Gipuzkoa bost zentzumenekin du izena Kutxak Euskal Herriko herrialde horri buruz argitaratu duen liburuak, baina begiei, ikusmenari emango die bazka liburuak, batez ere. Irudi ikusgarriak eta luma trebeak uztartuta egindako lana da: Gipuzkoaren irudi koloretsu, ugari eta biziak eskainiko zaizkio irakurleari orrietan barrena. Testuak, aldiz, herrialdeko idazleek sinatu dituzte: Harkaitz Cano, Mariasun Landa, Xabier Lete... Helburua, Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak sarreran dioenez, Gipuzkoa berraztertzeko modua eskaintzea da, lurraldea ikuspuntu globaletik irudikatzeko. “Introspekzio ariketa” gisa definitu du Iturbek azal gogorreko liburu mardul hau.