Erreformaren kontrako manifestazioa Frantzian
Iragan urrian onartu zen Frantziako Gobernuaren pentsio erreforma, eta Iparraldeko euskal herritarrei ere eragingo die. Langile, ikasle eta herritarren greba eta manifestaldi ugariek ezin izan dute geldiarazi erreforma hori, Sarkozyk sustatua eta herritarren atxikimendua galarazi diona. Kontserbadoreen eta zentristen gehiengoz onartu da. Frantziako Gobernuaren ustez, erreforma berri horri esker, estatuak 70.000 milioi eurotik gora aurreztuko du 2018tik aurrera.
Honako hauek dira erreforma horren gakoak. Onartu den pentsio erreformak Frantziako herritarren erretiratzeko adin legala 60 urtetik 62ra atzeratzen du. Pentsio osoa kobratzeko adina denbora kotizatu ez dutenentzat, erretiratzeko adina 65 urtetik 67ra aldatzen da. Era berean, luzatu egiten da pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizatu behar den denbora, 40 urtetik 41,5era.
Sindikatuen exijentzien eta langileen eta herritarren mugimenduen aurrean Sarkozyren gobernuak egin duen kontzesio bakarra izan da erretiro adina 65 urtean mantentzea hiru seme-alaba dituzten amentzat eta desgaituen gurasoentzat.