, hauteskundeak begien bistan?


Hauteskundeak daudenean dena konplikatzen da, lehiakideetako bakoitza saiatzen da esaten besteak baino hobea dela. Òmniumek nahi du mundu guztia joan dadila bozkatzera, abstentzioa da okerrena, ez da posible parlamentura lau bozekin joatea. Gure boza gure geroko exijentzia izango baita eta boza eman diegun neurrian ofentsiba bateratuagoa egin behar dugu parlamentuan daudenean. Uztailaren 10a mugarri izan da, ezin izango dute ezer pasa ez balitz bezala jokatu. Onartzen badugu sententziak mutilatzea, onartzen dugu gure naziotasuna hustea, onartzen dugu atzera joatea, eta oso larria da hori.

Osatzen den puzzlearen araberakoa izango da erantzuna, ezta?


Puzzlea dena dela ere, estutu beharko ditugu atzera ez egiteko konpromiso horretan. Printzipioz denek dute konpromisoa, denak ziren manifestazioan. Gurean bi alderdi handi daude, CIU eta PSC. Herri honek ezin du aurrera egin horiek gabe, ikusiko dugu atera diren talde berri guztiek zer presentzia izango duten, baina garrantzitsuena da talde nagusiak hor behar dutela, horiek gabe ezin da herria egonkortu. Talde txiki eta gizarte zibilaren lanetako bat da, hain zuzen, alderdi zentral horiek estutzea, zuhurrak baitira oso: CIUren kasuan bozak galtzeak beldurra ematen dielako eta PSCren kasuan zati batek zalantza egiten duelako proiektu espainolista eta katalanaren artean. Hori ere jakin behar dugu, badagoela herriaren parte bat proiektu espainolak erakar dezakeena eta, gehiengoa beste bat baldin bada, eta hala dela uste dut, bilatu behar dugu modua sinistarazteko Katalunia katalana ingurune atsegina izango dela espainol sentitzen denarentzat, frantses edo italiar sentitzen denarentzat bezainbeste.

Manifestazioak gizarte katalanaren nekea ere agerian utzi zuen.


Eskatu eta mozten digute, pixka bat gutxiago eskatzen dugu eta ea zer gertatzen den. Demokraziako urte guztiak izan dira horrela. Baina Kataluniak zenbat eta eduki gehiago izan, orduan eta presentzia urriagoa dute hemen Espainiako instituzio eta administrazioek. Hori Espainiako instituzioek onar zezaketen eta federalismorantz joan edo, gertatu dena, erresistentzia lan batean jarri dira, terrenoa berreskuratu nahian. Instituzio katalanen birkonkista egiten ari dira, deskatalanizazioa bultzatzen. Norgehiagoka dago gaur egun, ez bortitza, baina borroka molde bat bai.


Urrunago joateko borondatea daukazuela, alegia.


Ahots ugari entzun ziren uztailaren 10ean, baina errepikatuenetakoa independentziarena izan zen. Òmniun erakunde gisa ez da independentista, bazkideen artean denetarik dago. Jordi Portak galdera paratzen ziotenean zioen, “ez, Òmnium ez da independentista, baina lan egiten du independentziaren gaineko erreferenduma egiten den egunean irabaz dadin”. Beraz, guk lan egiten dugu independentzia gauzatzeko. Gero, katalanismoak etapa amaiera bizi du, katalanismo tradizionalak Espainia modernizatzea zuen gogoan, eta Espainia modernoan lekua genukeela uste zen. Ondo. Espainia modernoa da jada eta ikusi dugu eta esplizituki esan digute garen bezala ez dugula lekurik, katalan izateari uzten badiogu sartzen garela, bestela ez. Saia gaitezke enegarrenez espainolak aldatzen, Espainia plurala eta gisakoak aipatuz, baina, aizue, Espainia zera homogeneo bat da. Gu aterako gara eta izan gaitezen bizilagun onak. Hain iruditzen zait arrazoizkoa, gureganako errespetuz, baina baita haienganako ere. Bakoitzak bere bidea, bizilagun onen antzera.

Independentziak hobetuko lituzke hizkuntza, kultura eta herria?


Noski, eusteko egiten dugun lanaren zati handi bat aurrera egiteko erabiliko genukeelako, ez genuke esplikatzen ibili beharko guk ere literatura ona dugula, literatura ona egiten arituko ginateke zuzenean. Konplexuak kenduko genituzke gainetik eta espainiarrek lagun bat irabaziko lukete, kontent, erlaxatuta legokeena. Eta ez diet espainolei leporatzen garen bezalakoak izaten ez uztea: gu geu ez gara ausartzen gure esperantza argiki planteatzera. Hori da aldatu beharrekoa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude