Dani Blanco
Atzeraldi Handian mendebaldeko herriek W gisako ekonomia aldia izango dutela iradokitzen dute Stiglitz eta Krugmanek, eta beraz, 2010eko aupadatxoaren ostean datorren urtean atzeraldi sakona nozituko dutela berriro ere. Egoera honen aurrean AEBetan neurri pizgarri gehigarriak hartuko dituzten bitartean Europako Batasunak austeritatearen estrategia aukeratu du NMDaren akuiluarekin. Nolanahi ere, hau koherentea da euroaren eraikuntzaren logikarekin. Ekonomia eta Moneta Batasunaren diseinuaren baitan aurkitzen da Bruselak finantza-boterearekiko erakutsi duen mendekotasuna eta EBren politikaren porrota: Europako Banku Zentralaren gaineko kontrol demokratikorik eza zein Egonkortasun Itunaren irizpide monetarista hutsalak. Honela, krisia eragin duten finantza eragile beraiek gailendu dira eta honekin zera lortu dute, instituzioak mendean hartzea, politikaren eremua beren nahierara makurraraztea eta, finean, Euroguneko herrietako atzeraldiaren kostua oso-osorik bertako herritarren bizkar gainean zamatzea.
Hainbat adituk aurreratu dute ezinezkoa dela Europako Batzordeak lotutako irizpide fiskalak betetzea –2011n defizitaren topea %6 izatea eta 2013an %3– herrialde gehienetan are gutxiago doikuntza neurri zorrotzak ezarri dituzten herrietan. Espainiako Estatuan Zapateroren gobernuak ekonomia politiken norabidea erabat aldatu ondoren apenas lortu du defizita zertxobait jaistea, eta gainera langabezi tasa inoizko maila garaienera igotzearekin ordainduz. Lan-erreformaren ibilbide laburrak erakusten du honek ez duela enpleguan hobekuntzarik izan ezta lanaren kalitatean ere, lanaren behin-behinekotasunaren tasa handitu egin baita ekainetik irailera bitartean. Datorren pentsioen erreformak, sos gutxi batzuk aurreztearen truke, lanaren banaketan eta enpleguaren sorkuntzan murrizketa gehigarriak ekarriko ditu. Honenbestez, Euskal Herriko ekonomia Espainiako Estatuari atxikia egoteak ekarriko dion kaltea ez da nolanahikoa. EBko batez besteko langabezi tasaren azpitik egon arren eta duela urtebete arte defizit zein zor publikoak nahiko orekatuak izan arren –EAEko Jaurlaritza berriak eragindako defizit eta zorra oraindik apala da– euskal ekonomiak Espainiakoaren desoreken ondorioak zuzenean jasango ditu: gastu publikoaren murrizketa gauzatzea behartzen du Madrilek eta rating agentziek herrialde-arriskuaren zama espainiarra atxikitzen dio. Paradoxikoki, Espainiarekiko loturagabetze ekonomikoaren premia inoiz baino argiago agertzen denean EAJren operazio politikoak bidea ematen dio Estatuko ongizate sistema ahularen eraispenak aurrera egin dezan.