ancestry.co.uk Interneteko atarian hainbat pertsonaia historikoren testamentuak kontsulta daitezke, ingelesez. Orain arte, ataria erabiltzaileen zuhaitz genealogikoak osatzen laguntzeko tresna zen bereziki, baina orain 1861 eta 1941 bitarteko zenbait politikari, idazle eta pentsalari ezagunen benetako finantza egoeraren berri ere aurki daiteke.
Esaterako, Charles Darwin 1882an hil zen eta 146.911 libera esterlinako dirutza utzi zuen (egungo 15,5 milioi euro gutxi gorabehera). Aldiz, hurrengo urtean Karl Marx (argazkian) hil zenean, 250 libera baino ez zizkion utzi Eleanor alaba gazteenari, logikoa dena jabetza pribatuaz zuen iritzia kontuan hartuta. Lewis Carroll idazleak ondasun handiagoa zuen hiltzean: 4.145 libera. Ernest Shackleton esploratzaile ezagunak, bizitzan zehar dirutza pilatu arren, bere azken urteetan ez zuen inbertsio onik egin eta 556 libera zituela hil zen.