"Zertarako balio du borrokak xamurtasunik gabe?"

  • Deitu diote bertsolari, poeta, musikari, aktore, gidoilari, abeslari, zinemagile… Titiriteroen zorigaitza: inork ez die beren izenez deitzen.
Josu Martinez
Dani Blanco

Gaztetxotan poemak idazten zenituen, bertsolari izan zinen, gidoilari, musikari, dokumentalgile… Kontatzeko moduen bila?


Bai, uste dut kontatzea dela batez ere gustatzen zaidana. Duela hiru urte idatziz kontatuko nuela uste nuen; ikus-entzunezkoak ikasten ari nintzenean nire jarduna kazetaritzara bideratuko nuela uste nuen, eta orain ezetz esango nuke. Baina luxua da jendeari entzun  eta entzundakoa, zuri pasioa sortzen dizun hori, transmititu ahal izatea hitzaren edo irudiaren bidez. Handia da.

Oraina ulertzeko iragana ulertu behar dela aipatu izan duzu sarri. Baina hipoteken belaunaldikoa zara zu memoriaren garaikoa baino gehiago. Zure belaunaldia etorkizunari lotua bizi da, zuek hala ere, atzera begiratu duzue dokumentaletan.


Jendeak, normalean, gertatu zaiona kontatzen du, ez gertatuko zaiona. Nolabait, beti ari gara iraganaz. Ez dakit beste gazteei historia interesatzen zaien, baina gure iragana ezagutzen ez badugu hipotekaren belaunaldia izango gara, orduan bai, erabat hipotekatuta geratuko gara. Patricio Guzmanek, Donostiako Zinemaldian izan den zuzendari txiletarrak esaten du memoria-dokumentalik gabeko herria argazki-albumik gabeko familia bezalakoa dela. Eta horregatik uste dut dela beharrezkoa atzera begiratzea.


Itsasoaren alaba dokumentalean GALek hil zuen aitaren arrastoaren bila ikusi genuen Haize; Sagarren denboran berriz, Kristiane Etxaluz zuberotarraren eta Alfonso Etxegarai plentziar deportatuaren historia kontatu diguzue. Bi emakumeren bidez ezagutu dituzue bi gizonezko militanteren bizitzak. Zer eman dizue ikuspuntu horrek?


Haizek bere historia kontatu eta bere aitaren arrastoa bilatzen laguntzeko eskatu zidanean, hasieratik ohartu nintzen historia berea zela, Haize zela protagonista. Kristianerekin ere berdin, argi geneukan Sagarren denbora ezin zela Alfonsori buruzko filma izan, Kristiane ez baita Alfonsoren emaztea, Kristiane Kristiane da, eta atzean izugarrizko historia dauka, bere horretan dokumentala egitekoa. Horregatik kontatu dugu bien historia modu paraleloan, ez Alfonsorena haren emaztearen bidez. Kristiane ez da tresna bat, ez da Alfonsorengana iristeko bitartekoa, protagonista da bere baitan, Alfonsoren maila berean. Oro har, emakumeak kontalari hobeak zaretela uste dut. Baina kanpotik maiz ez da berdin jasotzen.

Zer da desberdin jasotzen dena?


Itsasoaren alaba aurkeztu eta urtebetera, 60 emanaldi egin eta gero Peixotorengana joan nintzen bisitan eta agurtzean “a, eta goraintziak zure neskalagunari”, esan zidan. Nik “ze neskalagun?” esan nion, eta hark, “Haize ez da zure neskalaguna, ala?”. Konturatu naiz jende pila batek pentsatzen duela Haize neskalaguna nuelako egin nuela dokumentala. Eta ez Haizerekin bakarrik; Kristianek 69 urte ditu, baina izan da berarekin maiteminduta nagoen galdetu didanik ere! Saturrarango emakumeekin ez zait oraindik gertatu, baina, ojo! Alderantziz balitz, neska bat balitz gizonak elkarrizketatzen dituena ez litzateke arraroa izango, subjektutzat baitauzkagu gizonak. Baina nire kasuan beti dago justifikatu beharra, beti galdetzen didate: “Baina zer dela eta pasatzen duzu hainbeste denbora neska honekin? Zergatik interesatzen zaizu hainbeste?”, ez dute ulertzen nigan halako interesa sortzea. Eta egia esan grazia egiten dit, ez naiz haserretzen, baina iruditzen zait oraindik gauza asko deseraiki behar ditugula.

Bai Kristiane Etxaluzentzat eta bai Saturrarango kartzelan egondako emakumeentzat, harrigarria izango zen zuek bezalako bi mutil gazte euren istorioan interesatuta ikustea. Nola hartu zaituztete?


Ez zait iruditzen inolako balentriarik egin dugunik. Kristianek beti kontatzen du izan ez dituen haurrei kontatu nahi ziena kontatu digula guri, eta oso harreman berezia sortu da gure artean. Norbaitek bere bizitzaren zati bat kontatzen dizunean, lotura bat sortzen da, bere parte bat eman dizu. Carme Rierak, Saturrarango kartzelan egon zen 96 urteko emakume kataluniarrak urtetan gorde du historia latza bere baitan, kartzelan umea hil zitzaion, eta lehen aldiz norbait bere historiaz galdezka joan zitzaionerako 70 urte igaro ziren.  “Beranduegi”, esaten zuen. “Orain nahi duzu kontatzea bizitza guztian bakardadean gorde eta digeritu behar izan dudana?”. Ez da isilpean gordetzea bakarrik, guztiek gutxiesten zaituztenean, zuk ere zure burua gutxiesten duzu, eta pentsatzen duzu kontatzeko duzun hori ez dela hain garrantzitsua, edo zuretzat garrantzitsua izan arren ez dela duina besteekin konpartitzeko.


Benetako historiekin lan egiteak zuhurtzia eta sentsibilitate handia eskatuko du.


Asko gustatzen zait sutondoan edo sukaldean istorioak aditzea. Beti sentitzen dut izugarrizko zorra pertsona horiekiko; ez da zor pisutsua, baina nik ere haiei zerbait aportatzeko gogoa izaten dut. Esaterako, tartean behin gogoratzen naiz Carme Rierarekin eta pentsatzen dut “nola egongo da andre hau? Biziko ote da oraindik?”, pentsatu ohi baitut edozein momentutan hilko dela eta ez naizela enteratuko. Deitzen diodan bakoitzean beldur horrekin deitzen diot, ea telefonoa hartuko didan pentsatuz, baina beti entzuten dut “Digim?” eta esaten diot “Hola Carme! ¿Sabes quién soy?”, eta beti erantzuten dit “sí, hombre, ¡mi amigo de Bilbao!”, eta horrek pentsaezinezko poza ematen dit. Edo Kristianerekin: hasieran bere konfesorea ni baldin banintzen, orain alderantziz da, eta ni naiz nire bizitzako kezkak eta kontuak kontatzen dizkiodana.


Zenbateraino konprometitzen zara zure dokumentaletako protagonistekin?


Asko inplikatzen naiz, eta uste dut horrela izan behar dela pertsonekin ari garenean. Kuban zinema ikasten ari nintzenean irakasle argentinar bat izan nuen, oso emakume berezia, eta azken egunean gutun bat utzi zidan, posdata batekin. Horrela zioen: “Jose Martí le escribió con 18 años a su madre una postdata. Ésta es la misma postdata: no son inútiles la lucha y la ternura. Madre, no padezca”. Hau gauza bera da, la lucha, lana edo borroka ez da xamurtasunetik bereizita joan behar, batera joan behar dira. Batak bestea gabe ez dauka zentzurik. Zertarako balio du borrokak xamurtasunik gabe?


Borroka eta xamurtasuna, zuen dokumentaletako konstanteak dira.


Gure dokumentalak ez zaizkio mundu guztiari gustatzen. Batzuentzako maritxukeria galanta da Kristianeren historia edo Haizerena kontatzea. Baina nik argi dut borroka eta xamurtasuna ezin direla bereizita joan, eta uste dut orain, fase berri honetan nahitaezkoa izango dela hori gogoan izatea eta elkarri begietara begiratzea. Elkar ezagutzea da elkar ulertzeko lehenengo pausoa.

Nola hartu dituzte dokumentalak sentsibilitate politiko ezberdinetako pertsonek?


Itsasoaren alaba egin nuenean beste sentsibilitate batzuetako jendearengana ere iritsi nahi nuen. Konbentzituta nengoen eta konbentzituta nago, aurreiritziez libratuz gero horrelako istorioak edonorengana iritsi daitezkeela, eta hori da gure apustua. Eta horregatik saiatu ginen dokumentalarekin kanpora joaten eta herriz herri aurkezten, baina egia da, batez ere, sentsibilitate antzeko jendea hurbildu dela. Oraindik lubakietan gaude. Horregatik, dokumentalak EAJko norbaiti, EBko norbaiti edo Zinemaldiko buruei iritsi zaizkiela ikustean plazer handia hartu dugu. Pentsatzen duzu: “Agian neuk ere egin dut zerbait pertsona honek hemendik aurrera errealitate hauek diferente hauteman ditzan. Torturatuak edo kartzelaratuak diferente pertzibituko ditu agian”. Nik uste nuen ari ginela bide bat egiten, gutxika-gutxika horma zulatzen, baina oso gutxi dira kantitatean. Oraindik oso zaila da horma hori edo burbuila hori puskatzea.


Euskal Herriko gatazka politikoaren biktimak aurkeztu dituzue dokumentaletan, faltan sumatzen zenuten biktima hauen ahotsa?


Bai, jakina. Baina ez dut uste hitz egokia biktima denik. Itsasoaren alabaren lehen kartela egin genuenean “GALen biktima baten istorioa” jarri genuen, baina Haizek bere burua ez du biktimatzat, ezta Krisitianek eta Alfonsok ere. Bizi duzun egoeraren baitan hautu kontzienteak egiten dituzunean eta jarrera aktiboa duzunean ez zara biktima, biktimarena oso paper tristea da, berarekin jarrera pasiboa dakarrena, eta gure dokumentaletako pertsonak ez dira biktimak, ez dute biktima jarrerarik. Norbait biktima izendatzea oso arriskutsua da, pertsona horiei pertsona izaera kentzen zaielako sarri, eta erabili egiten dira. Nor gara gu “kausaren mesedetan” inor biktima izendatzeko? Beti izan behar da gogoan gu garela elkarrizketatzen ditugun pertsonentzako tresna, eta ez alderantziz. Kontu handiz ibili behar da. Elkarrizketatuak dira zerbait kontatzeko iniziatiba hartu behar dutenak, eta kontatu nahi ez badute ez dute kontatzen. Guztiek dakite ez diedala traiziorik egingo zentzu horretan. Konfiantza horretatik dator benetako fruitua. Pertsona bezala aitortzetik eta errespetatzetik.


Izan duzu ikuspegi hau jorratzeak izan ditzakeen ondorioen kezkarik? Beldurrik?


Beldurra baino, kezka. Badakizu, ez dira gai korrektoak. Fikzioa izan balitz, nik 24 urte ez banitu, 30 pelikula banitu eginak, sariren bat irabazita… Orduan oihartzun handiagoa izango luke gaiak, eta arriskutsuagoa litzateke. “El mayor desprecio es no hacer aprecio” esaten da espainolez, eta guri hala egiten digute. Burbuila apurtu ez dugunez, ez dago arazorik. ABCn atera zen Itsasoaren alabari buruzko artikulu bat “el sanguinario asesino Txapela”ri buruzko filma egin zuen “director proetarra” nintzela esanez, eta entzun dut “el historiador de ETA” ere deitu izan didatela. Gauden egoeran egonda kezka apur bat sortzen dizute halako kontuek. Baina burbuila apurtzen ez dugun bitartean ez gara existitzen, beraz ez gara arazo. Ez politikan bakarrik, euskal kulturan oro har ere hala da. Ez gaituzte ezagutzen. Esaterako, ni Euskadi Irratian, Arratsaldekoan oso-oso libre sentitzen naiz eta pentsatu ahala hitz egiten dut, baita irrati katearen kontra ere. Baina zer ardura du? Total, Euskadi Irratiko buruek ez dute Euskadi Irratia entzuten! Hori da egiten diguten bullinga. Ez dugu beraientzat interesgarri izatea lortzen. Baina uste dut orain dela momentua burbuila handi horrekin puskatzeko. Fase berri honetan, bakoitzak bere esparrutik esfortzu berezia egin behar genuke nazio eraikuntzaren norabidean. Gerrako garai gogorretatik aterata, Euskal Herri berriaren oinarria kultura izan behar da. Horrekin konbentzituta nago. Herri sortzailea izan behar dugu. Bestela, zertarako nahi dugu estatu bat? Espainia bezalakoa izateko? Hori da eredu pila batekin dugun arazoa, Espainiari kopiatzen dizkiogula, eta Espainiari kopiatzea klaseko tontoenari kopiatzea bezala da.
Nortasun agiria
Josu Martinez 1986ko urriaren 11n jaio zen Bilbon. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta antropologia ikasketak amaitzen ari da, Ikuska filmei buruzko tesinarekin lanean. Koordinaketa lanak egiten ditu Bertsolari aldizkarian eta adarra jotzekoak Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioko kolaborazioetan –gitarrarekin zein gabe–. Zuzendu ditu Itsasoaren alaba, Sagarren denbora eta Prohibido recordar dokumentalak (azken biak, Txaber Larreategirekin batera), eta aurkeztu ditu Donostiako Zinemaldian (labur, ez zegoen denborarik) eta herriz herri (luze, zabal eta glamour gehiagorekin). Hudaltzainak bandako kide da eta Euskal tabakoa erretzen du. Ez du ofiziorik: “Ez naiz egiten dudan ezertatik bizi”.
Gu sortu ginen enbor beretik...
“Nazio eraikuntzaz ari garenean gauza bera gertatzen zaigu beti. Tesia zeri buruz egiten dudan galdetzen didatenean eta Ikuskei buruz dela esaten diedanean, inork ez daki Ikuskak zer diren. Ikuskak, Antxon Ezeiza buru zutela, euskal zinema sortzeko izan den saiakera potenteena izan ziren. Baina belaunaldiz belaunaldi eteten den katea gara gu; Ikuskei buruz inork ezer ez dakien bezala, haiek ere ez zekiten ezer aurrekoei buruz. Euskal zinema sortzeko izugarrizko teorizazioa egin zuen Antxon Ezeizak eta gu kate horretan kate-begi bat gehiago gara. Uste dut behingoagatik ahanzturaren inertziarekin hautsi behar dugula, gure aurrekoak ezagutu behar ditugula eta gure parte balira bezala aurrera egin. Hori da memoria egitea, eta horrek egiten gaitu herri. Ea behingoz gure buruaren kontzientzia hartzen dugun”.
Kristiane Etxaluzek:
Gure denboraz iraganean mintzatzen den belaunaldikoa naiz ni. Gure denboran, beraz, gizarteak ez zuen gazteria ohoratzen bai ala bai, eta nihure ez zen arranguratzen gazteak ez baziren ados, hein batean bederen. Alderantziz, beren bidea jorratzea ikasiko zutelakotz, seinale ona zen.

Noiz eta nola aldatu den giroa, hemen lehen mundu guzian bezala, adituek aztertua izanen dute behar ba. Baina ohartu delarik oilategiko oilaskoek oilarra iziarazten zutela, oilanda zahar hau dardaraz hasi da: akabo oilategia. Eta burua hegalpean sartu.

Horretan nintzen, Josu ezagutu nuelarik, bere 23 urterekin. Berak ez zuen aitzur, jorra, oilo edo arditegi berririk, izpirik ez. Bere mundua uhinen erdian egituratua da, nik aldiz telefono mugikorra erabiltzeko baimenik ez… Jakin, teorian banekien, han nonbait elektroi libreak bazirela, beharbada haiekin ere noizbait talkatu, baina gorpuzturik ez nuen behin ere identifikatu gure sasien arteko xendretan.

Berarekin ikasi dut asko, batez ere belaunaldiak zatikatzea beren eredua tente mantentzeko trikimailu bat besterik ez dela, potenteki sartua. Bai eta ere euskal elektroi libreen eginbeharra dela euskal gizartea osatzea, euskal iruditeria askatuz, bere onerako. Horretan dago Josu, bere ixtorio asmatzeko –bai eta ere plasmatzeko– jitearekin. Harekin gure denbora aipatzeko, etorkizunekoa erabiltzen ari naiz orainaldian. Etorkizun hurbila.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude