Bidea ibiliaren ibiliaz eginez


2010ko azaroaren 14an
Iñaki Antiguedad
Denbora dezente pasatu dugu ezkerreko independentistok errotonda berean bueltaka, eta ez beti norabide berean, handik ateratzeko bide-orri eraginkorra aurkitzeko minetan. Azken urteak gertaeretan eman dituenak gogoan, behingoz asmatu egin dela pentsatu genezake, jakinda ere asmatzea ez dela kasualitatearen ondorio, denboraz landutako kausalitatearena baizik. Izan ere, norabide bereko urratsez betetako urtea izan da hau. Aspaldiko urte politikorik mugituena seguruenik, azkeneko argazkian izan behar duten guztiak mugitu ez badira ere, momentuz.

Ezker abertzaleak abiapuntuan aldebakartasuna ipini izanak egin du orain arteko helbidea posible, Bruselakoa izan, Euskaldunakoa izan, su-etenekoa izan, Gernikakoa izan, mobilizazio jendetsuak izan... aldebakarreko apustuak duen handitasunaren isla, dudarik gabe. Izan ere, kontrarioari aurrebaldintzarik eskatzen ez diozunez kontrarioak zure jokoz bazter sentitzen du bere burua; hortaz, sarekadak antolatzen erakutsi behar du joko-arautzailea bera dela eta, bide batez, aldebakarrekoan abiatzeko atrebentzia izan dutenei zalantzaz josi bidea, bihar-etziko badaezpadakoan.

Baldintzen ikuspegi honetatik, ulergaitz egiten zait erakunde armatuak Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan Bruselako Adierazpenak eskatu su-etenaz zioena, hots, prestutasuna izan baduela “urrunago joateko ere, horretarako baldintzak sortzen badira”. Aldebakarreko apustuak orain arte sortutako baldintzak baliatu behar ditu berriak sortzeko, kontrarioa mugitzeko besteko baldintzak sortu ere, baina ezin geratu kontrarioaren aldetik etorri litezkeen baldintzen zain, bestela ez zen aldebakarreko apustua izango. Eta hauxe mandatua.

Alde bakarrekoa abiapuntu, alde biko hitzarmen estrategikoak helbide, azkenean alde anitzekoa izan behar duen akordioa helburu. Paradoxa hartu badaiteke ere, orain urtebete LABeko egoitzan izandako atxiloketek eman zioten bultzada operazio horrekin saihestu nahi zuten gogoeta sakonari. Baina burutu egin zen eta ebatzi ere, politika ulertu eta egiteko modua eraberritu beharra zegoela, indarrak beste era batez erabilita, iraganetik zetorren inertzia aurrera begirako estrategia eraginkor bihurtuz. Erabaki hartatik eratorria da gerokoa.

Enfrentamendutik konfrontazio politikora igarotzeak baldintza berriak eskatzen ditu, lehendik sortuen osagarri. Hortaz, ezker abertzaleak legezko marka politikoa behar du, debate hartatik atera legetxe. Legezko marka besteen zelai berean aritzeko politikan, politika egiteari inoiz utzi ez badio ere; legezko marka bihar-etziko alde anitzeko mahaiaren bueltan egoteko, eta burujabetasuna ez ezik ezkerreko gizarte eredu baten aldeko apustua gizenduz joateko, finean. Eta hona beste paradoxa bat, formazio politiko berri bat legeztatzeko atxiloketak, eta tartean tortura, helburu politikoz erabiltzen dituen sistema politiko baten leihatilatik pasatu beharra! Urrats hori oztopatzera lihoazke atxiloketok, ezker abertzalearen esparru batzuetan zalantzak areagotzera, zuzenbidezkoa omen den Estatuarentzat ez baita gauza bera konfrontazio politikorako urratsa sektore oso batek edo parte batek ematea. Baina urratsa eman egingo dela dago esana, eta indar-metaketari eutsi ere. Hortaz, Altsasuko Mahaiko bultzatzaileek orain gutxi herri berean egindako agerraldian biolentziaz esanak bidea ematen du.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude