Ezkerrean Mademoiselle de Beaumont eta eskuinean Chevalier d"™Eon. Biak, andereñoa eta zalduna, pertsona bera ziren eta gaur egun oraindik ez dago garbi emakumezkoa ala gizonezkoa zen.www.wikimedia.org
Paris, 1810. Charles Geneviève Louise Auguste Andrée Timothée d’Eon de Beaumont hil zen 81 urte zituela. Emakumezko hiru izen zituen eta gizonezko beste hiru. Dualtasun horrek bizi guztian iraun zuen, baina autopsiak, itxuraz, zalantzak argitu zituen: “D’Eon zaldunaren gorpua aztertu eta disekzioa egin diodala eta organo maskulinoak erabat garatuta topatu ditudala egiaztatzen dut”.
Gizonezko moduan bizi zen d’Eon, Louis XV.aren inteligentzia zerbitzuburuak, Conti printzeak, Errusiara bidali zuenean, bi herrialdeen arteko harreman labainak estutu asmoz. Elisabet I.a tsarinarengana hurbiltzea zaila izango zela jakitun, emakumez jantzita iritsi zen San Petersburgora. Estrategiak emaitza ezin hobea lortu zuen: d’Eonek tsarinaren konfiantza eskuratu zuen berehala. Geroago gizonezko moduan itzuli zen Errusiako gortera eta bere burua mademoiselle Deaumonten anaia gisa aurkeztu zuen. Anbiguotasun horrek zurrumurruak piztu zituen jaioterrian.
Egindako lan diplomatikoa eskertzeko kapitain izendatu zuten eta Zazpi Urteko Gerran lan bikaina egin zuen. Zurrumurruak itzali ziren orduan, emakumezko batek, nonbait, ezin zuelako gerran halako jarrera ausartik izan. Gobernuak Londresera bidali zuen gero, enbaxadorearen idazkari izateko. Han ere karrera militar arrakastatsua izan zuen eta Ohorezko Legioko kapitain izatera iritsi zen.
Louis XVI.ak aitona ordezkatu zuenean, d’Eonek Parisera itzultzeko baimena eskatu zuen, baina erregeak ukatu egin zion. Haserre, sekretu diplomatikoak argitaratzen hasi zen eta Versailleseko gobernua negoziatzera behartu zuen. Diru kopuru bikaina jaso zuen isiltasunaren truke, eta Parisa itzultzeko aukera izango zuen, emakumea zela egiaztatu eta sekula berriro gizonezko identitatea hartzen ez bazuen. Eta hala egin zuen. Ordurako bere sexuari buruzko apustuek 300.000 liberako funtsa bildua zuten eta medikuen ziurtagiriak emakume zela adierazi zuenean, bat baino gehiago aberastu zen.
Frantziako Iraultzak monarkiak jarritako baldintzak indargabetu arren, d’Eonek emakume moduan jokatzen jarraitu zuen ia 40 urtez, hil arte. Eta orduan, autopsiak gizonezko jaio zela esan zuenean galderak hasi ziren berriro: zergatik eman zituzten medikuek kontrako diagnostikoak?
Erantzun garbia eman zuen garai hartan emakumeetan aditu handiena zen Giaomo Casanovak: “Gizon jokamoldea izan arren, hamabost minutu ere ez nituen behar izan emakumezkoa zela jakiteko”.