argia.eus
INPRIMATU
Izua... umore handiz
2010ko azaroaren 14a
izua....umore handiz
Monsters. Zuzendari eta gidoilari: Gareth Edwards.
Aktoreak: Whitney Able, Scoot McNairy.
94 minutu. Britainia Handia, 2010.


Beldurra pasatzera ez dakit, baina parrandarako eta barre egiteko gogoz joaten da jendea Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera. Filmak isiltasun baketsuan ikustea atsegin duzunetakoa bazara, ahaztu halako ekitaldiez, baina bestela esperientzia ezohikoaz eta katxondoaz gozatzeko aukera paregabea da, publikoaren parte-hartze biziarekin. Zeinek daki, etorkizuneko zinemak ikuslearen feedback hori bilatuko du beharbada.

Monsters
filmean, estralurtarrek (olagarro erraldoien itxurako munstroek) Mexiko dute bizitoki, harresi erraldoi batez inguratutako AEBetako mugatik gertu. Gauez ezkutalekuetatik ateratzen diren estralurtarrak kontrolpean izatea da politikari eta militarren helburua; eta bi protagonista estatubatuarrena, etxera itzultzea. Eta filma ikusten zegoen publikoarena, gainontzekoak entretenitzea: proiekzioak jendearen komentarioak izan zituen bidaide, sarri denek buruan genuena ahots ozenarekin errepikatuz. “To! Eta gainera moralista da pelikula”, “bai zera, hori ez da batere sinesgarria!”, “elipsia ere existitzen da zinema munduan!”… Eszenarik finenak beharrean, jendearen komentario burutsuenak txalotu zituzten ikusleek. Azken finean, gehienek izua bilatzen zuten pantailan, odola eta sustoak, baina Monsters ez da ikarazko filma. Ordainetan, butaketatik girotu zuten emanaldia, nahiz eta mozorrotutako jendea bota nuen faltan.

Kontuak kontu, pelikula gustatu egin zitzaidan. AEBen politikari, immigrazioari, giza-harremanei eta barneko izuei buruzko gogoeta interesgarriak planteatzen ditu. Baina ez, ez da beldurrezkoa.