| I Asteleheneko resaka: korrika eta presaka, iratzargailua saka. Goizeko seiak, hasia nago zaunkaka gaizki esaka: “Kaka! Ta bi aldiz kaka!” Etxetik irten ta, kanka! Berriro sartu det hanka. |
II Lau hankakoen kasoa, goizeroko arazoa, bertso sail batek jasoa. Sudurrak behar ditugu libre eta zorroztua soa: kendu begiko lausoa, kontu non eman pausoa... minatu dute auzoa. |
III Hustu ezkero barrenak, daramala dakarrenak, emeenak nahiz harrenak; multa, eskari, amenazuak... bat, bi, hiru… hamarrenak; alperrik dira arrenak! Nonahi daude aztarrenak; hanka bikoak txarrenak! |
| IV Hitz txarrik zeinek ixuri? Pintto, Lagun, Laika, Txuri... handi, txiki, argal, guri... Txakurren menpe bizi beharra egokitu zaigu guri. Zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi; zenbat mutur ta irudi! Zoologikoa dirudi! |
V Arkakuso ta barkazta, nahiz etxean sartu, zasta! Begiak itxi ta basta. Eske txakurrak ligatzeko ere ba omen du arrakasta: - Ze pedigria, ze kasta! - Ze fin egiten dun hazka! - Zure begi berak dauzka. |
VI Beste moda bat doi-doia: indarraren arrazoia; handienaren galoia. Borrokarako zakurren grinak ere orain jo du goia: Rodwailerraren sasoia; Pitt Bullaren armazoia... tigrea eta lehoia. |
| VII Lehoi, tigre, basakatu... herriak piztiz kargatu; baietz hamar azkar batu. Kontra egitera behartuz gero, hobe da ondo armatu! Nahiko bazenu ausartu, bakea jartzera sartu: protesi bat enkargatu. |
VIII Trabak luze-laburrean azaltzen dira aurrean, nola mendiak Tourrean. Opariren bat nahi ez duenak hankape, hankezurrean: hartu makila urrean, jarri pintza sudurrean, ta begirada lurrean. |
IX Garai bateko beldurra: ostikoa ta egurra, txakur gaiztoek segurra. Gaur berriz ondo orraztu eta azkazalak limaz urra; nahiz mantaz estali lurra, nahiz kremaz busti muturra, zakurra beti zakurra. |
| X Eten gabeko katean, multak etxeko atean, nituzke instant batean. Nire beharrak eginez gero, paseatzera joatean... Utzi nazaten bakean espaloi eta parkean, jarriko naiz lau hankean. |
|