argia.eus
INPRIMATU
BIOLENTZIAREN INGURUAN
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 07a
Zure analisietan “Biolentzia dibinoa” aipatzen duzu, gizarte zibilaren ekimena. Udalbiltza antolatzen lagundu zuena edo Laborantza Ganbara proiektua bideratzen lagundu duena.


Zumalabe Fundazioaren lehenengo gogoetak hain zuzen ere ildo horretatik joan ziren, eta horregatik, Estatuak prozesatu gintuen eta zigortu ere. Fundazioko kideek Desobedientzia Subiranozalea topaguneak antolatu genituen. Nik topagune horietan desobedientzia subiranistari buruzko hiruzpalau ponentzia aurkeztu nituen. Udabiltzaren eta Laborantza Ganbararen ekimenak filosofia horietan finkatu ziren nolabait. Hau da, botere politikoaren muina ez dago potestatean edo indar hutsean, autoritatean dago, legitimitatean. Zer punturaino onartuko du jendeak botere hau eta ez bestea? Nori obedituko diozu honi edo besteari? Oso inportantea da jendeari obedientzia alternatibo bat eskaintzea. Ez da nahiko “hau ez dut beteko” esatea. “Hau ez dut beteko beste hau besteko dudalako” esan eta egin behar dugu. Hau da nirea. Guk ez dugu aginte hau betetzen eta gainera badaukagu gurea: Udabiltza edo Laborantza Ganbara, esaterako. Horregatik, nire ustez, nazio erakuntzaren muina desobedientzian oinarritutako erakundetze prozesua da.

Lizarra-Garaziko garaian ezker abertzalearen akats larria izan zen Udabiltzak zeukan potentzialtasuna ez ikustea. Hau da, borroka armatuari uzten ahal zaio, beste bide honek potentzialtasun handiagoa duelako, badugulako beste alternatiba bat. Baina, orduko kultura politika zegoenean zegoen.

Eta oraingoan?

Ezker abertzalean bi ikuspegi horiek beti izan dira, eta hor daude. Ezker abertzalearen baitan eta familia politiko guztietan dago. Politikaren legea da. Alemaniako Berdeena izan da eta beste lekuetan ere bai. Alemaniako Berdeen eskema ez da bakarrik ideologia politikoei lotuta, bitartekoei ere lotuta dago: nola landu bitarteko instituzionalak, masa bitartekoak, bitarteko militarrak...

Gurean, horiek guztiak testuinguru historiko batetik dator, eta da: eztabaida horiek Espainiako diktaduran hasi ziren, fundi eta real kontzeptuen inguruan garatu direnak. Kointura larrian, ez demokratikoetan, abiatutako joera horiek zaila dira gero deslotzea. Bitartekoen eztabaidatik bereizi al daiteke? Fundi delakoari eusten ahal zaio, borroka armatua erabili gabe? Bai. Nik baietz defendatzen dut. Nirea planteamendu subiranista aurrera ateratzea da. Nik desobedituko dut ondorio guztiekin, gainera, nire hautua biolentziarik gabeko hautua da, uste dudalako eraginkorragoa delako eta dimentsio etiko hobea duela besteak baino.