argia.eus
INPRIMATU
Mattin Troitiño: "Biktimaren esanahia desitxuratu da interes pertsonal eta partidisten mesedetan"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko ekainaren 30a

Biktimak, presoak, sufrimendua, errekontziliazioa...

 



“Biktima hitz bat da. Esanahi bat dauka. Azken urteetan erabilpen bat eman zaio. Biktimaren esanahia desitxuratu da interes pertsonal eta partidisten mesedetan".

Biktimak eta kaltetuak parametro berdinetan jartzen ditu Mattinek: “Nik biktima naizela esan dezaket. Txikitatik bizi izan dudan egoeraren ondorioz kaltetua naiz. Gatazka politikoaren ondorioz. Biktimak ez dauka errurik. Aitzitik, errua du biktima bere nahiaren arabera erabiltzen duenak. Hitzak ez du errurik, hitzak norberak errealitatea ikusteko modutik interpretatzen, erabiltzen ditu".

"Idealizatzearen kontra nago. Aita, osaba eta anaia –beste 700 lagunekin batera– preso dauden herritarrak dira. Kezkak eta beldurrak dituzte, zoritxarrak eta zoriontasunak, familia dute beren atzean, herri bat aurrean, erabaki bat hartu zuten pertsonak dira: herri honen aldeko askapen mugimenduan, molde batez edo bestez, parte-hartzea. Ez dira heroiak ere".

"Ezin da batzuen eta besteen sufrimendua konparatu, sufrimenduaren jatorria konpondu behar da. Guztiontzako berdin balio du sufrimendu hitzak. Errekontziliazioa izango bada, herri honetan baldintzak eman behar dira oinarrizko gaiez berdintasunez hitz egin ahal izateko, inolako diferentziarik gabe. Eskubideak guztiak eta guztiontzat behar dira".

"Gauzak konpontzeko modu bakarra hitz egitea da. Niri ETAren indarkeria jasan duen pertsona batekin egotea gustatuko litzaidake, edo bestelako indarkeria jasan duenarekin, errealitateaz eta bakoitzaren bizipenaz hitz egiteko, sufrimendua jasango ez dugun testuinguru batera iristeko moduaz mintzatzeko. Nik besoak zabalduta dauzkat, inolako gorrotorik gabe".

Bake prozesu posibleaz


"Etapa berri bat zabaltzen ari da, oinarrizko giza eskubideetan, eskubide zibil eta politikoetan oinarrituta. Berriz ere esperantza zabaldu da, sufrimendua eragiten duten eragile guztiak geratzeko. Sufrimendua, besteak beste, presoen eta iheslarien senideek jasaten dugu".

"Egoerak bi alde ditu. Ona da bata: poza sortu da, nahi bat, gero eta jende gehiagok desio du presoen arazoa konpontzea. Eta txarra bestea: kalean gero eta urrats gehiago ematen diren heinean, Espainiako Estatuko botereek, Gobernua tarteko, mekanismoak are gehiago zorrozten dituzte, gero eta gehiago estutzen dituzte presoen lagunak eta senideak. Beraiek jakingo dute zergatik egiten duten hori, ez naiz sartuko baloratzera. Baina, aurreko prozesuetan bezala, honetan ere, poza eta nahiarekin batera urduritasuna areagotzen da. Urduritasuna, Espainiako Estatuaren indarren aldetik ez dagoelako borondaterik herritar guztien nahiak marko demokratiko baten baitan ahalbidetzeko".