Gliese 581 izarraren inguruan biraka ari diren beste bi planeta detektatu dira; izarrekiko duen distantziaren arabera, bizia posible izan daiteke horietako batean.
Paul Butler eta Steven Vogt astronomo estatubatuarrek iragarri berri dute aurkikuntza. Horrela, aipatu izarraren inguruan biraka ari diren sei planeta ezagutzen ditugu dagoeneko. Orain arte G581b, G581c, G581d eta G581e planetak ezagutzen ziren, baina ezinezkotzat jotzen da horietan bizia egotea, izarretik hurbilegi baitaude.
Berriki aurkitutakoak Gliese 581f eta Gliese 581g dira. Azken honek 37 egun behar ditu izarraren inguruan bira egiteko, eta beti aurpegi bera erakusten dio izarrari, gure ilargiak Lurrarekin egiten duen antzera. Planetaren alderdi bat beroegia izan daitekeenez eta bestea hotzegia, bi aurpegien arteko eremuan dago probabilitate handiena bizia aurkitzeko.
Aurkitutako beste planetak, Gliese 581f-k, 433 egun behar ditu izarraren inguruan bira egiteko. Astronomoek uste dute izarretik urrutiegi dagoela bizi baldintza egokiak izateko.