argia.eus
INPRIMATU
"Jendarteak asko ikasi du sufrimenduaren eraginez"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 07a
Arantzazuko Gandiaga Topaguneraino bide egin dugu. Baketik zentroko zuzendari Jonan Fernandezekin solastatu gara. Bakerako ikasketen eta egitasmoen topagunea da Baketik. Pertsona izaten hezi liburua izan dugu solasaren ardatza. ARGIAk datorren astean kaleratuko duen elkarrizketaren aurrerapena duzu hurrengo testu hau.

Liburuak ikaskuntzak eskaintzen ditu. Enpatiaren plusa ataletako bat da. ARGIAko 2094. zenbakian (2007-06-24) Larrun gehigarrian (PDF) euskal gatazkaz eztabaidatu genuen. Horrela zioen titular nagusiak: “Biktimekiko enpatia eza gatazkaren sintoma larria”.

Hiru urte luzeren ondoren, hona Jonan Fernandezek enpatiaz eta gatazkaz esandakoa:


Gizarte hau asko aurreratzen ari da bizikidetzan. Giza eskubideak nahiz gizaki arteko enpatia bereganatu beharraz jabetzen ari da. Jendarteak asko ikasi du sufrimenduaren eraginez, sentsiblegoa da sufrimenduaren aurrean. Iraganean, urte zenbaitetan, motel ibili ginen, baina sentsibilitatea onduz eta garatuz goaz. Aldaketa garaiak bizi ditugu. Baketik-etik, datozen aldaketek elkarbizitza eta errekontziliazio prozesua uztartzeko aukera eman daitezen desiratzen dugu, sare sozialak ehunduz eta lotuz joan daitezen.

Gizarte gatazkei aurre egiteko bide orria irudikatu dugu eta bidean abiatzeko Pertsona izaten hezi liburuko lau premisa sartu ditugu gure zakuan: izaera mugatua, esker ona, kontzientziari entzutea eta giza duintasuna. Hona Jonan Fernandezen hitzak:



Lau oinarri horiek edozein testuinguruan aplikatuak baliagarriak dira. Demagun, trauma bat, eritasun bat edo istripu larri bat jasan ditugula edo senitarteko heriotza bizi dugula. Nola heldu horiei? Nola onartu galdu duguna?

Bat: horiek onartzeko, gure izaera mugatua dela onartu behar dugu.

Bi: baloratu behar dugu bizitzan zenbat gauza on dugun bizitzen jarraitzeko: seme-alabak, lagunak, lana, proiektuak.

Hiru: pentsamendu zuzenak behar ditugu, kontzientziari kasu egin behar diogu.

Lau: galdu duguna galdua ere, nork bere lekua dauka munduan. Familian, lagun artean, auzoan, lantegian. Horiek guztiak dira giza duintasunaren abala.