Gazteak eta helduak haserrean bat eginda

  • Nicolas Sarkozyren Gobernuak aurrera atera du Senatuan erretreten erreforma. Asteotan azken hamarkadatako herri mugimendu sendoena bizi dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko karrikek. Langileek eta ikasleek bat egin dute Gobernuak sistema insolidarioa gibelera dezan. Herritarrak akituta daude euren eskubideen zanpatzeaz.
Erretreten erreforma
Le vieillissement ne peut pas se contourner, il faut l'assumer” (Zahartzea ezin da eragotzi, onartu beharra dugu). Esaldi horrekin iragarri zuen ekainaren 16an Eric Woerth Frantziako Lan ministroak erretreta atzeratzeko erreforma. Beste kontu batzuen artean, Sarkozyk 60 urtetik 62ra igoko du erretiroa hartzeko urtea, pentsioa osorik kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua ere handitu egingo da 2012tik aurrera: 41 urte. Eta hala egiten ez duenak 67 urterekin jaso ahal izango du pentsio osoa, lehengo 65 urteren aldean. Funtsean, diru gutxiago eta lan gehiago eskaini die frantziarrei Gobernuak, zahartzearen izenean (Net Hurbil sailean aurkituko ditu irakurleak pentsioen erreformaren atzean ezkutatzen denari buruzko datuak, 48. orrialdean).

Woerthen ekaineko agerraldi horretatik, Gobernuaren proiektuaren kontrako perturbazioak ez dira handitu besterik egin eta azken asteetan gertakariak bizkortu egin dira, klimaxa iritsi delarik joan den urriaren azkenetan, findegietako grebak eta blokeoek Frantzia osoko garraio sarea arteka zailean utzi dutenean. Lerro hauek idazterako orduan petrolio hornidura bere onera itzultzen ari da baina mobilizazio jendetsuek jarraitzen dute eta “barraskilo” operazioen berri ematen duten tweetak iristen dira konputagailura etengabe, #grevepaysbasque etiketaren bidez.

“Greba ez da kapritxoa”

Lehenengo hesola ekainaren 24ko greba egunean jarri zuten sindikatu eta kolektiboek. Baionan 10.000 manifestari irten ziren karriketara eta grebak eragina izan zuen hezkuntzan, saltokietan, La Poste-n eta SNCFn, besteak beste. Frantzian bi milioitik goitik egin zuen erreformaren kontra. François Fillon lehen ministroaren erantzuna: erreforma negoziatu bai, baina ez jasotzen dituen oinarrizko ideiak. Gisa horretan, Gobernuak atea zabaldu zion oporraldiko itzulera beroari; sindikatuek irailaren 7an jarri zuten hitzordua.

Irailaren 7an, Asanblea Nazionalean diputatuak lege proiektua aztertzen hasi ziren egun berean, alimaleko greba egin zen Estatu osoan eta Gobernuak onartu behar izango du aurrekoak baino mugimendu indartsuagoa izan zela. Baina amore eman ez eta bi egun geroago pentsioen erreformak Asanblea Nazionalaren onarpena izan zuen, UMP eskuindarraren gehiengo absolutuari esker.

Parisetik Biarritzera jardunaldi batzuen karietara etorri ziren UMPko diputatuek ez zituzten elkarretaratuen oihuak entzun ere egin Irati erakustazokatik. Poliziek osatutako giza-alanbrada aurkitu zuten aireportu inguruetan erretretaren aldeko kolektiboko kideek. Irailaren 23a zen eta mobilizazio itzela burutu zen Baionan (15.000 lagun). Sarkozyk bi astean bigarren greba orokorra jaso zuen egun horretan –%30eko popularitatea zuelarik, behea jo zuen Frantziako presidenteak–: “Ez badu entzuten, mobilizazio gehiago izango dira” zioen CGT sindikatu nagusiko Bernauld Thibault idazkari nagusiak.

Urriaren 2an derbya izan zen Jean Dauguer estadioan, txuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin Biarritz Olimpique-ko Yachviliren hankarekin. Baina mele-erdiarena ez zen egun hartan sartutako zigor kolpe bakarra izan. Intersindikalak (CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaries eta Unsa) eta LABek –beste bloke batean bazterturik– deituta 10.500 jendek parte hartu zuen erretiroa atzeratzearen aurkako manifestaldian, larunbata eta errugbi partida izanik ere. Erreforma onarturik zen arren, inork ez zuen gurdi mandoa hilik ikusten. Oraindik Senatutik igaro behar zuen legeak.

Asanblea Nazionalean ez bezala, UMPk ez du gehiengo osorik Senatuan. Sarkozyk zentristen botoak behar zituen legea aitzinera eramateko etxe horretan, eta horretarako agerikoa zen kontzesioak egin beharra zuela. Proiektua Senatuan eztabaidatzen hasi eta bi egun geroago, urriaren 7an, erreforma “biguntzen” zuten aldaketak iragarri zituen Eliseoko apopiloak. Ama izateagatik denbora batez lana utzi behar izan duten emakumeei pentsio osoa kobratzeko baldintzak hobetzen dizkie emendakinak. Baina pentsioen erreformaren pasarte polemikoenak ez zituen ukitu ere egin. Biharamunean, senatariek 5. artikulua onartuko dute –erretreta atzeratzea aurreikusten duena– eta erreskadan 6. artikulua eztabaidatzen hasiko dira –pentsio osoa kobratzeko 67 urte edukitzea agintzen duena–.

Jack Ralite komunista zaharrak ezin hobeki deskribatu zuen herritarrek karrikan zuten sentsazioa: “Uste duzue indarrez pasa zaitezketela” bota zien UMPko aulkietakoei, “greba ez da kapritxoa!”. Inkesten arabera, herritarren %71k begi onez ikusten zituen protesta mugimenduak. Gauzak horrela, jadanik greba mugagabearen hautsak arrotzen hasiko dira sindikatu zenbaitzuk, efektiboagoa delakoan.

Ekonomia blokeatzeko estrategia

Laugarrenez, Frantziako Estatu osoan grebara eta mobilizaziora deitu zuten sindikatuek urriaren 12rako. Baionan 17.000 pertsona karrikaratu ziren. Frantziako hiri nagusietan, berriz, hiru milioi lagunek esango diote Sarkozyri gibelera egiteko. Baina egun hartan hainbat eskalafoi egin zuen gora pentsioen erreformaren kontrako mugimenduak. Alde batetik, lehenbizikoz ikasleek ere hartu zuten parte borroka horretan; bestetik, hainbat enpresa eta zerbitzutan greba berriztagarriei ekin zieten –24 orduz behin bozkatzen dute langileek lanera itzuli ala ez–.

Senatuan erreforma erabat onartzeko eguna hurbildu ahala ezinegona in crescendo joan zen. Ikasleek lizeoak blokatu eta manifestaldiak egingo dituzte, “Sarko lekuak huts!” egiten zuten oihu milaka gaztek Baionako Lan Burtsa inguruan. Ipar Euskal Herriko 15 lizeotatik erdia itxiarazi egin zituzten eta horietako askotan ikasleek kanporatze mehatxuak eta presioak jasan zituztela salatu zuten Ikasi eta Irauli plataformako ordezkariek. Frantziako 4.000 ikastetxeetatik ia laurden bat ere itxita egon zen hainbat egunez. Agentziako argazkilari batek Pariseko Senatu aurrean harrapatutako irudian “¡No future mais retraite!” (Erretiroaren ondoren etorkizunik ez!) irakur daiteke, gazte batek eskuetan duen kartoian.

Grebalariek Estatua “ekonomikoki blokeatzeko” sektore estrategikoetan jarri dituzte indarrak, bereziki petrolioaren horniduran. Urriaren erdialdean Frantziako 12 findegiak greban ziren eta poliziak depositoak desblokatu ahala blokatzen zituzten berriz ere piketeek. Marseillako Fos-Lavera portuak ere –Europako hirugarren handiena– trabaturik daramatza hainbat aste eta hamarnaka petrolio-ontzi ezin sarturik dabiltza. Egunik kritikoenetan 4.000 gasolindegi inguru karburante gabe zeuden Gobernuaren kalkuluen arabera. Bestalde, hegaldiek eta garraio sareak erruz igartzen ari dira protesten eragina, baita Lapurdin ere. Esaterako, A-63 autobideko eta Baionako portuko trafikoa oztopatu zituzten hainbat aldiz sindikatu eta plataformek, bai eta okupazioak burutu ere enpresa esanguratsutan –Oldartuko eta erretreten aldeko kolektiboko kideak erretiroak gestionatzeaz arduratzen den Crama erakundearen Baionako egoitzan sartu ziren–.

Urriaren 19an inoiz Lapurdiko hiriburuan ikusi den manifestaldirik handiena egin zen: 19.000 lagunek hartu zuten parte Senatuko deliberoaren presionatzeko asmoz. Protestak beste herri batzuetan ere sumatuko dira, Donapaleun eta Donibane Garazin kasu. Frantziako hegaldien %50 bertan behera geratuko da egun horretan eta tren lasterren ibilia motela izango da.

Nicolas Sarkozy presidenteak, Lyon eta Nanterren ikasleekin izandako istiluak erabili zituen diskurtso gogor batez mugimenduari erasotzeko: “Bandaloek ez dute azken hitza” zioen Sarkok. Horrez gain, findegiak eta depositoak indarrez desblokeatzeko agindua eman zuen. Paris osoa hornitzen duen Grandpuits-eko findegia izan zen poliziak asaltatzen lehena, urriaren 21ean. Azkenean, ia hiru asteko eztabaidaren ondoren, urriaren 22an pentsioen erreforma onartu zuten Senatuan: 173 boto alde eta 153 kontra.
Legea onartu delarik, Gobernuak mugimendua “desinflatzen” ari den mezua zabaldu du –urriaren 28ko greba eta mobilizazio egunak aurrekoek baino indar gutxiago izan du, hein handi batean ikasleen oporraldiak desbirtuaturik–. Ez bide da hori eragileen iritzia. “Deus ez da fini” dio Donapaleuko LABek e-postaz igorritako oharrak: “Grebak sektore desberdinetan segitzen du (...) egunero eta leku guztietan ekintzak burutzen ari dira”.

Momentu honetan kolektibo eta sindikatuek perturbazioak azkartzeko lanean dihardute. Oldartuk Baionako suprefetura okupatu zuen joan den astean eta Facebook-eko aktualizazio berrienek jendarmeekin izandako tira-birez hitz egiten dute. Adrien Kempf hazpandarrak, Greve solidaire webgunean milaka euroko laguntza bildu du herritarrengandik, mugimenduarekin jarraitu eta grebak finantzatzeko. Reuters-en azken orduko mezuak Fos-Laverako langileek greban jarraituko dutela dio. Irakurleak artikulu hau irakurriko duenerako begirada guztiak azaroaren 6ko mobilizazio egunean izango dira.
Michaël Alzibar, Oldartu plataformako kidea
“Gobernuak uko egin dio karrikaren legitimitateari”

Protestak erretreten erreformaren kontrakoak dira, baina askoren ustez Sarkozyren politika orokorraren kontra ere badira. Non dago jendearen haserre horren jatorria?


Iparraldean eta Frantzian gertatzen ari dena krisi politikoa da. Gobernuak jendearen eta karrikaren zilegitasunari uko egin dio, erranez “bil zaitezkete karriketan eta hala ere guk gure proiektua mantenduko dugu”. Horretan oinarritzen da haserre gehiena, Gobernuak ez duelako entzuten jendeak aldarrikatzen duena. Hori erreforma baino gehiago da niretzat.

