argia.eus
INPRIMATU
“Konstrukto diskurtsiboak antolatzen diren arabera, sortu daiteke faxismoa ere”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko ekainaren 30a
Zure gogoeten arabera, Pueblo Trabajador Vasco (PTV) delako kategoria gutxietsia dago. Badu gaurkotasunik?

Bai. Gaiak azalpen luze samar behar du halere: PTV edo bere moduko konstrukzio diskurtsibo horiek ez daude errealitate soziologiko batean, erakuntza diskurtso horrek berez ez du balio, balio du jendea mugiarazteko edota ideia batean sinestarazteko.

Alegia Pueblo den, Trabajador den, Vasco ote den... Alegia, zer punturaino ikusten du jendeak bere burua artikulazio hegemoniko batean? Ez da erraz ikusten. Alabaina, PTV kategorizazioak artikulazio hegemoniko diskurtsibo bat gauzatzea lortu zuen, izan ere, PTV horretan posible izan zen aldarrikatzea, Barakaldoko langile ez euskalduna, Gipuzkoako Goierriko euskaldun baserritarra eta Donostiako abokatua edo enpresari txikia batera aldarrikatzea. Nahiz eta soziologikoki loturarik ez izan, kategoria bakoitzak, bakoitza bere modura, PTVn identifikatu zuen bere burua.

Identifikazio horrek jarduerak baldintzatu zituen. Adibidez, Barakaldoko langilea euskara ikastera bultzatu zuen, enpresaria bere jatorrizko izaera baino ezkertiarragoa izatera. Edo baserritarra irekiagoa izatera munduko beste kultura eta etorkinei. PTV hori da artikulazioa ideologikoa eta diskurtsiboa. Artikulazioa izan zatekeen RH negatiboa. Baina horrek ez zuen hegemonikoa izaterik. Eta izan zitekeen. Alderdi guztietan daude RH negatibo daukatenak, baina noski multzo horren jarrera xenofoboa litzateke. Nire ustez, PTV delakoa ez dugu aski baloratu. PTVk daukan edo izan zuen berebiziko funtzionaltasuna: besteak beste, ezkerra eta irekia izatea, etorkinak barneratzea. PTV kontzeptualizazio irekia da Euskal Herria eraikitzeko. RH negatiboa ez bezala.

Horrek, gaur egunera etorrita, potentzialtasuna dauka oraindik ere. Kontzeptuak modernizatua dira, noski: hala nola, subiranismoa, gehiengo sindikala, konstrukto sindikala, antiliberalismoa, justizia soziala, identitatea, beste herriekiko irekitasuna. Horiek dira PTV gaurkotua. Alegia, bilakaera hori gaiztoagoa bihur zitekeen. Izan ere, Euskal Herrian gaur egun ez dago faxistarik. Baina, kontuz, izan daitezke. Konstrukto diskurtsiboak antolatzen diren arabera, sortu daiteke faxismoa ere.