Pentsamendu txikien egutegia deitu diogu. Ez dira pentsamendutxoak. Txikitasunak ez du huskeriarekin zerikusirik. Txikiak dira motzean esandakoak direlako, baina sarritan, konpendio oso bat laburbiltzen dute, edo bizi oso bat, edo garai jakin bat, filosofia korronte bat, jarrera bat… Hitz gutxiko esaldian, indar handiko mailuak direlako hautatu ditugu.
Gehiago edo gutxiago, pertsonaia ezagunak dira denak, kultura orokorrekoak, mundukoak eta bertakoak, aspaldikoak eta gaur egungoak, ofizio eta jardun ugaritakoak: futbolariak, filosofoak, aktoreak, ekonomialariak, irakasleak, idazleak…
Ikuspuntu ausarta eskaintzen digute egunero –normalki goizero, ohiko irakurleek aipatu digutenez–, munduari beste norbaiten begiz erreparatzeko modu bat, ados egon edo ez, ingurua ulertzeko sistema bat.
Hemen ageri diren pertsonak jardun jakinari lotuta gogoratzen ditugu denok: Albert Einstein fisikari, Coco Chanel modari edo goi mailako jostungintzari, Woody Allen zinemari, Agatha Christie misteriozko literaturari… Orriz orriko egutegian, nagusiki bizitzaz ari direla konturatuko zara. Esaldiaren bidez, pertsonaiari baino, pertsonari hurbilduko gatzaizkio, beraz. Hona gogoeta gutxi batzuk, adibide gisa: “Izugarri tristea da: talentuak edertasunak baino gehiago irauten du” (Oscar Wilde, idazlea); “Zorionekoa bere buruari barre egiten diona, sekula ez baitzaio dibertimendurik faltako” (Habib Bourguiba, Tunisiako politikaria); “Iragana tranpolin gisa erabili beharko genuke, eta ez besaulki bezala” (Harold MacMillan, politikaria); “Porrotak gauza on bat du, inoiz ez dela behin betikoa. Aldiz, garaipenak zerbait txarra du, sekula ez dela behin betikoa izango” (Jose Saramago, idazlea).
Eta aurrealdean, betikoa: santuak, izendegia, eguzkia eta ilargia, itsasgora eta itsasbehera, Euskal Herri osoko jai egunak…