DK Muralismo, hiria koloreen bidez sendatzen

  • Askorentzat pentsatzea ere zaila den arren, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoek betidanik gorde izan dute Bilbo sortzailearen zati handi bat. Hiriko erdigunea eraiki zuten arkitekto berberek egin zituzten bertoko etxeak; han bizi izan dira musikariak, margolariak eta hainbat politikari. Testuinguru horretan eta auzoko sasoi latzei aurre eginez sortua da gune publikoak itxuraldatzen aitzindari den DK Muralismo enpresa. 
DK muralismo
DK Muralismo
Sergio Garcia, “Sei”, eta Jose Ramon Bañales, “Bada”, enpresako bazkideak egiten duten lanaz mintzo zaizkigu. Gogorarazi digutenez, mota askotakoak eta larriak ziren Bilbo Zaharrak eta San Frantziskok orain dela 30 urte pairatzen zituzten arazoak. Baina kemen handiz biztanleek eta Auzo Elkarteak egoerari buelta ematen jakin izan zuten.

“Gure lana auzo honetan jaio zela esan daiteke. Degradazioa nagusi zen momentuan, Auzo Elkarteak bultzatutako hainbat ekimenetan bat egin genuen hemengo zenbait artistak. Urte haietan hasi ginen muralak egiten”, azaldu du Badak; “aurrerantzean, hura guztia transbertsalitatez busti ahala, egoera salatzen ez ezik muralismoak gune degradatuak zaharberritzean bere lekua hartu zuen”. 1990 eta 1992 urteen artean, Paisaian Eragiteko Taldeak (EIP-PET) egitasmoaren barruan egin zituzten lehenengo lanak, Gorte kalean eta Naja moilan: “Hasieratik izan genuen kalean kolorea sartzeko asmoa baina errealitate soziala bistatik galdu gabe. Gure lana auzolanetik jaio zen”. Hasierako lan haietan iraupen luzeko langabetuek hartu zuten parte lehenik, eta 21 urtetik beherakoek, gero. “Garai haietako mural asko gure proposamenei esker Surbisak (Bilboko auzoak birgaitzeko udal enpresa) sustatu zuen lehiaketa baten eskutik egin ziren, langabetuak edota toxikomanoak tarteko; hau da, aldaketak eragin nahi izan genituen arlo sozialean artea eta errealitatea muntatuz, nahastuz. Xede horrekin jaioa da egungo hau guztia”.

Horiek dira DK Muralismoren hastapenak, enpresa moduan 2001ean sortu bazen ere. “Orain, muraletatik (gune publikoan koadrotzat edota irudi artistikotzat jo daitekeena) haragoko lanak egiten ditugu, batez ere gune publikoetarako arte-proiektuak.

Gure helburuen oinarria bizi kalitatea hobetzea da” dio Badak; “hirietako ingurumen baldintzak hobetu nahi ditugu”, segi du Seik, “argi dago gure herriek (industriagintza edota azpiegitura erraldoiak direla medio, esaterako) gune degradatu asko dituztela, kolorerik gabeko arkitektura, paisaia, nagusi dela; itxura etsigarria duten gune horiek eraldatu eta suspertu nahi ditugu, jendearen erosotasuna eta osasuna ahaztu gabe: kolorea osasunaren ezinbesteko osagaia da. Kritikoak gara oso hirian, normalean, erabiltzen diren koloreekin (grisak, banillak, okreak). Gure ustetan, tokian tokiko ikus-ezaugarriak eta ezaugarri kromatikoak itxuraldatzea beharrezkoa da erabat. Bestelakoak dira gure proposamenak”.

DK Muralismok mota guztietako eraikinetan lan egiten du: etxebizitza blokeetan, plazetan, kiroldegietan, eskoletan... Azpiegiturei dagokienez, beren diseinuak ikusgai daude euspen-ezpondetan, autobideetako zutabeetan, ur biltegietan, hesietan edota tuneletan. Formatu handiko muralak eta eraikinetarako estaldura artistikoak dira, gehienbat. Bilbo, Sestao, Lekeitio, Bermeo eta Madril ditugu, besteak beste, interbentzioen lekuko. Bilboko Kirikiño plaza, 2.200 metro koadroko lana, begien kuttuna dute.

Behin eta berriro azpimarratu duten bezala, lan guztiak kolorean daude oinarrituta: “Faktore garrantzitsua da. Zerbait egiterakoan, kontuan izaten dugu beti. Dena dela, leku guztiak ez dira berdinak, bakoitzak bere berezitasunak ditu: gune batean interbentzio bat egiterakoan, hango ezaugarriak aztertzen ditugu, hala nola, oinarrizko ikuspuntuak, inguruko paisaia, kultura eta ohiturak”.

DKren lanetan mota askotako diseinuak badira ere, geometrikoak eta gama kromatikoak (urdinak, gorriak, moreak, berdeak...) ugariagoak dira figuratiboak baino. “Maiz, interbentzioa, lana, ez da egiten geuk diseinatu dugun bezala. Batzuetan, auzokideek proposatzen baitute zer edo zer”, dio Badak. Horixe da, adibidez, Arangoitiko ur biltegiaren kasua: auzoko historiari lotutako hainbat pertsona agertzen dira, biztanleek hala iradokita. “Beste batzuetan, erakundeek, beren beharrei erantzuteko-edo, aldaketaren bat egiteko eskatzen dute.

Gainera, kontuan izan behar dugu hainbat artistak osatutako taldea garela, eta nork bere lengoaia dauka”. Bi dira proiektuak sortzeko bideak: “Sarritan, denon artean jorratzen dugu diseinu zehatz bat; besteetan, bakoitzak pentsatzen du irtenbide bat, nahiz eta kasu horietan ere elkarri iritziak ematen dizkiogun”.

Enpresako bazkideak lau diren arren, arlo ugaritako profesionalekin egiten dute beharra; hamar eta hamabi pertsonako lan taldeak osatu dituzte behin baino gehiagotan. Horrek lan handiak egiteko gaitasuna eta kalitate maila handia izatea ahalbidetzen ditu. “Oso talde interesgarria izan ohi dugu, anitza. Horrek erregistro ezberdinak edukitzen uzten digu; baliabide asko ematen dizkigu”, azaldu du Seik; “horietako asko San Frantziskokoak dira; hemengo harrobia baliatzen dugu lan egiteko. Garrantzitsua da hori: galeriak, estudioak, herri ugaritako kulturak eta artistak ditugu inguruan. Oso testuinguru sortzaile eta parte-hartzailea dugu”.

Gune publikoen inguruko ardura dutenez gero, erakundeak dira ohiko bezeroak, baina ez bakarrak. “Bulegoak ere egin izan ditugu. Diseinatzaileekin eta arkitektoekin lan nahikotxo egiten dugu”, azaldu du Badak; “eta ezin ahaztu ematen ditugun ikastaroak ere; gure lanaren alde inportantea dira.

Mota guztietakoak ditugu, adin guztientzat, baita hiri artearekin edota muralismoarekin zerikusirik ez dutenak ere. Egin ahal dugu maskara tailer bat arte plastikoak gazteengana gerturatzeko, adibidez. Arte plastikoak zabaltzeko edota ludiko den zerbait egiteko”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude