Ongizate estatuaren ordezko bila?

Balkaikoa
Jadanik badira berrogei urte ongizate estatua ahultzen hasi zela. Lehenbizi Milton Friedman bezalako ekonomialari neoliberalek teorizatu zuten estatuak ekonomian esku-hartzearen aurka. Izan ere, estatuaren esku-hartzeak ekonomia jarduerari kalte egiten omen dio eta estankamendura eraman.

Keynes eta keynesiarren teoria ekonomikoak auzitan jarri zituzten Friedman eta enparauek, eta teoria horiek praktikan jartzea besterik ez zen geratzen. Horretara heldu ziren Thatcher anderea Erresuma Batuan eta Reagan AEBetan. Gerora, Europako kontinentera ere iritsi dira neoliberalen politika ekonomikoak, batik bat Europar Batasunera (EB). Hor, gehien bat, Europako Batzordea da neoliberalen aitzindaria, ahaztu gabe EB osatzen duten herrialdeetako gobernuak, sozialdemokratenak barne; hauen artean R. Zapaterorena: oroitu zer esaten zuen eta zer ari den egiten.

Neoliberalismoak ongizate estatua mehartzea ekarri du, baina mehartze hori eskandinaviarrek nahiko ondo saihestu dute. Izan ere, herrialde hauetan oraindik estatuak Barne Produktu Gordinaren (BPG) erdia baino gehiago kudeatzen du. Horrek esan nahi du zerga garaiak dituztela eta ondorioz gastu publiko maila esanguratsuekin jarraitzen dutela. Gastu horien artean, gizartera zuzenduak, hain zuzen gastu sozialak, munduko altuenak dituzte. Egoera hori benetako sozialdemokratek babestu dute, nahiz alderdi kontserbadoreek ere ongizate estatuaren ikurrari eutsi dioten.

Bestalde, eskandinaviar herrialdeek jakin izan dute alokairu oparoa, ongizate estatu indartsua eta lehiakortasuna konjugatzen. Gainera, krisialdi honetatik nahiko ondo irteten ari dira. Nola? Bada, hezkuntza sistema etengabe hobetuz, eta, batik bat, Ikerkuntza eta Garapenari lehentasuna emanez, non munduko gastu altuenak baitituzte, Espainiako Estatukoak baino hiru bider handiagoak!

Estokolmoko eskualdean I+Gean egindako gastua BPGren ehuneko 4,5 inguru da eta horri esker lortu dute krisialditik hain erraz irtetea. Hego Euskal Herrian gehien hurbiltzen zaion eskualdea Deba Garaia da, baina beste aldarte diferente batean.
Orotara, adibidez, Suediak gastu sozialetara BPGren ehuneko 32 inguru bideratzen du, Hego Euskal Herriak baino 15 puntu gehiago! Hala ere munduko merkatuetan lehiakor dirau.

Baina dena ez da orain arte bezala izango. Izan ere, hainbat hamarkadatan gidari izan den alderdi sozialdemokrata ahultzen ari da. Horren froga azken hauteskundeak dira, alderdi kontserbadoreek irabazi baitituzte eta beraien programa betetzen baldin badute, klase ertainen zergak arindu egingo dituzte. Eta jakina, ongizate estatua zerga aurrerakorretan oinarritzen bada, horrelako neurri fiskalaren ondorioa ongizate estatuaren arintzea izango da.

Honen guztiaren ondorioz jadanik erantzuna izaten ari da, bai Suedian, baita beste eskandinaviar herrialdeetan ere, hirugarren sektorea, gizarte ekonomia, deritzona ari baita garatzen. Ongizate estatuaren jarduera asko hirugarren sektorea bereganatzen ari da, gizarte zibilak sortutako enpresa sozialetara bideratuz. Ongizate estatuak gizarte ongizateari ateak ireki dizkio. Merkatuak eta estatuak beharrizanak asetzen ez dituztenean, hirugarren sektoreak erantzungo die.

Euskal Herrian ohituta gaude gizarte zibiletik beharrizan publiko zein pribatuei erantzuten. Orain bertan ere ari zaizkigu beharrizan berriak azaltzen eta hauek guztiak asetzeko gizarte zibilak prest egon beharko du, daukagun bizi mailari eutsi nahi badiogu. Eredu politak badaude begiratzeko borondatea baldin badugu.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude