argia.eus
INPRIMATU
Egia da, aitor dut
Jose Luis Padron 2010ko urriaren 20a
Zoriontsu nintzen, zoriontasunik ez zegoela sinestarazi ninduzuen arte. Zoriontsu nintzela adierazten nuen bakoitzean, ez zidan inork sinesten. Zoriontsu nintzela esaten hasi, eta berehala heltzen zitzaizkidan desgraziak. Oraingoan zer hartu duzu hola tontotzeko?

Esan ezazu bertan atrebitzen bazara. Zer gezur kontatuko diguzu? Horrela ziztatzen ninduten. Gizakia zoriontsu izan daitekeenik pentsatzea ere ezinezko baita. Zoriontsu nintzen, bai, baina nire zoriona bezain handia zen nire bakardadea. Oso bakarrik nengoen, erabat ero edo libre dagoen pertsona bezala. Eta zoriontasuna bakar-bakarrik eta ero-ero edo libre-libre zaudela bizitzeak ez dauka inolako graziarik. Zoriontasuna ezin eramanezko laidoa zen. Niretzat hura gogaikarria zen ezin gehiago. Nik erabaki beharrekoa zen zoriontasunarekin gelditu edo aldegitea.

Orduan nire depresioaz, nire tristeziaz, nire zoriontasun ezaz mintzatzen hasi nintzen lau bazterretan, eta mundu guztiak sinestu zidan: eginahalak egiten nituen kanpoan eguzki-argia ala ekaitza egin eguraldiarengatik beti haserre jartzeko, batez ere igandetan; koloretsua zen arropa guztia bota nuen nire arropa-armairutik, beltz huts-hutsez janzten hasi nintzen nire bizitzako ekimen guztietan, bereziki urtebetetzetan; gorrotoz begiratzen nien saltsa dantza-ikastaroetan zebiltzanei, piperrik ere ez zitzaidan inporta ez dakit nongo Isabel lehengusina haurdun zegoela entzuteak, eta deskuidoan, izorrai, herriko Isabel guztiak haurdun geratzen ziren hilabete hartan; ni ere bost oinaze eta neke sufritutakoa nintzela erakusteko goren-goreneko eszena tristeak antzeztu nituen etxean eta tabernetan, poesia idazten hasi nintzen, poesia ilun-iluna, zoritxarrari nion nire maitasun eta nire fidelitateari buruzko poemak, eta saritu egiten zidaten han eta hemengo literatur lehiaketetan, Kritika Saria ere eman zidaten 1997an, kontuak atera; lagunak egin nituen barra-barra, lagun oso zoritxarrekoak, lagun dohakabeak, elkarren kontra estu-estu eginda ibiltzeko kopuruan, batez ere euskal idazle, artista, intelektual eta kulturako jendearen artean, eta denok ados geunden, denok, Frantziako komedia existentzial baten aurkezpen egunaren ondoren, zoriontasuna –homosexualitatea elizarentzat bezala– zerbait antinaturala zela azpimarratzen genuenean, desesperantza bortitza lagun onartu nuen nire izaera berri sentikorraren barru-barruraino. Gustua hartu nion.

A ze plazera nire zorigabea azaldu ahal izatea, a zer plazer handia. Zer pozik jartzen nintzen jendearekin nire bizitza tamalgarriaz elkarrizketan aritzen nintzenean, zer pozik ni, eta zer pozik haiek ere, sorginduta bezala entzuten nindutenean, pozez zoratzen, psikoanalistaren arreta biziaz. Urte zoriontsuak haiek! Nire bokazioa zen, tipo benetan tristea izatea. Eta hala izan naiz, gaur arte. Baina garaia joan da, joan! Inguruan ez da ezer aldatu, baina ni bai. Entzun orain nire aitorpena, ene oihua: Ahiturik nago! Asperturik! Nazkaturik! Zoritxarrekerietan gastatu ditudan berrogei urteen ondorioz! Gehitxo da! Aski! Egia da, aitor dut, ez sozialista, ez kapitalista, ez faxista, ez komunista, ez hinduista, ez musulmana, ez kristaua, nik orain eta hemen zoriontsu izatea erabaki dut, eta munduan ez dago ezer nire erabakian atzera eragingo didanik! Aditzen? Ez izan esperantzarik nire erabakia ezetsiko dudanik! Zoriontsu izaten debekatzen didazuen zibilizazio, gizarte, eliz, elkarte, alderdi politiko guztietako bazkide tristeak, poza eman nahi al didazue? Zoazte pikutara!