argia.eus
INPRIMATU
Amorrazioan ondutako punk-rocka
  • G.R.T. ::Noraino iritsiko zara...

    autoekoizpena

    iraupena ::26´29´´;

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2010ko urriaren 26a
Gorroto
G.R.T. inizialen atzean Gorroto dago, Aramaioko (Araba) punk talde gaztea; gaztea, baina amorruz betea eta sinesgarritasuna erakusten duena. 80ko hamarkada bukaeran Xementerio taldea izan zenetik, luzaroan ez da herri horretako talderik ezagutzera eman eta are gutxiago halako amorrazioz. Abiadura Handiko Trenak eta horren lanek herria erdi isolatu badute ere, mugak gainditu eta Vomito, MCD, Kañeria 13 edota 77ko Ingalaterrako punk-rockaren arima duen eskaintza ekarri digute estreinako diskoan. Askotan esan ohi da punka egitea erraza dela, baina punka ondo egiteak zailtasun handiagoak ditu eta ez da hain ohikoa; bada, hauek gustu ona erakusten dute eta 80ko hamarkadako kutsua, melodia justua eta amorrazio handia duten piezak idazteko gai dira, euskaraz zein gaztelaniaz abestuta.

www.myspace.com/ggorroto
AHTren erruz, amorrua, inpotentzia eta gorrotoa sentitzen dugu

Abiadura Handiko Trena Aramaion egiten ari den inbasio eta sarraskiak, eta baita horren ondorioz urtebetez gutxienez Arrasatera joateko errepide gabe uzteak bultzatu du Aramaion, aspaldiko partez, punk talde bat sortzea?


Egia esanda, arrazoia ez da hori, baina amorru handia eman digu AHTk, eta hitz askotan ageri da hori. Bide horretan ibiltzea lotsagarria da guztiz; eta gainera, lehen baso eta mendiz josita zegoen lekua ia desagertu da. Beste leku batzuetan ez da hain argi ikusten AHTk egin duena, baina gu muturren aurrean ikusten ari gara. Alde horretatik amorrua, inpotentzia eta gorrotoa sentitzen dugu.

Amorru handia dago bai, zuen hitzetan…


Hitzak idazterakoan, barrutik irtendako zerbait bada, abesterako orduan hori igarri egiten da. Barrutik irtendakoak asko esan nahi du abesten duenarentzat.

Iraganean Arrasate-Aramaio inguruetako talde gehienak punky­ak ziren; gaur egun, ordea, ez daude asko.


Egia da gutxiago daudela. 80ko hamarkadan gizartearen egoera ez zen gaur egun dagoena eta hori izango da arrazoia. Hala ere, oraindik badira batzuk, entzuten da musika hori.

“Ez atzera egin, ez ezkutatu”; “Eman pausoak aurrerantz, beti gogor zapalduz”. Hortaz, punka ez da beti ezkortasuna, rollo negatiboa, suntsitzea?


Bai eta ez. Zati horiek Mentes perdidas kantakoak dira eta galtzen denari burua altxatu eta aurrera egiteko esaten diogu. Dena den, ezkortasuna daramaten kantak oso garrantzitsuak dira barruak askatzeko.


“Noraino iritsi” nahi duzue taldearekin?


Unean pentsatzen dugu, eta ez etorkizunean. Orain kontzertuak egiteko, kanta berriak ateratzeko, ondo pasatzeko eta jendea ezagutzeko gogoz gaude.

Aramaion bada aspaldian beste musika talderik?
Bai, talde gehiago badaude. Entsegu lokalean mugimendu handia dago. Gutaz gain, gutxienez Alta-Tension, Limas Brothers eta @Pul daude.