Pertsona izaten hezi liburu didaktiko eta praktikoa da. Ariketa fisikoa, ibiltzera eta meditatzera gonbidatzen duena.
Zentzu horretan, jarduera intelektuala, bitarteko edo baliabide bezala, gure bizitza eraldatzeko gainbaloratu dagoela esan nahi dugu. Hau da, pentsatzen eta pentsatzen, gauzak aldatuko ditugula pentsatzeko joera dugu. Neurri batean ongi dago uste hori, jarduera intelektuala eta erreflexiboa beharrezkoa da, baina errealitatea batez ere eraldatzen duena barne esperientzia da, esan nahi baita, jarrera espirituala. Jarduera intelektualaz eta erreflexiboaz harago doana, nork bere buruarekin esperimentatzeari lotua dagoena.
Halaber, alde afektiboak laguntzen digu bizitza eraldatzen, beste pertsona batekin alde horiek kontrastatzeak transformatzen gaitu, ekintzak eraldatzen gaitu. Bizi dugun gizartean, eztabaidan ari gara eta askotan, gogoeta intelektual soilaren bitartez egoera transformatuko dugulakoan gaude. Askoren ustea eta joera hori da. Hori egia da neurri batean. Izan ere, bizitzan izari edo dimentsio gehiago behar dira, hala nola, isiltasuna edota meditatzea, paseatzea edo ariketa fisikoak egitea. Dimentsio horiek laguntzen dute pertsonaren eraldaketan, baita bere inguruaren transformazioan.
Pertsona hezteko, geure izaera mugatua dela onartzea gakoa dela diozu. Esate baterako, ondokoekin diferentziak negoziatzeko unean.
Mugatuak garela onartzea abiapuntu funtsezkoa da edozein egoeran. Onarpen horrek hobeto kokatzen gaitu pertsonak bezala munduan eta bizitzan. Bestela esanda, mugatuak garela onartzeak izan gaitezkeena hobeto erakusten digu. Gure akatsak eta gure ondoan –testuinguruaren arabera– ditugunen akatsak onartzeak haiekin negoziatzen laguntzen digu.
Negoziazioaren arazoa hau da: bi abiapuntutik hasten gara negoziatzen, gure mugak eta akatsak erraz ulertzen eta barkatzen ditugu, baina besteekin oso gogorrak eta exigenteak izaten gara. Negoziazioa gure gainean proiektatzen dugun exigentzia mailaren –edo idealaren– arabera planteatzea akatsa da. Gure izaera mugatua eta negoziazioa oso lotuta daude.
Ismoen ondoko garaian, insistentzialismo etikoa proposatzen duzu.
Zazpigarren ikaskuntzari lotua da insistentzalismoa, pazientziaren plusari. Baketik-en pazientziaren ideia berreskuratu nahi dugu. Pazientzia bizitzako zailtasunei aurre egiteko pertsonak daukan bitarteko natural eta printzipalena dela diogu guk, betiere, zailtasunak patologikoak ez direnean. Horretarako, ezinbestean, bitarteko ez naturalak daude. Pazientzia gurekin dugun baliabide naturala eta berebizikoa da. Insistitzen jakitea –eustea edo konstantea izatea– bizikidetzarako pazientzia garatzea da, hobeto bizitzeko ariketa alegia.