Makulu

landareak
Adarjotzaileari harpa erakusten dion lagunak, Bengalako banyaz, Ficus benghalensis, ari ginela, galdera luzatu dit: nola arraio liteke zuhaitz bakar batek 20.000 metro koadro itzalpetzea? Hasteko, galanta izanda. Eta segidan, sekula bukatzen ez den hazkundea eraikiz. Zuhaitzaren trikimailua: adarrak zabaldu eta tarteka goitik behera sustraiak luzatu, lurrera iristean itsatsi eta adarra areago zabaltzeko makulu izango diren sustraiak. Sustrai makulu hauei zutabe sustraiak deitzen zaie. Zutabeak adarra bermatzeaz gain jaki berriz hornituko du, adarra nahi ahala hazi eta luzatuko da eta zuhaitzak ikaragarrizko zabalera hartuko du.

Sasoi honetan tankeratsu bermatuta ikusten ditut nik beste arbola batzuk, baita hemengo pikondoak ere, Ficus carica, baina batez ere sagarrondoak, Malus x domestica. Aurtengoa bezalako sagar urteetan sagarrondoen adarrek izugarrizko sagar-karga hartzen dute eta nola-hala ez balitzaie lagunduko eraitsi eta krak, zartatuko lirateke. Belauneko katilua hautsia duenari bezala, sagarrondo zamatuari makuluak eman behar. Txardangoak jartzen zaizkio adarrari, hautsi gabe eutsi eta gero azpian sagarra biltzeko modua izateko. Eusteko soilik izaki, sagarrondoaren adarra ez da askoz gehiago zabalduko, txardangotik elikatuko balitz beste upeleko sagardoa litzateke. Gaztaina (Castanea sativa), haltza (Alnus glutinosa), hurritza (Corylus avellana), eskura dagoenarekin egiten da txardangoa, baina adar bat erditu eta bitan banatzen den urkila berezkoa behar du. Kanaberak, adibidez, ez du balio makulutarako. Dena delakoaren espezieko kanabera izanagatik –kanabera bera, Arundo donax, edo banbuak, Bambusa sp. etab.– ez du txardangorik izango eta ezin euste lanerako erabili. Beste lan batzuetarako, aldiz, paregabea da kanabera. Esate baterako, banya erraldoiaren lurralde haietan aldamio egituretarako darabilte. 40 solairuko etxeei edo forma harrigarriei eusteko bikainak.

ASTEKARIA
2010ko urriaren 24a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude