ETA-ren baietzaren zain

Marisol Ramirez / Argazki Press

EZKER ABERTZALEA
hauteskundeetara nola aurkeztu ahal izango den, hori da gakoaren iltzea orain. Duela oso gutxira arte, bazirudien datorren maiatzerako ez zela posible izango, eta orain ordea, kontrakoa dirudi. Arnaldo Otegiren El Pais-eko elkarrizketarekin hasi zen PSOEren irudi biraketa eta honek irekitze bidean jarraitzen du.

Ohi moduan, Madrilen ekin zaio irekiera bidaia horri, eta arazoaren itxiera Moncloak eta Ferrazek bideratuko dute. Hala izan da estatu arazo guztietan. Horixe ikusi genuen 2006ko bake prozesuan, ikusi dugu orain Estatutuaren eskumenekin EAJk eta PSOEk egindako negoziazioan eta berdin ikusten ari gara bake prozesu honetan ere.

Moncloak bere urratsa taularatu ondoren, ETAk Bruselako Adierazpena onartzen duela adierazi beharko luke. Iraileko su-eten iragarpenean moduan, orain ere azarorako iragartzen da erakunde armatuaren onarpen hori. Halako filtrazio handien historiak edozertarako funtsa ematen du, baina bi bake prozesu hauetako mugimendu handienetan, su-eten iragarpenak bete egin dira. 2005eko urte bukaeran, esaterako, ETAren su-etena bazetorrela aipatzen zen indarrez eta kosta bazitzaion ere, 2006ko martxoan gauzatu zen. Aurtengo abuztuaren bukaeran ere berdintsu gertatu zen, eta ETAk bere isileko su-etena publiko egin zuen. Hedabideren batzuek ETAren erantzuna azaroaren 10a baino lehenago emango dela aurreratu dute jada.

Hala gertatzen bada, aurrerapauso itzela litzateke eta hauteskundeetarako lasterketaren ateak parez pare irekita geratuko lirateke. Denak adierazten du antzerki gisako bat biziko dugula gai honetan. Hau da, nola egingo du Espainiako Gobernuak ezker abertzaleari atea irekitzeko, baina aldi berean Espainian tinkotasun irudia salduz? Bada beti egiten duen gisan, noizean behin azenarioa erakutsiz eta gehiagotan egurra banatuz. Orain arteko hariari jarraituz, beraz, eta zoritxarrez, Segirena moduko polizia-operazio gehiago etorriko direla pentsa liteke.

HAUTESKUNDEAK
ez dira prozesu honen helburu nagusia, ezker abertzaleak argi utzi du hori eta begi bistakoa da. Mende erdiko zikloa ixtea, hori da erdietsi nahi duena, aldi berean, pilatutako kapital politikoa aro soberanista berriaren zerbitzura jarriz. Baina bide horretan, datozen hauteskundeetan egotea giltzarri da beretzat eta egin beharrekoak eta bi egingo ditu hala izan dadin.
Behin ETAk Bruselako Adierazpena onartuta, ezker abertzaleari ere samurrago egingo litzaioke PSOEk eta Espainiako iritzi publikoak irentsi dezakeen formularen bat erabiltzea. Gobernuak, bere aldetik, tresna garrantzitsuak ditu hautagaitzen ateak ireki eta ixteko, besteak beste fiskaltza nagusia eta estatuaren abokatua. Espainiako Gobernuak ez badu nahi, ez dago Auzitegi Konstituzionaleko atea irekiko duen giltzarik; Gobernuak nahi izanda, ezker abertzalea pasatuko da.

Agian ate guztiak irekitzen dira eta ezker abertzaleak, beste edozeinek moduan, parte har dezake eta listo. Baina ez dirudi, hori errazago gertatuko da 2012an (Espainiako orokorrak) eta 2013an (Eusko Legebiltzarra). Oraingoan logikoagoa dirudi ate bat zabaltzea eta beste bat ixtea. Herrietako zerrendei ateak zabaldu, esaterako, eta diputazioa eta Nafarrroako Gobernuko ateak itxi. Hori izan zen gutxi gorabehera 2007ko formula. Diputazioen aukera itxiz gero, ezker abertzaleak beti izango du horietarako botoa beste norbaitentzat eskatzea. Nafarroan berdin, nahiz eta botoa NaBairentzat eskatzea ez litzatekeen horren samurra. Kasu horretan, kontrako kanpainarik ez egitea ere nahikoa litzateke.

Ezker abertzalearentzat herrietan egotea da garrantzitsuena oraingoan, udaletatik etorkizunerako erronkei aurre egiteko zorua duelako. Zapateroren Gobernuarentzat, aldiz, Espainian ezker abertzaleko marka argi baten debekua ikus araztea izan liteke garrantzitsuena. Borondatearekin ateak irekitzen jarraitu dezakete, bestela jai, dena izango da aski korapilatsuagoa. Baina lehenago edo geroago urtegia irekiko da, eta bitartean, ezker abertzaleak sendotzen jarraitzeko aukera handia du.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude