Nori inporta zaio artea?
Ez pentsa, ni ere askotan gehiago erakartzen nau kiroldegira edo hondartzara joateak museo batera sartzeak baino. Baina artea, gastronomia bezala, erlijio modukoa bihurtzen ari da.
Falta zena, erlijio zaharrak aski ez, eta berriak sortzen!
Ez zaizu iruditzen afari on ala erakusketa sujerente bat bezalako gauza txikiek mundu kaotiko honetatik salba gaitzaketela?
Artearen merkatu kaotikotik kritika batek salba zaitzakeela iruditzen zait niri.
Baina zer kritikak? Pentsa, askotan, ondo edo gaizki, eskaparatean egotea da kontua. Desagertutzat jotzen zaituzte bestela, baina ez zaio inori burutik pasatzen ni eskaparatean nagoenean ez naizela estudioan lanean ari.
Genero ikuspegia da batzuengandik desagertu dena...
Edo ez dena inoiz agertu! Gizonezko askok sekulako arazoak dauzkate emakumeen lanekin identifikatzeko. Emakumeok gizonezkoen lana baloratzeko euren larruan sartzeko ahalegina egin behar dugu, baina gizonezko askok ez dute egiten.
Inozoa ni, artearena mundu aurrerakoitzat neukan...
Emakumeen kasuan zehazten bada, gizonezko artisten erakusketa baten aurrean zergatik ez du inork esaten gizonezkoak direla artista guztiak? Zertara dator tratu desberdintasuna? Ez dugu azpi-sailkapenean egon nahi, testuinguru orokorrean baizik.
Badakizu, munduak eta gelako armairuak ordenatuta beti.
Ez dakit dena papilan ematen digutelako ez dakigun mastekatzen edo mastekatzen ez dakigulako ematen diguten dena papilan, baina elementuen arteko loturak guk egin behar genituzke sailkapenak eta ordenak hausteko beldurrik gabe.
Aspaldi esan zuen Lazkao Txikik artea ulertzen zuena zela artista!
Artea eta artearen merkatua bereiztea geroz eta zailagoa da, eta merkatua ukatzeak zentzurik ez izan arren, lotura eta sentsazioak gure baitan daude. Zer inporta du diskurtsoak, ikusten ari zarenak hunkitu bazaitu?
Artearen merkatua sentimenduek mugitzen dutela sinestea nahiko duzu, ezta?
Ekonomia eta politikaren menpe dagoen boterea iheskorra da, kontaktuz eta koiunturaz osatutakoa. Badakit batzuk egoeraz baliatu direlako daudela hor, baina sinesten dut, joerak joera, ondo egindako lanek beti izango dutela lekua.
Ez dakizu zenbat jende hiltzen den sinetsita!
Ni ere egunen batean hil egingo naiz, eta orduan, nire lana interesgarriagoa izango da!