Gaztemaniak! errautsetatik berpiztu da

  • Iaz bizitako krisia gaindituta abian da musika esperimental eta alternatiboaren urteroko topaketa: Gaztemaniak! Urte amaiera bitarte Gipuzkoako hainbat txokotan hemengo eta kanpoko taldeak entzuteko aukera paregabea.
gaztemaniak!
The Drums
Gaztemaniak! programaren aurtengo edizioa martxan da, eta horri esker, musikazaleek normalean entzuten ez dituen hainbat estilo oholtza gainean entzuteko aukera izango dute. Ondorengo asteetan New Yorkeko The Drums eta Japoniako Osaka Monoaurial taldeen zuzenekoak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Programak lehen urratsak eman zituenetik gorabehera asko izan ditu. Hasieran musika emanaldiez gain hainbat ekimen egiten zituzten, komikiak, fantasia eta beldurrezko zinema maratoiak edo maketa lehiaketak, kasu. Gaur gaurkoz kontzertuetara mugatzen da programa, nahiz eta Gaztemaniak! solasaldia deritzon iniziatiba martxan jartzeko asmoa badaukaten. Edorta Bergua programaren arduradunak zertan datzan azaldu du: “Bi saio dinamiko izango dira eta horietan izen handiko musikari, kritikari eta blogariek hartuko dute parte. Musikaren inguruko gaiak izango dituzte hizpide; hala nola, musikaren zabalkundea edo norberaren musika sustapena kudeatzeko bideak”. Zarautzen edo Hondarribian gauzatuko dira saio horiek.    

Iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak egitaraua bertan behera uztea erabakia zuen, baina gizartearen presioak  lortu zuen eragoztea. Hori bai, ekimenari bideraturiko dirua murriztu egin dute. Aurten 90.000 euroko aurrekontua du, iaz baino %25 txikiagoa. “Aurrekontuaren murrizketa dela-eta programa ezin dugu zabaldu nahiko genukeen moduan”. Dena den, Berguaren esanetan krisiak agerian utzi zuen Gaztemaniak! programak eskaintza musikalean bere lekua egina duela eta sona handikoa dela: “Iaz gertatutakoak erakusten du eskaera sozial handia dagoela, eta jendeak gustuko duen ekimena dela”. Gaztemaniak!-en programatzaile Jose Joaquin Forcada Forki ere bat dator Berguarekin balorazio baikorra egiterakoan, eta onartu du, “hunkigarria” izan zela jendearen erantzunari esker politikariek iritzia nola aldatu zuten eta hilda zegoen egitaraua berriro nola berpiztu zen ikustea. 
 
Hutsunea betetzeko sortua

“Ekimena martxan jarri genuenean ohartu ginen gazteei begirako musika eskaintzari dagokionez gabezia zegoela, musika ez-komertziala entzuteko aukera murritza baitzen”, dio Berguak. Hutsune hori bete asmoz jaio zen proposamen berria duela hamasei urte, eta hortaz, denbora honetan guztian helburu nagusia musika ausarta eskaintzea izan da. Forkik dio programatzaileek sekula ekarriko ez lituzketen proposamenak aukeratzen saiatzen direla. “Xedea jendeari gauza berriak eta ezezagunak erakustea da”.   

Horretaz gain, tokian tokiko musikari gazteei izen handiagoa duten taldeekin oholtza elkarbanatzeko abagunea ere ematen die ekimenak. Izan ere, hautatzen duten Euskal Herriko talde bakoitzak kontzertu batean telonero aritzeko parada du. Aurtengo ediziorako hamahiru kontzertu antolatu dituzte, iaz baino bi gutxiago. Peachy Joke, Grises, Gora Gora Kids edo Gas talde gipuzkoarrek joko dute, besteak beste. Datozen kontzertuei begira jarrita, urriaren 29an Arrasateko Amaia Antzokiko hallean Dan Baird & Homemade Sin arituko da eta, azaroaren 9an, Gipuzkoako hiriburuan, The Drums. New Yorketik datorren talde gazte hori egun puri-purian dago. Azaroaren 24an, aldiz, Osaka Monoaurial japoniarren txanda izango da. Musika beltza egiten dute, soula eta funka uztartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurraldeko bost udalen (Donostia, Zarautz, Hondarribia, Oñati eta Arrasate) arteko hitzarmen baten bitartez gauzatzen da Gaztemaniak! Programatzaile lanetan Forki aritzen da: proposamenak egin, kontzertuak lotu eta udalei aurkezten zaizkie; eta, bakoitzak taldeen proposamen musikalaren arabera erabakitzen du zein izango den bere herrian telonero gisa ariko dena.

“Minoritarioak, esperimentalak eta ausartak diren proposamenak hautatzen ditugu” dio Berguak. Horretan badu zerikusia programatzailearen gustuak. Orain arteko edizioetan Gaztemaniak!-etik igaro diren taldeen artean nazioarteko izen handi asko daude, hala nola, Stereolab, Eels, Hefner, Micah P. Hinson, Lou Barlow edo Stiff Little Fingers. Hein berean, Euskal Herriko talde ugarik ere –batzuk ezagunak, besteak ez horrenbeste– izan dute euren musika sormena ezagutarazteko aukerarik; Delorean, Ruper Ordorika, Bide Ertzean, Anari, Sorkun, Desoreka, Itzaletik, Eraso, Big Fingers and The Love Seeds, Laket, Sharon Stoner, Gas, Frida Pipol, Potemkin, Miztura…

Urteek aurrera egin ahala publiko jakin bat ere irabazi du Gaztemaniak!-ek: 20 eta 30 urte bitarte dituzten eta hain komertziala ez den musika gustuko duten gazteak. Jarraitzaile gutxi agian, baina oso fidelak. Iaz, esaterako, guztira 4.000 entzule hurbildu ziren antolaturiko emanaldietara. Berguaren hitzetan, “aldez aurretiko erabakia da kopuru txiki bati zuzentzearena, proiektua abiarazi genuenetik bai baikenekien programatzen ditugun taldeak ez direla gehiengo batentzat”. Musika estiloari jarraiki kontzertuak areto txikietan antolatzen dituzte: Donostian Gazteszenan, Hondarribian Psilocybenean, Oñatin Gaztelekun, Zarautzen Putzuzulo Amets Fabrika gaztetxean eta Arrasaten Amaia antzokiko hallean. “Zaletu batzuk kontzertu guztietara joaten dira herriz herri”.

Donostiako emanaldiak bederatzi euro, gainontzeko herrietakoak zazpi, “Gaztemaniak!-ek egun dauden programazio publikoen artean merkeena izaten jarraitzen du” Forkik baieztatu duenez. Makrokontzertuek eskaintza musikala inbaditu duten garai hauetan, Gaztemaniak! gisako ekimenek musikazaleari bestelako alternatiba eskaintzen diote, bai eta agerian utzi ere txikitasunean handia izan daitekeela.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ruper Ordorika
Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena

Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.


2022-09-27 | ARGIA
Haur eta gazte literaturaren azoka Sarara itzuliko da

Ikusi Mikusi euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka urriaren 7 eta 8an egingo dute, Saran. Euskal Herri guztiko ikastetxeak hurbilduko dira eta ikasleek elkarren arteko topaketa egingo dute.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


2022-03-13 | Xalba Ramirez
Santa Anara

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun... [+]


Zerutik gertu

Uda hondarreko igandea, bazkalosteko alferkeria, iluntzerako aurreikusiriko plana kili-kolo… Eta Ruperren kontzertua Lizoainen, baina sarrerarik ez. Dena den, joanda ere galtzeko baino, gehiago genuen irabazteko edozein kasutan; kontzertua ez bazen, herria ezagutu, paseoa... [+]


Eguneraketa berriak daude