Gobernuak aurretik egindako beste politika batzuei erantzuna al da? Sarkozyren irudia ezbaian dago erabat.


Segur aski hori ere bada. Frantzian mugimendu sozialak aspaldi ez duela zerbait irabazi, 1995etik Frantzian dena galdu da: 2003an greba izugarriak egin ziren eta galdu egin genuen, trenbideetan ere erreformak izan dira eta haiek galdu egin dute... Soilik ikasleak atera dira irabazle, 2006an, CPE proiektua atzeratu zutenean, haiek dira bakarrak. Gizartean ari da haserre iraunkor bat sortzen eskuindar politika eta kapitalismoari begira. Gero eta gehiago konturatzen dira Frantzian badirela bi ibilbide, bata aberatsentzat eta bestea beste guztientzat.

Deigarriak izan dira protesta hauetan hartutako borroka moldeak: findegiak greban, bideak blokeatuta... Gobernua egoera larrian utzi dute.


Beste borroka mota bat sortu da hemen, estrategikoa. Arrazoia aski sinplea da: Gobernuak ulertzen du ekonomia dela garrantzitsuena eta arlo soziala edo kultura ez dira inportanteak. Beraz, jendeak zer pentsatu du? Ekonomia blokatzea. Frantzian, horretarako petrolioa blokatu behar da. Findegietan ikusi dugu Gobernuak ez duela nola erantzun, polizia bidaltzen duela aldi oro grebak hausteko edo legearen bidez langileak lanera bortxatzeko.


Eraginkorragoa da?


Badakigu egoera ekonomikoagatik zaila dela greba orokorra egitea eta horregatik ari gara borroka estrategikoak egiten. Grebak astero egiten ditugu egun batez, eta gainerako egunetan, Oldarturen kasuan, ekintzak egiten ditugu: joan izan gara prefeturara, aireportuak blokatu ditugu... Ingelesetik etorri den flash mobilization ikusgarriak eta eraginkorrak biderkatzen ari dira.

Orain arte sektoreko protestetara ohituta geunden: ikasleak, nekazariak... Kasu honetan mobilizazioa orokorragoa da. Elkartasunik sortu al da herritarren artean?


Erretretak denok hunkitzen gaitu: langileak, langabezian daudenak, ikasleak... orokortasuna hortik heldu da. Aspalditik ez dugu deus irabazi eta elkartasuna piztu da. Oldartun hainbat erakunde, alderdi eta sindikatu dira eta aski elkarturik, jendeak ulertu baitu borroka ez dela bakarrik eramaten ahal eta batasuna behar dela gauzak irabazteko.


Oldartu bezalako kolektiboak protagonismo handia izaten ari zarete.


Hastapenean gibelean egon gara, sindikatuen lana da hori. Baina ikusi dugu ez dutela beren rola betetzen eta horregatik bultzatu dugu dinamika hori Oldartuk eta erretreten aldeko kolektiboak. Sindikatu bakoitzak bere jokoa eramaten du, gu ez gara horretan, batasuna eta elkartasuna dira gure leit motiv-a.


Legea jadanik onartua da. Zer egin orain?


CPE ere onartu zen baina gibelarazi zuten. Ez dugu denbora muga bat, sondeoetan ikusi dugu jendea prest dela segitzeko.


Batzuek diote mugimendua behera doala.


Hori Gobernuaren komunikazioa da mugimendua barrutik estutzeko. Guk ikusten dugu gero eta jende gehiago dela karriketan. Tokiko berriak entzunez gauza ez da onera joan, kendu zituzten blokeoak findegietatik baina langileek kamionak blokatzen dituzte orain. Ez da bihar konponduko arazoa.
Perpetuum mobile?
Adiskide maiteok, 2010. urtean dena dago etengabeko mugimenduan. Dena? Ez. Herritar euskaldun, okzitaniar, bretainiar, korsikar eta galiar batzuek buru egin diote kapitalismo globalaren axioma horri eta grebaren bitartez estatua gelditzeko zorian utzi dute. Erretreten erreformaren kontrako ekimenak mugikortasunean izan duen eragina harrigarria da eta begibistan jarri du sistemak ez daukala gauza batzuei aurre egiteko adina zain.

“Sare bakoitzak gune ahulak ditu; korapiloak, desegite hutsarekin zirkulazioa gelditzen dutenak, ehundura barrutik lehertuz. Europako azken matxura elektriko handiak erakutsi du: nahikoa izango zen istripu bat tentsio altuko linean, kontinentearen zati handi bat ilunpean uzteko. Metropoli erdian zerbait altxatzeko, beste aukerak zabaltzeko egin behar den lehenengo keinua haren perpetuum mobilea gelditzea da”. Komite Ikustezinaren Datorren matxinada liburutik hartutako hitzak dira (jatorrizkoa Galian L'Insurrection qui vient; Hispanian La insurrección que viene) eta primeran datoz aurtengo urrian gertatu dena ulertzeko. Mugikortasuna erdigunean jartze horrek diferentzia argia zedarritzen baitu, produkzioa lehenesten zuen kapitalismotik gaur egungo kontsumo eredu globalera dagoena, hain zuzen.

Garrantzitsua da hori, mobilizazioak nola egin pentsatzeko: produkzio guneak gelditu ordez, energia-hornikuntza guneak eta garraiobideak bihurtzen dira grebaren helburu nagusi. Lortu birfindegiak ixtea, errepideak buxatu, aireportuak gelditu... gainontzekoa bakarrik etorriko da. Christine Lagarde Frantziako Finantza Ministroak eman zuen joan den astean desastrearen tamaina: 200 eta 400 milioi euro arteko galerak izan ditu estatuak greba egun bakoitzeko. Eta horrek, mobilizatutako jende kopurua gorabehera, min ematen du.
Hemeroteka
”Belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako erretreten sistemak bizitzeko modu bat adierazten du, ‘norbera bakoitzarentzat’ inperioarekin bateragarria ez dena. Aberatsak beren ezkutu fiskalaren babesean bizi diren inperioa da, eta bitartean soldatadun masak denbora gehiagoz egin beharko luke lan bere erretreta murriztuta ez ikusteko eta pobreziaren zuloan ez erortzeko”.
Jean-Paul Pierot
(L´Humanité, 2010eko urriaren 16a)


“Aipatzen digute erretreten sistema salbatzekoa dela, baina aldaketaz aldaketa azkenean gure belaunaldiei eta ondokoei adin onargarri batean erretiratzeko ahalmena bera zaigu ukatzen. Uste dut erreformak helburu bikoitza duela: bat, kapitalizaziozko erretreta eskaintzen duten enpresa pribatuei bidearen irekitzea –buruzagi gehienak lehendakarien adiskideak dira– eta bi, orain arte banaketaz eta dretxo ezberdinez azpaturiko lan munduaren erraustea. Badu hogei urte lanaren kalterako gerra isila deklaratu dutela neoliberalek”.
Itxaro Borda
(Argia, 2249. zk.)


“Joan den urriaren 7an bigarren hezkuntzako ikasle manifestari batek bere borrokaren zentzua azaltzen zuen: ‘Lehenengo hezkuntza da, eskola. Gero lana, gogorrena. Eta gero erretreta, saria. Saria kentzen badigute, zer geratzen zaigu?’ Liberalek harrigarriro beren erretretaz arduratuta dauden gazte horiez ironizatzen dute”.
Serge Halimi
(Le Monde Diplomatique, 2010eko azaroa)


“Zuzentasun eza. Hau da gero eta gehiagotan entzuten den oharra. Erreforma honek ez du justiziarik ekartzen. Injustua da. Gehiengo handiak argi ikusten du. Ikusten du, frantses Estatuan, aberatsen aldeko politika inongo lotsarik gabe eramana dela”.
Ixabel Etxeberria
(Kazeta.info, 2010eko urriaren 19a)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude