Bihartean-etik... Bosthartean-era

Joan den astean Euskal Herriarentzako garrantzitsua eta oso positiboa den albiste sozio-ekonomiko eta politikoa izan dugu: Bihartean jaio da. Gipuzkoa eta Baionako merkatal ganberak –azkenekoak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako enpresak biltzen ditu– batuko dituen erakundea da, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria garatzeko asmoz sortua, besteak beste, merkataritza, zerbitzuak, industria, formazioa eta berrikuntza arloetan. Helburu ekonomikoak dituen “mugaz haraindiko” lehen europar egitura da eta Europar Batasuneko finantzaketa jaso du. Organismo berri horren sorrera lau herrialdeetako enpresen artean egindako ikerketaren ondorioa da. Horretarako, 1.400 enpresei inkesta bana egin zitzaien: 900 Gipuzkoakoak eta 400 Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoak. Inkesta horietatik ondorioztatzen denez, enpresen %42ak harremanak ditu aldameneko herrialdearekin eta Gipuzkoako enpresen %34ak bere produktuak Ipar Euskal Herrian saltzen ditu. Horrelako inkesta bat Bizkaia, Araba eta Nafarroako gainerako enpresen artean eginez gero, emaitza nahiko antzekoak izango lituzke.

Ongi etorria izan dadila Bihartean. Lehenengo pausoa izango ahal da Euskal Herria instituzionalki, sozio-ekonomikoki eta politikoki hezurmamitzeko, eta modu horretan, arrazoi guztiz politikoengatik Espainiako eta Frantziako Estatuek inposaturiko lurralde banaketa ezabatzeko. Nahiz eta enpresa harremana, hurbiltasunagatik, estuagoa izan Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriaren artean, beste euskal herrialdeek ere (Bizkaia, Araba eta Nafarroa) merkatal erlazio garrantzitsua dute Iparraldearekin. Bihartean sortzea beharrezkoa bada, Bosthartean sortzea ere beharrezkoa litzateke, bost euskal merkatal ganberak batuko lituzkeen erakundea. Horretarako borondatea eta sendotasun politikoa eduki behar dira, Espainiako eta Frantziako interes politikoak hori eragozten saiatuko baitira. Lehenengo pausoa eman da jada. Zergatik ez beste batzuk ematen segi?

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude