argia.eus
INPRIMATU
Lidergotik traiziora
Ainhoa LarraƱaga 2010ko azaroaren 10a
Judith Fernandez
Ez da ez inongo deskubrimendua hemen esan behar dudana. Hamaikatxo galdu ditu botere nahiak edo boterea eduki eta sortzen duen menpekotasunetik ezin askatu izanak.

Botere nahiak galdu ditu iraultzak, gerlak, gobernuak, alderdi politikoak, sindikatuak, herri elkarteak... herriak.

Beti botere posizioan egon direnek, ederki dakite ahalmen guneetan kulunkatzen. Boterea dastatzearen poderioz eta urte askoren ondoren ikasi dute erabakiak hartzeko ariketa elegante egiten; “betidanik” eduki izanak, eskaintzen duen naturaltasunez.

Bada bigarren tribu bat; boterea lehen aldiz eta kuota txikitan eskuratzen joan direnena. Hauek ezerezetik ekin diote malda igotzeari eta erabaki ahalmenak sentiarazten duen xarmaren gozamenak gehiago nahi izatera bultzatzen ditu.

Ideia, helburu edo aldarrikapen sozial edo politikoen defendatzaile izatetik jaiotzen omen dira lider edo erreferente sozial eta politikoak. Borroka duinen aldeko diskurtsoa da oinarritik hasi eta erabakigune edo ahal-gunetara eramaten dituena. Behin boterea eskuetan, boterearen eskutan erortzen dira; batzuen zein besteen nahiak asetzeko bidean.

Boterera eraman dituen diskurtsoaren erradikaltasuna, fintzen edo lausotzen hasten da, testuingurura moldatzen. Ez da erraza gestioaren ardura (enpresa eta erakundeen kasuan) edo gobernuaren ardura  daukagunean (alderdi politikoen kasuan), diskurtsoaren xarma eta lilura mantentzea.

Lortutakoa galtzeari beldur dietelako, boterera eraman dituenari uko egin edo iparrari eta helburuei tinko heldu. Horra askori sortzen zaien/zaigun ataka larria. Botereari eusteko desirak galtzen ditu eskaera duinak ere, bai eta horrekin batera benetako liderrak ere.

Liderra da, errebindikazioari leial zaiona, edozeren gainetik hitzari eusten diona eta kargua galtzeko arriskua albora lagata boterera eraman duen kolektiboari behin eta berriz leial izaten zaiona.

Zorionez badira, norbere interesen gainetik ordezkatzen dituzten pertsonei, ideiei eta interesei duintasunez eusten dietenak. Euren jarduna agindu dutenarekin koherentzian mantendu dutenak eta erabakien norabidea galdu ez dutenak.

Zuen nahiaren eta interesen gainetik ordezkatzen dituzuenena jarri duzuenoi, zorionak!