Jendeak isuria bezala ematen zuen atari barrenetik San Antonio kaleko espaloira, Gasteiz erdialdean, eguerdi betean. Ingurukook mandatuak egiteko itxuran genbiltzan (ni neu ogi eske nindoan, bai eta Sarriren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako nola Ramon Flecharen Compartiendo palabras liburuak eskuratzera ere). Pertsonen ilara luzea bezain ñabarra zen. Hantxe erabaki nuen argazki makina ateratzea, errealitate puska hori biltzeko, etxera eramateko, solasean lagunekin partekatzeko. Froga garbia erdietsia nuen inondik ere: prestazio sozialei buruzko informazio-bulegoa etorkinez josita dago. Eurek xahutzen dituzte geure sosak.
Argazkiek beti erakusten dute erakusten dutena, gustatu ala ez. Hor ez dago tranparik, ez iruzurrik. Diskurtso progreak ezin du magal gozorik aurkitu halako ebidentzien ondoan: diru-laguntzak etorkinen artean banatzea bidegabea da.
Argazkiek erakusten duten hori bakarrik eta soilik erakusten dutelako, behar ditugu argazki asko, politikoki zuzen jokatu gabe, mundu konplexu eta nahasi hau argazki bakarrean bildu nahi izateko asmo inozoan erori gabe.