Norabide aldaketa Munilla eta Izetarekin

  • Joan Paulo II.a zenak hasitako inboluzio prozesua Hego Euskal Herriko eliza katolikora heldu da indarrez. Bilbo eta Donostiako gotzain berrien izendapenekin, Vatikanoak, Madrilen laguntzaz, sektore atzerakoiena jarri du agintean. Kristau komunitatea ez da isilik geratu ordea: Bizkaian nahiz Gipuzkoan, haserrea da nagusi apaiz, erlijioso eta laikoengan.
Dani Blanco
Fededun faltan, azken hamarkadetan hautsaz betetzen joan dira Bizkaiko eta Gipuzkoako elizak, mundu katoliko osokoak bezala. Orain harrotuta dago pilatutako hauts hori: Elizan ematen ari den inboluzio prozesua bete-betean gurera iritsi da, eta kristau askoren haserrea sortu du. Ahots kritikoen protestak eragin dituzten arrazoiak lau izen emanda laburbildu daitezke: Mario Izeta, Jose Ignacio Munilla, Joxe Arregi eta Jose Antonio Pagola. Lehen biek –Bilboko eta Donostiako gotzainak, hurrenez hurren– Erromatik datozen haize kontserbadoreak ordezkatzen dituzte; Pagola eta Arregi berriz, Elizaren agintariek isilarazi nahi duten korrontearen ikur bihurtu dira.

Bizitzaren kasualitate horietako batengatik, Joxe Arregik Deustuko Unibertsitatean daukan bulegoaren ondoan elkartu gara Marije Goikoetxea bertako irakaslearekin. Goikoetxea Kristau Sareetako kidea da. Uztailean ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, beste eliztar batzuekin batera, “Neu ere hitzaren eske nator” leloarekin. Arregiren Hitzaren eske nator idatziaren espirituarekin bat egin nahi zuten.

“Gizon eta emakume helduak garen heinean, aldarrikatu nahi genuen geuk ere erabakiak hartu nahi ditugula komunitatearen barruan, besteak beste geure ordezkariak aukeratzeko garaian”, dio Goikoetxeak. Hala, Joxe Arregik eta Jose Antonio Pagolak jasandako tratua ez ezik, Euskal Herrian berriki izendatutako gotzainak aukeratzeko modua kritikatu zuten ekitaldian bildutakoek.

Sektore atzerakoienaren ordezkariak

Ia mende erdi da Vatikanoko II. kontzilioa egin zela. Elizak inoiz hartutako erabakirik aurrerakoienak biltzar hartan hartu ziren, nahiz eta, Marije Goikoetxearen berbak erabiltzearren, “planteamendu hutsean geratu ziren, ez zen hori organikoki garatu”. Hala ere, Eliza barruan askok sinetsi zuten kontzilioak aldarrikatutako norabide aldaketan, eta indar handia egin zuten, nork bere txokoan, hori gauzatu zedin. Munduarekin harreman estuagoa izango zuen Eliza nahi zuten, eta aldi berean era horizontalagoan antolatuta egongo zena. Eliza modernoagoa, garaiari egokitua. Goikoetxearen esanetan, Espainiako Estatuaren barruan Euskal Herriko eta Kataluniako elizek eman izan dute bide horretan aurrerapauso gehien.

Alabaina, boterea hartu zuenetik, 1978an, Joan Paulo II.a Aita Santuak kontzilioa edukiz husteari ekin zion. Prozesuak segitzen du, orain Benedikto XVI.a buru duela, eta azken urtean euskal elizan izandako gertakariak horren isla dira. Zehatzago esateko, esan daiteke Mario Izeta eta Jose Ignacio Munillaren izendapenekin burutu egin dela Bizkaiko eta Gipuzkoako elizen “birbideratzea”, orain dela hamabost urte Ricardo Blazquez Bilboko gotzain izendatuz hasi zena. Den-dena, Espainiako Gotzainen Batzarreko buru Antonio María Rouco Varelak gidatuta. Zeren, Erromatik datozen haize ultrakontserbadoreak Madrildik igarotzen dira Euskal Herrira heldu baino lehenago, eta ez alferrik. Komeni da gogoratzea mundu katoliko osoan gertatzen ari den inboluzio prozesuari, gurean gatazka politikoaren osagaia gehitu behar zaiola.

Vatikanoa alde batera, euskal Eliza bestera

Ezin esan euskal Elizak modernotasunaren gailurra jo duenik, ez barne antolamenduan ez moralaren arloan, baina behintzat, Vatikanoko II. kontzilioaren ildoan sinesten zuten zenbaiten ekimenez, aurrerapauso batzuk egin dira, txikiak izanagatik. Erroman Karol Wojtylak kontzilioa edukiz husten zuen bitartean, Bizkaiko eta Gipuzkoako elizbarrutietan justu kontrako noranzkoan egiten ari ziren. Besteak beste, pastoral kontseiluak sortu ziren. Bertan abadeak, erlijiosoak eta laikoak daude, nahiz eta ez behar lukeen proportzioan, Eliza Gara elkarteko Koldo Rodriguez Bengoak salatu duenez: “Laikoak kristau komunitateen %95 dira, baina ez daude neurri berean ordezkatuta pastoral kontseiluetan”.

Organo horiek praktikan izan duten balioa ere zalantzan jartzen du, orain dela urte bi arte erlijiosoa izan den Rodriguez Bengoak: “Bitan izan naiz Bizkaiko Pastoral Kontseiluko kidea, eta bigarrenez izendatu nindutenean, hura lorontzi bat besterik ez zela esatera iritsi nintzen, lorontzi garestia, hori bai”. Pastoral kontseiluak, hala daude definituta, aholkularitza organoak dira, ez daukate ezer erabakitzeko gaitasunik. Pribilejio hori gotzainak du eta, gotzain berria aukeratu behar denean, Aita Santuak zuzenean.

Estiloak eta estiloak daude, hala ere. Gotzain berria aukeratu behar denean, esaterako, Erromako batzorde bat arduratzen da hiru izeneko zerrenda prestatu eta Aita Santuari aurkezteaz, hark aukera dezan. Zerrenda osatzeko, batzorde horrek nahi duen edonorengana jo dezake kontsulta egiteko. “Niri sekula ez didate kontsultarik egin”, dio Marije Goikoetxeak, “baina beste batzuei bai, eta badirudi azken izendapenetarako horien iritzia ere ez dela eskatu”. Lehengoa gutxi iruditzen zitzaien Kristau Sarea eta Eliza Gara bezalako taldeei; oraingoak haserre bizian jarri ditu.

Atzerapausoa ez da, talde hauen iritziz, hainbestekoa, lortuta zegoena ez zelako gehiegi. Arazoa da Bizkaiko eta Gipuzkoako Eliza, ezarritako gotzainekin, orain arteko bidea eten eta aurkako noranzkoan jarriko dela: “Izendatu dituzten apezpikuek guztiz ikuspegi inboluzionista daukate hasita zegoen prozesuarekiko”, uste du Goikoetxeak, “baina erne, ‘hasita’ diot, ez baitzegoen ezer lortuta”.
    Goikoetxearen iritziz, norbaitek erabaki du II. kontzilioaren filosofiari jarraitzeak hustu egiten duela Eliza, “deskafeinatu”, nolabait. “Joan Paulo II.a Erromara ailegatzeaz batera, analisi hori egin zuten: kontzilioak gure nortasuna galarazten digu. Eta zein da gure nortasuna? Bada, geu gara egiaren jabeak lege naturalari eta Jaungoikoaren hitzari dagokienez”. Jendartearekin harremanean egoteak nortasun hori ahultzen duenez gero, harengandik urruntzen da Eliza. Ez da harritzekoa, beraz, jendartearen zati gero eta handiagoa Elizari bizkarra emanda bizitzea, baita fededun ugari ere.

Moral pribatua, gatazka zaharra

Dibortzio horretan, moral pribatuaren esparruak berebiziko garrantzia dauka. Boterearekin zeharo lotutako esparrua da, Marije Goikoetxearen ustez: “Kasu honetan ezin dut Kristau Sarearen izenean hitz egin, ez baitugu gai honi buruzko barne eztabaidarik izan. Baina nire iritzia da arlo honetan ez dela sekulako aurrerapausorik egin ez Bizkaian ez Gipuzkoan. Historikoki, pertsona jakin batzuek erabaki dute zer den ona eta zer txarra norberaren moralari dagokionez. Jainkoarengandik hurbil dauden pertsonak dira, hau da, abadeak. Gainerakoek hari obeditu beste ardurarik ez zeukaten. Baina eredu horrek ez du balio XXI. mendean bizi garenontzat: gutako bakoitzak libreki erabaki dezake bere sexualitatea, bere bizitza afektiboa zelan bizi, beste bati kalte egiten ez badio behintzat. Vatikanoko II. kontzilioak bere egin zuen balore sistema hori teorian, arazoa da horrek boterea kentzen diela abadeei”.

 Koldo Rodriguez Bengoaren ustez, sexualitatea oso gai garrantzitsua da, Eliza katolikoak kontzientzien kontrol lanabes modura erabiltzen baitu: “Zelibatoa, abadeak ezkontzea... norberaren borondatearen esparruan egon beharko lirateke. Hori oso makurra da. Zuk pertsona bat hartzen duzu oso gaztea denean, ezkontza galarazten dion sistema batean sartzen baduzu, alegia, Elizatik bizitzera behartzen baduzu... Abadeak ezin du beste ogibiderik eduki, oso gaizki ikusita dago, horrek elizaren kontrol ekonomikoa ezabatuko lukeelako. Dena dago lotuta: boterea, emakumea eta sexualitatea, hiru gauza horiek... Eta familia eredua, noski”.
 
Moral pribatuarekiko betiko jarreran temati, eta barne antolamenduarenean  eskuratutako demokrazia zantzu apurrak zapuzte bidean, lan zaila du Elizak arimak bereganatzea, bere agintariek horren beharra behin eta berriz azpimarratu arren. Aldiz, errazago dirudi barneko sektore asko aldenduz joatea, inposatu nahi den eredu guztiz hierarkikoan deseroso. Bizkaiko eta Gipuzkoako gotzain berrien izendapenak eredu horren erakusle argia dira, ez bakarrik egin diren moduagatik, baita aukeratuak izan diren apezpikuen profilagatik ere bai. Biak dira bertokoak, gazteak, euskaldunak eta  kontserbadoreak. Euskal abertzaletasunarekiko kidetasuna nekez leporatuko die inork, gainera.

Ezinegona elizbarrutietan

Hitz lauz esateko, ez Mario Izeta ez Jose Ignacio Munilla ez dira ordezkatu behar dituzten komunitate kristauen gustuko. Zenbakizko datuek kontrako jarrera horren dimentsioa ulertzen lagundu ahal digute. Batetik, Jose Ignacio Munillaren izendapenak  berehalako hainbat erreakzio eragin zituen Gipuzkoako elizbarrutian: Juan Maria Uriarte aurreko gotzainarekin ibilitako bikario orokor biek kargua utzi eta Erromara alde egin zuten, ikasketak aitzakia. Beste bikario bik, Caritaseko arduradunak, gotzaindegiko idazkari orokorrak eta prentsa buruak beste horrenbeste egin zuten, hain urruti joan gabe ere. Hori gutxi balitz, herrialdeko apaizen %77k Munilla izendatzearen aurkako agiria izenpetu zuten.

Gotzain berriak, behintzat, zuhur jokatu du Jose Antonio Pagola bikario ohiaren aferan, eta ez du horretaz iritzirik plazaratu. Hark idatzitako Jesus. Hurbilketa historikoa best-sellerra liburu-dendetatik desagertu da Vatikanoaren presioagatik, eta egileak berak kritika latzak jaso ditu Elizaren sektore erreakzionarioengandik; horren aurrean, joan den martxoan 250 apaiz gipuzkoarrek Pagolarekiko elkartasuna adierazi eta hark jasandako zentsura kritikatu zuten idatzi publiko batean. “Pagolaren kasuak ederto adierazten du elizako agintea noraino heltzeko prest dagoen”, diosku Marije Goikoetxeak, “Pagolaren liburuak jende askori erakutsi dio Nazareteko Jesusi jarraitzea Aita Santuaren aginduak betetzea baino askoz garrantzitsuagoa dela, eta hori ondoegi ulertu da”. Fedea vs. erlijioa.

Esandakoari gehituz gero Joxe Arregirekin gertatutakoa, erraz ulertzekoa da Gipuzkoako elizbarrutian giroa zeharo gaiztotuta egotea. Apaiz, erlijioso eta laikoen portzentaje handi bat aurka duen Munillak urtebete egingo du karguan datorren azaroan. Denbora horretan, etsipena zabaldu da, gipuzkoar elizaren barrunbeak ondo ezagutzen dituen iturri batek adierazi digunez. Jose Maria Setien eta Juan Maria Uriarteren garaietan ziharduten Pastoral Kontseilua eta Apaiz Batzordea geldi daude momentuz, nahiz eta Munillak, ia lerro hauek idazten ari garen une berean, biak berrosatzeko asmoa agertu duen hedabideei zabaldutako pastoral egitasmoan. Ez da kazetariok gotzaindegiaren berri dugun lehen aldia, bidenabar. Egoera deserosoan dagoela jakitun, ematen du Jose Ignacio Munillak irudia landu nahi duela behintzat, azken asteotan Donostiako Artzain Onaren katedraletik iritsi zaigun prentsa ohar uholdea ikusita.

Izetaren aurkako oposizioak urte bi dirau

Bizkaiaz beste horrenbeste esan daiteke.   Goizegi da Mario Izetaren lana epaitzeko, baina dagoeneko agerian geratu da elizbarrutiaren gehiengoak ez duela biziro estimatzen. Izan ere, orain dela urte bi, Izeta Kordobatik ekarri eta gotzain laguntzaile izendatu zutenean, Pastoral Kontseilua aurka agertu zen. Koldo Rodriguez Bengoa Kontseiluko kidea zen orduan: “80 lagun inguru geunden bilduta eta 35ek hitz egin genuen Izetaren izendapenaz; 31k, aurka”. Horrek ez zuen ezertarako balio izan, lorontzia lorontzi baita. Antzuak izan ziren, halaber, une hartan Bilboko gotzaindegian pisu handia zeukaten zenbait ahotsen kexak: salatu zutenez, inork ez zien Izetaren etorreraren berri eman, are gutxiago iritzia eskatu.

Aurtengo ekainean, Bizkaiko 677 abade, erlijioso eta laikok, elizbarrutiko zenbait kargu esanguratsu barne, agiri bat sinatu zuten, eta Renzo Fratini nuntzioari –Vatikanoaren ordezkaria Madrilen– igorri zioten. Idatzian, elizbarrutiko kideek gotzain berriaren aukeraketan parte hartzerik ez izatea salatu zuten. Ordurako, denek zekiten Mario Izeta izango zela hautatua. Azkenean, zer gerta ere, Aita Santuak abuztuan egin  zuen izendapen ofiziala, Bilboko Aste Nagusi betean.

Jesarlekua berotzeko astirik eduki ez duela, ez dago hain argi –ez Munillaren kasuan bezain argi, bederen– Izetak zer giro izango duen inguruan. Laikoen artean ez da estimatua, baina laikoen iritzia, Eliza katolikoan, hutsaren hurrengoa da, honezkero argi geratu denez. Abadeen jarrera, berriz, ez da Gipuzkoakoek Munillarekiko duten bezain erabatekoa, sinadurak sinadura. Izetak ia urtebete dauka orain gotzaindegiko karguak izendatzeko, eta egiten dituen hautuek zeresan handia edukiko dute bere posizioa finkatzeko orduan. Munillak baino abiapuntu lasaiagoa du, ez baitu jasan Donostiako gotzaindegian izandakoaren antzeko “ihesaldirik”. Eliza barruko ahotsen ustez, zuhurtziaz jokatzen badu Izetak posizio erosoa lor dezake, elizbarrutiaren zati esanguratsu bat aurka eduki arren.

Zentzu horretan, adituek funtsezkotzat daukate Angel Mari Unzueta bikario orokorrak hartuko duen bidea. Unzueta izan da azken hamarkadetan Vatikanoko II. kontzilioaren arima hobekien islatu duen gizona Bizkaian. Hierarkian gora egin du, abade gehienak alde ditu, eta beti egon da gotzain kargua eskuratzeko kinieletan ondo kokatuta. Ez du lortu, bistan dena. Izetaren kontrako oposizio mugimendu bat gidatuko balu, gotzaina oso egoera deserosoan geratuko litzateke. Momentuz Unzuetak ez du halakorik egin, eta askoren ustez ez du egingo Izetak bere kargutik bota ezean. Unzueta oraingo lekuan mantenduta, lasai antzean bizi liteke apezpikua.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude