argia.eus
INPRIMATU
Zuzentasunaren izenean, zuzengabekeria
Xipri Arbelbide 2010ko urriaren 20a
Dani Blanco
Ibili naiz ni ere Baionako karriketan, moda berriko prozesioetan. Nolaz eska diezaguke gure gobernuak garizuma egitea, Sarkozyk bere soldata ederra %150ez emendatu ondoan? Bettencourt aferarekin ikusten dugularik zein errexki erabiltzen dituzten milioiak? Nola eska herriari indar bat, mundu osoa (salbu zuek eta) kakaren erdian sartu duten bankeroetarik bihi bat ez delarik preso?

Karriketan nindabilela, gogoeta nindagoen. Ez ote da gure arduradunen eta gure artean dagoen leize hori berbera, gu eta egunean euro batekin bizi diren mila milioi jendeen artean? Gu goiti joateko haiek oraino beherago erori behar.

Patxi Lópezek erran du 500.000 etorkin behar ditugula ondoko 20 urteetan, “gure” garapena segurtatzeko, bai eta denen erretiroa. Cristina Garmendia ministroak berriz, puntako 8.500 enpresa berri sortu behar dituela Nafarroak bost urtez. Hemen ere etorkinak beharko.

Nondik etorriko dira ez bada hain zuzen, egunean euro batekin bizi diren horien artetik? Beren herrian ongi balira ez litezke hona etorriko, bidaia dakizuen baldintzetan egin ondoan. Horrenbeste dozena mila seme-alaba Ameriketara joan zaizkion Euskal Herriak ez ote luke sentsibilitate gehixeago behar puntu honetan?

Garapena izanen dela horientzat gauza segurua, ez badira gu bezain ongi bizi ere, han baino hobeki baitira. Baina lanean aritzeko adinean etortzen zaizkigu: “Errentable”. Ordura arte, norbaiti gosta zaio horien sortzea, haztea, heztea, artatzea. Lanean hasi arte, pertsona bat 200.000 euro gostatzen da. Langileak musu-truk heldu zaizkigu. 500.000 etorkin, 200.000 eurotan bakoitza, heldu da 100.000.000.000 euroko oparia. Eibarko lantegiek lanabesak Afrikarat musu-truk igortzen dituzte?

Munduko pobreenek 100.000 milioi euroko oparia eginen diote, beraz, Euskadiri, Patxiren ametsa gauza dadin! Patxi eta euskaldun guziena. Ezkerrak eta, sindikatuek ere amets bera baitute. Nori zer axola zaio, etorkinen bizkar bizitzea? Nori zer axola zaio, herrialde pobreenen garapena?

Uste dugu Mugarik Gabeko Mediku eta beste harat igorriz gaitzeko oparia egiten diegula. Hango zenbat mediku ez da Europan ari lanean? Beningoen erdia baino gehiago hemen nonbait dago, ikasketak han egin ondoan. Han medikuak eskas direlarik.
Egoera hori normala da? Bere burua zibilizatutzat daukan gizarte batena? Horrek iraun dezake? Ez ote ditugu horiek denak egun batez pagatuko eta ongi pagatuko? Guk ez bada, gure haurrek.