"Istorioa geure sentitzeko, mintzairak ere gurea behar du izan"

  • Kontatze-aditze hutsa baino, istorioak harekin partekatzea bilatzen du Xan Errotabeherek. Hendaiako mediatekan harrapatu genuen. Poto batetik barraskiloa bizirik atera, lurrean laga eta harena eginez sorgindu zituen bertaratutako haurrak. Baita haien gurasoak ere.
Xan Erotabehere

Duela lauzpabost urte hasi zinen ipuin kontaketan, irakaskuntzan erretreta hartu ondoren. Nolatan?


Hazparnen irakasle nintzelarik, euskara eta ingelesa erakustea zen nire lana. Biziki zaila izan zen hastapena, euskaran bederen ez baikenuen programarik. Antzerkiak egitea zen programa. Pittaka-pittaka antzerkiak sortzeko eta emateko ohitura hartu genuen. Eta erran behar da sekulako bultzada ematen ziela haurrei. Beren burua besteen aurrean baloratzen zuten euskaraz, eta biziki baikorra izan zen hori.
Erretreta hartu nuelarik, galdatu zidan guraso batek –kontalaria da bera– ea zerbait egiten ahal nuen, eskaera handia zegoela eta jendea behar zela. Horrelaxe hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan.

Autodidakta zara?


Koldo Ameztoirekin aritu nintzen pixka bat, gero hainbat taldetan. Hegoaldean ere izan naiz, entzuten eta kontatzen. Esaterako, Getxon, Iparraldearen Astea deiturikoan. Han haur handienekin aritu izan naiz, eta helduen istorioak kontatu dizkiet... Iparraldean ipuinak ttikientzat dira, ez dute pentsatzen helduentzat ere badela zer kontatua, badirela sekulako istorioak. Bertsolaritzak itzal luzeagoa du, ospe handiagoa, eta beste jardunak itzaltzen ditu, ipuingintza ere bai.


Zer da zuretzat zailena?


Haur ttikienekin aritzea. Psikologia aldetik ez ditut sobera ezagutzen, mugitzen dira, inoiz ez dakizu non diren, gaiak hautatzeko ere zalantza gehiago izaten da. Halaz ere egiten dut eta beti ikasten da zerbait. Non den galdera, hara joaten naiz.

Denetarik bada zure errepertorioan: ipuin herrikoiak, egile ezagunenak eta zuk asmatutakoak.


Sekula ez da erraten ahal ipuin osoa zeurea denik, beti bada besteren bati hartutakoa: hastapena, halako erreferentzia...

Idatzi ere egingo dituzu.


Hala da. Badut lagun bat ipuinak sekula idazten ez dituena, baina ni irakaslea izan naiz eta horren beharra dut. Hori da nire akatsa. Istorioa idatzi egin behar dut, ondo finkatzeko, edo seriotasuna har dezan... Gero, istorioa dudalarik, gertatzen da istorio horren hamar aldaki ere pila daitezkeela. Udan, esaterako, helduekin aritu naiz baina haurrentzat ez. Tarte horretan, haurrentzako ipuinak ahantzi ditut pixka bat, eta idatzi behar izan ditut berriro, zabar eta laster, xatar batean nahi baduzu, baina idatziz eman. Hori da nire modua.


Baina ez dituzu argitaratzen.


Ez. Herria aldizkarian istorioak idazten ditut tarteka. Joanes Bordazar ezizenez, seiko taldetxoa aritzen gara. Helduentzako istorioak dira, nagusiki Jainkoa, jendea eta bizia gai hartuta, morala ere badutenak. Nik ez dut morala besterik gabe ateratzea maite. Nahiago dut exenplu baten bidez eman, edo elkarrizketa moduan, nahiago dut nonbait kokatu, sukaldean, zaharren etxean...

Memoria onekoa zara?


Gurea ez da memoria kontua, filmaren antza du, gauza batek bestea ekartzen dizu. Ez dut sekula buruz egiten. Lehenik idatzi egiten dut, aurretik esan bezala, oroitarazteko, baina gero ahantzi egiten duzu formula. Baduzu haria, eta hari segitzen diozu. Adibidez, zure etxetik lantokirako bidea ongi ezagutuko duzu, eta ohean etzana zarelarik, begiak itxita, bide hori berregiteko gauza zara, toki batera heltzen zarelarik, badakizu hurrena zer datorren. Istorioetan horixe bera gertatzen da.

Hiztegia, esamoldeak, euskara maila bera, heldu zaren tokira egokitzen duzu, bertaratu zaizun publikora, eta askotan martxan, ikusi dudanez. Ongi ezagutzen duzu Euskal Herria.


Ez da sekula ondo ezagutzen. Batuak laguntzen du. Kostaldean, adibidez, bost axola zaie molde bat edo beste. Baina Donapaleun edo Baigorrin ez dute sobera maite batua. Han kasu handiagoa ematen diote hizkerari, euskalkiari, beren esamoldeei, eta egia da istorioa egokitzeko, geurea bezala sentitzeko, mintzairak ere gurea behar duela izan.
Hirian euskara karrikakoa da, oraingoa, nahasia. Nik normalean horixe daukat, batuak eman diguna, mestizazio hori ona atzematen dut, denak aberasten garela iruditzen zait. Baina denak ez dira iritzi berekoak, “batua delako hori arrotza da, espainola da”, esango dizute. Baina gero eta guttiago, egia esan. Kazetaritzak asko laguntzen du, telebistak, irratiak... ohitura sortzen da eta ikasi egiten da, bereziki hiztegia. Aditza da beharbada sartzen ez dena.

Adinaren arabera ere moldatzen dituzu istorioak.


Sailkapena nahiko ongi egina dut, baina hala ere gertatzen dira ezusteak. Batzuetan gai bat galdatzen digute, adibidez udazkena, emanaldi trinkoa, eta horretara egokitzen duzu zerrenda. Baina beharbada istorioren bat ez da sartzen, dena delakoagatik... Oso sentsazio txarra da, biziki mingarria: huts egitea eta euskaraz! Frantsesez aritzen naizenean ere gertatzen zait, baina ez dut minik hartzen, berdin zait, ofizioaren partetzat hartzen dut. Baina euskaraz, oi-oi.

Zer egiten da horrelakoetan?


Itzulipurdi bat egin eta ekitaldia moztu. Batzuetan saiatzen zara, errekuperatu nahi dituzu, baina alferrik da, hobe da bukatzea. Ez da biziki usu gertatzen, hala ere.

Haurrak kontakizunaren parte bihurtzen dituzu.


Antzerki moduan egiten dut. Galderak egiten dizkiet, edo erranaldi ttikiak eman. Euskara bultzatzeko eta praktikatzeko biziki ona da. Haur bat jokoan sartzen bada, besteak ere sartzen dira eta euskaraz egitea oso ongi da.


Eskola elebidunetan aritzen zara askotan. Nola ikusten dituzu bertako haurrak, haien mintzaira?


Uste dut nahikaria badela, gurasoek eta haur gehienek ikasi nahi dute, baina gero ordutegia biziki txikia da eta eskolatik kanpo ez da praktikatzen. Ez dut uste egoera onean denik.
Ez ditugu bide onak hartzen. Euskara ikastekotan eta erabiltzekotan, ikastoletan bezala behar litzateke. Gero esango dute lau urte eman ostean ez dutela deus handirik ikasi. Eta betikoa, etxean hitzik egiten ez dutenez, hau eta beste antolatu behar litzatekeela esango dute, euskara kanpoan bultzatu beharko litzatekeela. Ikastoletakoek ere berdin.
Baina ipuinaldiak edo bestelako ekintzak antolatzen direlarik, mediateketan-eta, jendea ez da mugitzen, edo oso gutti.

Horma-irudiak ere baliatzen dituzu, eta beste hainbat elementu: benetako barraskiloak, gaztainak, garia...


Hizkuntza maila oso apala denean, beharrezkoak dira marrazkiak. Hitz egingo ez badute ere, beti ulertuko baitute zerbait. Nolanahi ere, ipuinak interaktibo egiten saiatzen gara.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude