Eduard Girbal Jaumeren miraria

  • “Kultura katalanaren historia osoko gertakari literario garrantzitsuenetako batek bost urte bete berri ditu” idatzi du Lluís Bonada kritikariak El Temps astekarian, abuztuan, Eduard Girbal Jaumeren L’estrella amb cua nobela hizpide. Esaldiak arreta deitzen du, baina ez luke aparteko interesik sortuko, detaile txiki batengatik ez balitz: nobela 1919koa dela.
Eduard Girbal
Eduard GirbalEl Temps
Hauts eta sits artean pasa du ia mende bete Girbal Jaumek, harik eta 2005eko martxoan Edicions de 1984 etxeak, Enric Cassases poetaren gomendioz, L’estrella amb cua argitaratzea erabaki zuen arte. “Garcia Marquezek sinatzeko modukoa” Bonadaren iritziz. Eta soka ekarri duena. Urtebete beranduago, 2006ko otsaila, idazle beraren bigarren nobela publikatuko da, La tragèdia de cal Pere Llarg, Llibreter sariko finalista izango dena. Bonadaren aburuz XX. mendeko nobela katalan onenen aldarean lekua dute bi liburuok, nahiz eta eguneroko prentsak, aldizkariek, irratiek, telebistak eta unibertsitateko filologoen gremioak ez dien merezitako traturik eskaini.

Nor zen Girbal Jaume eta zergatik egon da tiraderan XXI. mendera arte? 1881ean Gironan jaioa, 9 urterekin galdu zuen ama eta 15ekin aita. Prentsan erruz egin zuen lan, espainolez eta katalanez. Gazte ekin zion literaturari ere: 1905erako hasia duzu Lore Jokoetan parte hartzen eta hiru urte beranduago kalean izango du lehen poema liburua.

Gazte denboretan idatzitako obrekin ez zuen zirkulu literarioen errespeturik irabazi. Sariak bai ordea, eta horregatik, ez zen gehiegi ahalegindu estilo sendoagoa xerkatzen. Pompeu Fabrak proposatutako hizkuntz-erreformari buruzko eztabaidak bete-betean harrapatuko du gainera, eta kontra egingo du, askatasun ortografikoaren aldeko diskurtsoekin; Girbal Jaumeren ustez, idazle bakoitzak nahierara idatziz gero, bukatu egingo da behingoz gizarte katalana banantzen duen afera eta inposiziorik gabe batuko da hizkuntza.

Jarrera horregatik beharbada; agian Lore Jokoetan parte hartu izanagatik; biengatik apika, Herrialde Katalanetan Girbalen irudi okerra nagusitu zen Bonadaren ustez. “Sakristia kiratseko” poetatzat jo zuten, eta aurrerago idatzi zituen bi nobelak, hizkera herrikoia erabiliz onduak, ez ziren irakurle askorengana iritsi. XXI. mendera arte. Eta juzku oker baten erruz gainera, El Tempseko kritikariak dioenez L’estrella amb cua Josep Roca i Rocari eskainia baitago, kazetari satiriko eta antiklerikala bera.

Nolanahi, Girbal Jaumek izan du justiziarik azkenean. Berandu oso, baina iritsi da irakurleengana. Galdera egiteko parada eman du, ordea: izango ote dira antzeko gehiago letra katalanetan? Eta euskal literaturan? Ez ote dago baztertutako orri-mendian mendea pasata irakurtzea mereziko duen urre-pipitarik?

Kurt Wolff-ek –Franz Kafkaren eta Franz Werfelen editorea– behin sartu zuen hanka. Ez zuen Oswald Spenglerren Mendebaldearen gainbehera publikatu nahi izan eta, beste editorerik aurkitu izan ez balu, batek daki noiz izango genuen liburuaren ezaguera. Denok humanoak baikara, baliteke euskal editoreren batek inoiz tankerako akatsik egin izana. Ez haiek bakarrik: hedabideen  galbahetik ere zenbat liburu on ez ote dira batere konturatu gabe irristatu. Urteek esango dute, eta urre urdinaren lurrina usaintzeko gai direnen abileziak.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude