Habbakuk, proiektu izoztua

ontziak
Goian izotzezko ontzia sortzeko bidean, Kanadako Patricia aintziran egin zuten prototipoa. Azpian, izotzezko itsasontzi erraldoiaren planoa; Nimitz hegazkin-ontziak eta Yamato korazatuak ñimiñoak dirudite haren ondoan.www.photobucket.com
Londres, 1942. Bigarren Mundu Gerra betean, alemaniarren nagusitasuna, japoniarren mehatxuak areagotua, gero eta nabarmenagoa zen Ozeano Atlantikoan. Nazien teknologia aurreratuaren aurkia borrokatu behar ziren aliatuak, eta Winston Churchill edozein proposamen entzuteko prest zegoen. Geoffrey Pykeren proiektuaren berri izan zuenean, berau gauzatzeko laguntza osoa ematea erabaki zuen. Inoizko itsasontzirik handiena eraikiko zuten, izotzez! Makina berriak eraikitzeko altzairurik ia ez zen geratzen Europa osoan, baina izotza nonahi topa daiteke eta flotatu egiten du.

Hala, Habbakuk proiektua abian jarri zuten. Baina izotzaren propietateak hobetu behar zituzten, gogorragoa eta konpontzen errazagoa izan behar zuen etsaien erasoei aurre egiteko. Izotza egur orez nahasi zuten eta material berriari Pykrete esan zioten proiektuaren sortzailearen omenez. Baina izotzak, mugitzean, fluxu plastikoa deritzon fenomenoa eragiten du eta horrek ontzia hondoratuko zukeen. Hori saihesteko materialak –16 gradutan egon behar zuen eta horrek hozte sistema konplexua eskatzen zuen.

Oztopoak oztopo, Kanadako Patricia lakuan 9x18 metroko prototipoa eraiki zuten. Emaitza positiboa izan zen. Kanadako gobernuak izotzezko hegazkin-ontzia 1944an prest izango zela adierazi zuen. Baina benetako ontzia 610 metro izango zen luze, kroskoak hamabi metroko lodiera izango zuen, 300.000 tona egur ore, 25.000 tona zuntz isolatzaile, 35.000 tona egur eta 10.000 tona altzairu beharko ziren hura egiteko... Kostuak izugarri egin zuen gora eta, gainera, fluxu plastikoak eta beste arazo batzuek ez zuten oraindik konponbiderik.

Pyke berak sortutako proiektutik egotzi zuten eta handik gutxira bere buruaz beste egin zuen. 1943an proiektua garestiegia eta bideraezina zela ondorioztatu zuten ingeles armadako arduradunek eta proiektua bertan behera geratu zen. Patricia aintziran utzitako prototipoak proiektuak baino gehiago iraun zuen, baita gerrak berak baino gehiago ere; hiru uda behar izan zituen erabat urtzeko.

ASTEKARIA
2010ko urriaren 24a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude