bapatean
Bapatean. Bertsozale Elkartea.
Bertsozale Elkarteko bazkideok Bapatean liburua jaso dugu, aurreko urteko bertso aukeraketa biltzen duen lana. Urtero hasierako orrietara joaten zait begiratua, bertan azaltzen baita plazen argazkia: nolako bertso saio motak izan ziren herrialde bakoitzean. Eman diezaiogun begiratua:
2009an, Txapelketa handiaren urtean, 1.642 saio egin ziren euskal herrietan barna. Hauetatik 53 izan ziren Txapelketetakoak, 14 Lehiaketetakoak eta 72 Sariketak. Bada lehiarik bertsolaritzan! Hala ere, denak gehituta 139 dira. “Gutxi”, Lagunartekoekin alderatuta: 414! Edo plaza librekoekin: 404. Edo jaialdiekin: 348. Edo Bereziekin: 215.
Iñaki Muruak arrazoi: BECen 14.000 lagun sartu zirela, baina askoz entzule gehiago biltzen dituela bertsolaritzak, plazaz plazako entzuleak batuta. 1642 saio horietara 10 lagun joatea aski BEC gainditzeko.
Ustez bertso mundua gertu xamarretik ezagutu uste dugunok ere buruan ze irudi okerra dugun etorri zait Bapatean-ekin. Bertsogintzaren zutabetzat daukagu Txapelketa, baina zenbakiek ez diote zutabe horri eusten. Urteko kopuru hauetatik gutxiago galduko litzateke zenbaki hutsetan Txapelketa desagertuta, gainerako 1.503 saioak desagertuta baino. Medioek (telebistak, irratiek, prentsaren orri mordoek, publizitate kanpainek) eragindako liluran, Txapelketa da handiena, eta jaialdiak ondoren. Aldiz, askoz gehiago dira lagunarteko saioak (bertso bazkari-afariak) eta plaza librekoak. Udaberri aldera bertsolaritza dantzan jarriko duen batek galdetu zuen ea Txapelketa fenomeno soziologikoa den medioetara eramana, edo fenomeno mediatikoa gizartea mugitzen duena.
Era batera zein bestera izan, emaitza 14.000 lagun dira, baina oinarria dute desberdina.