argia.eus
INPRIMATU
Auzapez zentrista euskaltzalea
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 07a
1995ean, Raphaël Lassallette auzapez sozialistarengana joan nintzen, eta bere taldean sartzea proposatu nion. Nire baldintza ekonomia arloko arduraduna izatea zen, axuanta: “Ez bazara ados ene zerrenda muntatuko dut” erran nion.

Bere taldeko lagunekin mintzatu ondoren, ados ziren, baina hautetsi soil bezala nahi ninduten. Ene nahikaria udaleko ekonomia arloko arduraduna (axunta gisa) izatea zen. Ezetza ukan nuen eta ene zerrenda osatu nuen lehen aldiz. Bozen %23 atera nuen zerrenda-buru bezala. Lassallettek eskuinari zerbait kenduko niola pentsatzen zuen, baina ez zuen uste ezkerreko bere zerrendatik hainbeste boz hartuko nuenik. Eskuinetik eta ezkerretik ia portzentaia bera irabazi nuen. Aski izugarria izan zen.

Bigarren aldian beheiti egin nuen, bigarren itzulian bozen %15 baino ez nuen erdietsi, zortzi puntu behera egin nuen. Eskuineko hautagaiak ene kontrako kanpaina gogorra egin zuen. Kotte Ezenarro sozialisten hautagaia izan zen lehen aldiz eta sozialisten zerrendak azkar egin zuen gora. Denak ene kontra aritu ziren.

Legealdi honetan, eraikuntza edota higiezinen aferak tarteko auzapeza jalgi nintzen. 2001 urteaz geroztik PLU delakoa (Hirigintza Tokiko Plana) gaizki garatzen hasi zen eta oposizio azkarra egin genuen gure taldekoek. Ni auzitegira eraman ninduten hirigintzako hautetsia difamatzeagatik. Auzia irabazi genuen eta legealdi honetan auzapez hautatua izan nintzen, Bateginik Aintzina zerrendaren izenean.